Eskola bizi oparoa
Gaur egun eskola bakarra dauka Busturiak, Jose Maria Uzelai herri ikastetxea. Historian, hala eta guztiz ere, bost eskola eta auzo eskola eduki ditu. Horien guztien historia batu zuten iaz.
Herri txikia, baina hedapenean handia da Busturia. Urteekin asko aldatu da. Belaunaldi desberdinetako herritarrekin batera, Busturiko eskolen historia batu zuen udalak iaz, Labayru Fundazioagaz elkarlanean. Gaur egun eskola bakarra badago ere, Busturiak bost eskola eta auzo eskola izan ditu; “aberatsa” izan da eskola kontuetan.
Lehenengo eskola XVIII. mendearen amaieran kokatzen dute: Eskolatxu. Jose Apraiz Arrospidek utzitako testamentuari esker sortu zen, Altamira auzoan. Bertan, inguruko umeek oinarrizko ikasketak egin ahal izan zituzten.
XIX. mendean, 1886. urtean, hain zuzen ere, On Manuel Mariak mutilentzako eskola bat sortu zuen Axpe auzoan, udaletxearen ondoan. Sei urte beranduago zabaldu zuten, berriz, neskentzako eskola, Axpen hori ere. On Nikolasek eman zion herriari. Beranduago, 1930. urtean, mo-jek hartu zuten eskolaren ardura. Eskola hori eta ondoan dagoen zaharren egoitza Arrotegi Fundazioaren ardurapekoak dira.
1899an, Busturiko Udalak Jose Apraiz Fundazioaren laguntzagaz, Altamira auzoko plazan dagoen eskola egin zuen. Jose Apraiz ikastetxea izan zen luzaroan. Demokrazioa ezarri zenean, baina, gaur egun ikastetxeak daukan izena hartu zuen: Jose Maria Uzelai herri ikastetxea. Gaur egun, bertan batzen dira Busturiko umeak.
Herriko auzo txiki eta sakabanatuetan bizi ziren umeentzako eskolak ere izan zituzten Busturian. Izan ere, XX. mendean sartuta, 1920ko hamarkadan hasita, Bizkaiko Foru Aldundiak auzo eskolen egitasmoa sortu eta burutu zuen. Bizkaian, 130 eskola inguru sortu zituzten, horietako bi Busturian. Paresi auzoan zabaldu zuten bat 1931n, urte bat beranduago, berriz, Larrazabale hasi zen martxan. Gela bakarrekoak ziren biak. Udalak bultzatutakoak baziren ere, auzolanean egin zituzten. Batez ere Larrazabalen jende asko egoten zela dio Busturiko zinegotzi Idoia Etxebarria Otazuak.
1970eko hamarkada erdialdean, trantsizioagaz batera, aldaketa handiak eman ziren ikastetxeetan, bai irakasgaietan bai eta irakasteko moduetan ere. Busturian, hala ere, bost eskoletan sakabanatuta zegoen irakaskuntza bitan batu zen, eta auzo eskolak zarratu egin zituzten. Auzoetako jende asko kanpora bizitzera joan zela jakitera eman du Etxebarriak: “Larrazabale inguruko asko Ameriketara joan ziren”.
Gaur egun, hala eta guztiz ere, zutik daude biak, eta beste zeregin batzuetara bideratuta daude. Paresiko auzo eskola izandakoan udal aterpetxea dago, eta Larrazabalekoa, berriz, gizarte eta kultura zentroa da.
Axpeko neskak eta mutilak ere Arrotegiko ikastetxean batu ziren. 1983ko uholdeen eraginez, eskola zarratu eta udaletxeko batzar gelan eta gizarte etxean eman zituzten eskolak. 1985ean, berriro bueltatu ziren Arrotegira, 1999an betiko zarratu arte. Gaur egun, Irrintzi Alai dantza taldeak erabiltzen du eraikina entseguak egiteko.
Axpekoa izan zen zarratzen azkena; azken urtean zazpi ume baino ez zeuden. «Bideragarria» ez zela esaten zuten. Hortaz, horiek ere, gaur egungo Jose Maria Uzelai herri ikastetxera mugitu ziren. Gaur egun 112 ikasle inguru dauzka ikastetxeak, 100dik inoiz ez dela jaitsi diote. Eskolaz gain, Haurreskola ere badaukate Busturian.
Jendearen erantzuna. Busturian eskolek izan duten garrantzia “itzelezkoa” izan dela azaldu du Etxebarriak. Proiektua garatzeko belaunaldi desberdinetako herritarrak batu zituzten; horien bizipenak batzea zen asmoa.
Herritarrak “asko mugitu” ziren. Udaletik deialdia egin zuten garai desberdinetako materiala batzeko bideoa egin asmoz, eta erantzuna “oso ona” izan zela dio Etxebarriak. Argazkiez gain, mojekin egindako material ugari ere bildu zuten. “Herritarrek orduak eman zituzten gauzak bilatzen. Lehen dena gordetzen zen, gaur egun ez dago horretarako ohiturarik”.
Bideoa grabatzeko, taldeka edo ikastaroka bildu zituzten herritarrak, eta “gustura” parte hartu zuten: “Euren bizipenak batu gura izan ditugu. Izan ere, garai bateko hezkuntzak ez zeukan zerikurik gaur egungoagaz”. Labayruk egindako bideoa “nahikoa osatuta” badago ere, ezin daitekeela dena agertu diote; “24 orduko bideo bat beharko genuke”.
Emaitzagaz ere “oso pozik” agertu ziren bai udala, bai eta parte hartu zuten herritarrak ere. Aurkezpena, gainera, edukiera mugatuagaz egin behar izan zuten COVID-19agatik. “Bideoan parte hartu zutenekin ia bete egin zen aretoaren edukiera. Pena izan zen jende gehiago etorri ezin izatea”, dio Etxebarriak. Hurbildutakoei “labur” egin zitzaien bideoa.
Busturiko eskolagaz berba eginda, gaur egungo ikasleek lehengoen bizipenen berri edukitzea gura dutela diote, eta materiala hor badaukate erabiltzeko.
Herriko memoria gordetzea “garrantzitsua” dela uste du Busturiko Udalak. Horregatik, aurten ere, diru sail bat gorde dute proiektuan parte hartzeko. “Herriko historia ezin daiteke galtzen utzi, ondorengoak ere jakinaren gainean egon daitezen”.
Europako Ondarearen Jardunaldien barruan aurkeztu zuten Busturiko eskolei buruzko bideoa, eta aurten ere horretan parte hartuko dute. Aurten, Guztion ondarea, denok parte izenburuagaz antolatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak aipatu jardunaldiak.