"Herri aktibazioak bere lana egin du; denon bultzadagaz lortu dugu"
Lehen Hezkuntzagaz hasiko dute hurrengo ikasturtea Haizeder Eskolan. Irailean LHko 1. mailan egongo diren sei umeetako biren amak dira Gerrikaetxebarria eta Moreno.
Ea, Ibarrangelu eta Elantxobe udalerrietako ikasleak batzen dituen Haizeder Eskolan Lehen Hezkuntza edukiko dute irailean. Egun 5 urteko gelan dauden sei umeek, beraz, euren eskolan emango dute HHtik LHrako jauzia. Haizeder Handitzen guraso plataformakoek udalen, herritarren eta oro har eskola komunitate osoaren laguntza eduki dute euren borrokan.
Noiz eta zelan jakin duzue Haizederren irailetik aurrera LH edukiko duzuela, zuen seme-alabek eskola honetan jarraituko dutela?
Berane Moreno: Eskolatik mezu bat heldu zitzaigun eguenean [apirilak 22].
Esti Gerrikaetxebarria: Mezu horretan zehazten zaigu hurrengo ikasturtean LHko 1. maila egongo dela eskola honetan, eta maiatzaren 10etik aurrera aukera daukagula gure umeen matrikula aldatzeko. Barrutia Ikastetxean matrikulatuta ditugu urtarriletik. Baietz hori lehenagotik eduki genuen, baina, noski ez genekien noiz. Gainera, 5 urteko sei umeetatik lauk neba-arreba gazteagoak dituzte.
B.M.: Hemen matrikulatzeko aukerarik ez ziguten eman.
E.G.: Sinbolikoki bigarren aukera moduan jarri genuen Haizeder. Baina eurei ez zieten uzten programan sartzen. Orduan, oso sinbolikoa izan zen, Barrutian geratu baitziren paper horiek, Hezkuntzara ez ziren heldu.
Aurten Hezkuntza Sailagaz eduki zenuten bileran espero ez zenuten berria jaso zenuten.
B.M.: Urtarrilaren 25ean eduki genuen goi karguekin bilera hori. Eako, Elantxobeko eta Ibarrangeluko alkateak, eskolako ikasketaburua eta Haizeder Handitzen guraso plataformako ordezkari bat batu ziren eurekin. Gure proiektuaren berririk ez zeukatela eta, sei asteko epea eskatu ziguten eurek erabaki bat hartzeko. Itxaroteko esan ziguten. 2020ko otsailean esan ziguten plan baten barruan geundela. Pandemiagatik gauza asko bertan behera geratu ziren, eta matrikulazioa gainean geneukalako komunikazioa berriro hartu genuenean, urtarrileko bilera horretan esan ziguten Haizederren proiektua ez zegoela plan horren barruan, ez geundela azpiegitura plangintza horren barruan.
Baina sei aste horiek pasatuta, ez zenuten erantzunik jaso.
E.G.: Berri ofizialik ez geneukan, baina jakin dugu bazebiltzala lanean. Eduki dugun informazioa udaletik jakin dugu. Harreman zuzena Eako Udalagaz daukate.
B.M.: Kudeaketa guztia udalaren bitartez izan da eta da. Egia da dena mugitu dela bi-hiru hilabetean. Guk urtarriletik hona ekintza desberdinak egin ditugu: bideoklipa, komunikabideetan agerraldiak… Hau da, oihartzuna eduki dugu.
Azken hiruhilekoa hasi berri, ia ikasturte amaieran heldu da baieztapena. Itxaronaldia luzea izan da? Zelan bizi izan duzue prozesua? Zelan kudeatu duzue egoera hau?
E.G.: Gorabeherekin. Momentu batean ilusio handiagaz, lortuko genuela sinistuta, argi geneukalako. Eta bat-batean ilusio hori zapuztu ziguten. Umeei ere ezin genien esan nora joango diren. Umeak egoera, aukera bietarako mentalizatu behar izan ditugu. Ziurgabetasun eta zalantzaz beteriko hilabeteak izan dira. Ez da erraza izan egoera hori eroatea.
Umeek eurek zelan bizi izan dute prozesu hori guztiori?
B.M.: Hasieran ilusio asko piztu genuen etxeetan. Gero, hasi ziren entzuten Barrutiara joango zirela laster, eta lanketa hori egiten hasi ginen. Atzera-buelta ikusterakoan, ez da ezkorrak izatearren, gu baikorrak izan gara beti, baina umeekin lanketa hori zelan egin pentsatu behar izan genuen. Esan genien printzipioz Haizederren jarraituko zutela, baina Barrutiara joateko aukera ere bazegoela, eta ez zela aukera txarra. Ez dira hain txikiak, uste dut konturatzen direla, eta gure komentarioak entzun dituzte etxean. Badirudi, nahigabe gure pausoak jarraitu dituztela, eta agian, ilusio hori etxean transmititu dugu. Orain oso pozik daude hemen geratzeko ideiagaz. Luxu bat izango da LH 1. mailan sei-zazpi ume egotea, zoragarria izango da.
E.G.: Are gehiago, pandemia garaian.
Zer suposatzen du familiontzat eta herriarentzat umeek Natxituan ikasten jarraitzea?
B.M.: Uste dut herri guztiek euren eskola eduki behar dutela. Herri txiki batean plaza bete ume egoteak bizitza asko ematen dio herriari. Eta hezkuntzak, eskolak berak umeei zer ematen dien? Elkar elikatzen dira; eskolak bizitza ematen dio herriari, eta eskolak berak umeei ere bai, eta umeek eskolari. Errespetuzko, kalitatezko hezkuntza bat da. Eskola berean adin desberdinetakoak daudelako, norberaren nortasuna eraikitzeko aukera itzela da. Gazteok hemen bizitzeko apustua egin dugu, eta ezinbestekoa da eskola gugaz edukitzea.
E.G.: Eskolak bizitasuna ematen dio herriari eta elkarlana ere bai. Ni Ibarrangelun bizi naiz, bost minutura, oinez ere etorri ahal gara behar izanez gero. Eskola hain gertu izatea bizi-kalitatea da. Nagusiak eta txikiak elkarrekin egotea, uste dut enpatia lantzeko ere ezinbestekoa dela halako harremanak edukitzea.
B.M.: Hezteko beste modu bat da. Hemen naturagaz daukaten harremana ere azpimarratzekoa da. Ortua daukate, eta herriagaz lotura estua. Ibilbideak egiten dituzte animaliak eta landareak ezagutzeko. Ondoko baserrietara joaten dira animalien bat jaiotzen bada, bertakoekin hartu-emana daukate. Bizitza eta harremana daukazu herriagaz, eta herriak ere hori behar du.
LH ezartzeko, zelan handituko, egokituko dute eskola?
B.M.: Aukera bi daude. Bata da egungo eraikuntzaren ondoan beste bat egitea, gehitzea. Bestea da eraikin guztia berriztea. Gehiengoak uste dugu hobeto dela dena edo ia dena berriztea, eta ume denak eraikin berean egotea elkarregaz. Horretarako, ia denok bozkatu dugu eraikina hobetzeko eta handitzeko. Ondoko lursaila eskuratu du Eako Udalak. Hezkuntzak baldintza moduan ipini zuen hori, eta Hezkuntza Sailak egingo du obra. Orain daukagun kezka jantokiari buruzkoa da, eskolatik kanpo egotea aurreikusi dutelako.
E.G.: Hurrengo ikasturtean badakigu kanpoan egongo dela espazioa behar delako, baina aldi baterakoa izatea espero dugu. Beste gela bat ateratzeko egungo jantokia kanpora doa. Hurrengo ikasturtea izapide-burokratikoak izango dira. Umeak hemen, egungo eraikinean egongo dira, eta ikasturte bi barru hasiko dute obra. Hiru urteko proiektua da. 2021-2022 ikasturtean hemen egongo dira, eta obra egiteko hurrengo biak (2022-2023 eta 2023-2024) eskolaz kanpo egin beharko dituzte denek. Hezkuntzak zehaztu dituen epeak dira.
Hiru udalen eta hiru udalerrietako herritarren babesa hasieratik eduki duzue.
Azkenaldian oihartzuna lortu eta leku askotatik babesa erakutsi dizuete. Nahi zenuten oihartzuna lortu zenuten?
E.G.: Uste dugu baietz. Babesa sentitu dugu eta oihartzuna eduki dugu. Herritik kanpo ere eduki dugu babesa, beste eskola batzuetatik, guraso elkarteetatik…
B.M.: Azkenean herri aktibazioak egin du bere lana. Uste dugu herriak mugitzen duela herria, eta lortu dugula denon bultzadagaz. Eskerrak eman nahi dizkiegu babes handia eduki dugulako bai udaletatik, eskolatik bertatik eta herritarrengandik. Gugan sinistu duten denei eskerrak ematen dizkiegu