Abaroa: "Bermeotarren lehentasunei jarraituz eta erantzunez beharrean segitzea da udal gobernu honen konpromisoa"
2020an udalak martxan ipinitako ekintza eta obra nagusienak laburbildu ditu Aritz Abaroa Bermeoko alkateak gaur, eta horien berri emateko etxez etxe banatuko duten dokumentua aurkeztu du.
2020ko aurrekontuen baitako ekintza nagusien errepasoa egin du goizean Aritz Abaroa Bermeoko alkateak, udalak dirua zertara bideratu duen azaldu du: “Bermeotarren lehentasunei jarraituz eta erantzunez beharrean segitzea da udal gobernu honen konpromisoa. Hori da egin duguna eta egingo duguna. Herritarrekin zuzeneko komunikazioa edukitzeagaz eta gardentasunagaz daukagun konpromisoa berresten dugu”.
Zehaztasunak ematerakoan gogoratu du udal gobernuak hiru ardatz estrategikoren gainean lan egin duela eta aurrerantzean ere egingo duela: bermeotarren bizi kalitatea hobetzeko, herrian aberastasuna eta jarduera ekonomikoa sustatzea eta hori dena bermeotarren nortasunagaz lotuta kudeatzea. “Eta zelan ez, kudeaketa garden eta arduratsuan oinarrituta”. Ardatz horren ildotik egin du gaurko agerraldia.
2019 amaieran eta 2020 hasieran egindako partaidetza prozesuan jasotako ekarpenak kontuan hartuta osatu zituen udalak 2020ko aurrekontuen baitako ekintzak. 700 bat herritarrek parte hartu zuten; dirua zertara bideratu beharko litzatekeen adierazi zuten. “Bermeotar guztiei eman genien aukera 2020ko aurrekontuen exekuzioaren gainean lehentasunak zehazteko. Udal gobernuak horiek ardatz izanik eta gure hiru zutabe estrategikoetan oinarrituta eduki genuen 2020ko aurrekontuen exekuzioa egiteko asmoa”, esan du Abaroak.
Pandemiaren eraginez, udalak oreka lan “zorrotza” egin behar izan zuen pandemiaren kudeaketa eta herritarrek ezarritako lehentasunen artean: “Pandemiak sortutako beharrizan eta lehentasunak aurrera ateratzeko, hau da, pandemiaren kudeaketa egokiena egiteko. Lehentasun guztien aurrean bermeotarron osasuna eta erreaktibazio ekonomikoa landu behar genuela argi geratu zen, eta beraz, aurrekontuen egokitzapena egin beharra eduki genuen”. Ondorioz, herritarrek lehentasunezko jotako proiektu batzuk ezin izan dituzte egin: “Batzuk pandemiaren testuinguruagatik ezinezkoa delako egitea, beste batzuk finantzazioagatik, dirua premia handiko beste zereginetarako bideratu behar izan dugulako eta bestetik, beste proiektu batzuk urtebete edo ariketa, ekintza bat baino gehiago eskatzen dutelako”.
2020an udalak martxan ipinitako ekintza nagusienak laburbildu ditu gaur, eta horien berri emateko etxez etxe banatuko duten dokumentua aurkeztu du: “Horrela, herritar guztion dirua zertara bideratu dugun jakiteko aukera daukagu herritarrok”.
- 1.275.189,50 euro. Herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzeko eta herriko ekonomia suspertzeko. Nik Bermeon kanpaina: Koronabirusaren ondorioei aurre egiteko hartutako neurriak, hau da, pandemiak herritarrengan daukan eragina “ahalik eta txikiena izan dadin” hartutako neurriak (desinfekzioak, EPIak, garbiketa lan bereziak…) eta pandemiak “ekonomiari emandako kolpeari aurre egiteko” erreaktibazio ekonomikora bideratutako baliabideak( diru laguntza bereziak, hobari fiskalak, enpresentzako aholkularitza zerbitzuak eta Bermeoko bonuak).
- 1.135.431,75 euro. Bermeon bizi eta herriaz gozatzeko. Kirol instalazioetan eta umeen jolasguneetan hobekuntzak, Tonpoia gune natural legez egokitzeko proiektuan aurrerapausoak, Martilloko moilan bainua hartzeko gunea egokitzea, Burujabetasun zelaian komunak ipintzea udan, udako zinea Goiko plazan, Intxausti kalean plaza egokitzea, udal jabetzaren eraikinetan inbertsioak (eskola publikoan eta hizkuntza eskolan irisgarritasuna hobetu)… “Umeen jolasguneetan hobekuntzak egin dira eta etorkizunean ere bide horretatik jarraituko da. Tonpoiko proiektuak aurrera segitzen du, hurrengo urratsak zehaztuta daude. Martilloko moilako bainu gunea arrakastatsua izan zen, eta aurtengo udara begira berriro martxan ipintzeko asmoa daukagu”.
- 836.756,54 euro. Garbitasuna. Pertsonala indartu, hidrogarbigailu berriak eskuratu, kamioiak berriztu, 205 edukiontzi berri jarri… “Besteak beste, makina bereziak ekarri ditugu desinfekatzeko, berdinaren kontrako tratamenduak egin ditugu, bereziki Alde Zaharrean, edukiontzi guztiak berritu dira eta sastarra batzeko kamioiak ere bai. Kasu horretan bost urteko inbertsio bat da, renting kontratu bat da, baina inbertsio garrantzitsu bat da, eta uste dugu aurrerapauso handia izan dela herriko garbitasunean. Bermeo garbi baten alde lan egiten jarraituko dugu, oinarri-oinarrizkoa delako”.
- 699.877,92 euro. Zarragoitxiko irisgarritasun proiektua exekutatu, asfaltatze lanak kale eta auzoetan, espaloien konponketak, saihesbideko lotura… “Hasieratik, Bermeo irisgarriagoa lortzea izan da udal gobernu honen helburuetako bat, eta herritarrek ere beharrizan hori zehaztu zuten lehentasunen artean”.
- 72.318,43. Segurtasuna hobetzeko ekintzak. Hainbat gunetako hesiak aldatu (San Frantzisko herri eskolan, Iparragirre kalean, San Martin erreka inguruan, hilerrian…) eta argiteria hobetu (Erreten lamera, Almike bidea eta Tala).
Bermeoko alkateak gogora ekarri du 2021eko aurrekontuetarako ere iaz beste partaidetza prozesu bat egin zutela, eta orain arte moduan aurrerantzean ere, udalak herritarrei informazioa ematen segituko duela, aurrekontuak onartzerakoan eta baita bertan zehaztutako proiektuak egin ondoren ere.
Besteak beste, 2021erako herritarrek honako lehentasun hauek adierazi dituzte: erreaktibazio ekonomikoa, gizarte politikak mantentzea, irisgarritasuna eta segurtasuna. “2021ean inbertsioetarako gaitasuna nahikoa mugatua den heinean, irisgarritasunagaz eta mugikortasunagaz lotutako inbertsioak dira lehenetsiko direnak”.