Saihesbideak herrirako lotura izatea "lehentasuna" izan da EH Bildurentzat
Koalizio abertzaleak gogora ekarri du 2007. urtean Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako maketa; "herrirako hainbat sarbide aurreikusi ziren, eta azkenean ez zuten sarbiderik egin".
Apirilaren 19an zabaldu zuten saihesbidea eta herrigunea lotzeko Tellaetxe tar Josu kaletik egin duten lotura. Bermeoko EH Bilduko kideek gogorarazi gura izan dute saihesbideak herrirako sarbidea edukitzea “lehentasuna” izan dela eurentzat, herrian dauden “zirkulazio arazoak konpontzeko eta “mugikortasuna hobetzeko”.
Saihesbiderako lotura nondik datorren azaldu gura izan dute: “2007ko hauteskundeetan, orduan Jose Luis Bilbao zen ahaldun nagusi, Bermeoko saihesbideak hainbat sarrera edukiko zituela saldu zuten, maketa eta guzti aurkeztu zuten. Gerora, baina, sarbiderik ez zen egin”.
2014an, gaur egun zabalik dagoen lotura hori egiteko sinadurak batu zituzten Bermeo Bizirik taldekoek, eta diotenez, orduko alkate Idurre Bideguren herritarrekin batera joan zen Bizkaiko Foru Aldundira saihesbiderako sarrera eskatzeko: “Saihesbideak herrirako sarrerarik ez edukitzeak ez zeukan zentzurik. Gure ustez, beharrezkoa zen sarbidea eta ahalegin berezia egin genuen, lehentasuna zen guretzat”. Gogoratu dute, gainera, Bidegurenek batzar ugari egin zituela aldundiagaz, eskaera argi bategaz: “Aldundiak beste herri batzuetan egin moduan, Bermeoko sarbidea ere bermatzea”. Aldundiaren erantzuna, hala eta guztiz ere, beti ezezkoa izan dela aipatu dute.
Egoera ikusita, negoziaketak hasi zituztela diote, eta Bidegurenek akordio bat lortu zuen aldundiagaz 2015ean: “Akordioan zehazten zen aldundiak ordainduko zuela sarbidearen kostua, ondoren, Bermeoko Udalak hamar urtean bueltatzeko”. Hortaz, argitu gura dute “aldundiak ez duela loturaren kostua bere gain” hartuko.
Bermeoko EH Bilduk Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) izan duen jarrera kritikatu du; “Bermeotarrak defendatu beharrean aldundia defendatu zuten, eta gaur egun, harro saltzen ari dira saihesbidearen sarbidea. Bermeotarrok laguntza behar izan genuen sasoian, EAJ ez zen herriaren alde agertu. Sarbidea ordaintzen hasten garenean konturatuko dira zelako kaltea egin zuten”.
“Asko poztu”. Hitzarmena 2015ean sinatu bazen ere, «denbora asko itxaron ostean», 2019an lizitatu zen obra, eta joan den astean zabaldu zuten.
EH Bildu “asko poztu” da lanak amaitu eta eskatzen zuten sarbidea martxan ikusteagaz. “Gure herriko zirkulazioa eta mugikortasuna hobetzeko aukera eskainiko digu, Artikako industrialdera doazen tamaina handiko ibilgailuak ez direlako herri erditik igaroko. Herriko zirulazioa gutxitzen lagunduko du, eta oinezkoei lehentasuna emateko aukera eskainiko du”.
Uste dute “pertsonak erdigunean” ipiniko dituen mugikortasun plangintza bat behar dela, eta argi dute sarbidea “ezinbestekoa” dela helburua lortzeko.