"Musika nire babeslekua da. Asko arakatzen dut, ez naiz aspertzen"
Biboko kontserbatorioan piano irakaslea izan da 44 urtez Agustin Bergara. Irakastea izan da bere pasioa. Bihar eta datorren astean kontzertuak eskainiko ditu Ean.
Eako etxean pianoa jotzetik udaletxeko aretoan kontzertuak ematera. Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldekoen aspaldiko eskaria onartu du Agustin Bergarak. Jendaurrean baino, ikasle artean aritu izan da beti, musika hezkuntza izan da eta da bere pasio handiena.
44 urte egin ditu Bilboko kontserbatorioan. 26 urtetik 70era arte izan zen irakasle: “Kontzertuen munduan ez naiz aritu. Oso gazte sartu nintzen kontserbatorioan, eta oso gustura egon naiz. Zentro batean lan egitean, ezin zara hara eta hona ibili kontzertuak emateko; biak uztartzea ez da erraza. Badakit aukera asko galdu ditudala horregatik. Hala ere, noizean behin kontzerturen bat edo beste eskaini izan dut”.
Ean lehenengoz ariko da, asteon eta hurrengoan emanaldi bana eskainiko du: “Ez zait protagonista izatea gustatzen. Sarri eskatu didate, eta aurten animatu egin naiz. Gauden egoeran entretenitzeko zerbait egitea egokia iruditu zait. 4 urte nituenetik etortzen naiz Eara. Pianoa ikasten entzuten ninduten gure etxetik pasatzen zirenek. Gero, piano digitala erosi nuenez, ez nuen inor molestatzen”.
Bach, Brahms, Scriabin eta Gershwin konpositorren obrak eskainiko ditu: “Teknika eta interpretazio aldetik mantentzeko balio dit. Agian ez da publikoarentzat programarik erakargarriena, baina oso polita dela iruditzen zait. Pieza laburrak dira, eta ez dira errazak. Eskuak, burua eta bihotza egoera onean mantentzea eskatzen didate. Besteak beste, Bachen preludioak joko ditut, oso inteligenteak eta originalak iruditzen zaizkit, altxorrak. Preludioak aldarrikatzeko modu bat da. Jubilatuta nagoenetik, ez daukat gauza zehatzak ikasteko betebeharrik, eta nahi dudana jotzen dut. Musika ezinbestekoa da niretzat, ezin dut bera gabe bizi. Musika asko entzuten dut, eta jotzen jarraitzen dut. Nire babeslekua da, ez naiz aspertzen. Ikasten segitzen dut, eta asko arakatzen dut, Youtuben, esaterako”.
“Eako Edurne Iturrigaz urte asko egin nituen ikasten Bilbon”
Kamara taldeetan aritu da: “Hasieran bakarlari moduan ere aritu nintzen pianoagaz, eta gero, kamaren musika munduan sartu nintzen, beti gustatu izan zait eta. Boskote, laukote, hirikote zein bikoteka aritu naiz. Orain dela ez asko laukotean Euskaldunan jo genuen, kamaren aretoan. Barruko harra asetzeko egiten nuen”.
Ikasle “oso onak” izan ditu, eta pozik dago horietako askogaz harremana mantentzen duelako: “Zortea eduki dut, ikasle oso onak eduki ditudalako. WhatsApp talde bat daukagu, 70etik gora gaude, eta gure kontuak kontatzen ditugu. Bizi asko ematen dit horrek; ilusioz betetzen nau. Aurrekoan, ETB2ko Vascos por el Mundo saioan ikasle izandako bat agertu zen, egun Salzburgoko Mozarteumean (Austria) irakaslea da, musikaren zerua bezalakoa da zentroa. Agurra bidali zidan, eta ordutik puztuta jarraitzen dut”, dio barrez. Jubilatu zenean ere, omenaldia egin zioten ikasleek. Harro kontatzen du ikasle izandako askok ibilbidea jarraitzen dutela munduko hainbat txokotan.
Ikasleen kontzertuak
Kontserbatorioan irakasle ez ezik, zuzendaritza taldeetan egotea ere egokitu zitzaion, eta ikasketaburu, zuzendariorde eta zuzendari ere izan zen: “Horietan ez nintzen eroso sentitzen, benetan gustatzen zaidana eskolak ematea da. Ikasleek asko eman didate. Lehen gaztaroan izan nintzena gogorarazi didate”.
Ikasleen emanaldi asko antolatu izan ditu: “Nire ikasleekin hasi nintzen, ikusten nuelako behar zutela, eta gero, orokorrean kontserbatorioko ikasleei ere antolatzen hasi nintzen. Zentrotik kanpo kontzertuak antolatzen nizkien, babestuta zeuden esparru horretatik kanpoko mundua ezagutu zezaten. Oroitzapen onak gordetzen ditut». Ean ere hainbat kontzertu egin zituzten: “Ikasleen kontzertuak ez ezik, pare bat bider kontserbatorioko orkestra ere ekarri nuen”.
Aitonagaz operara
Ume-umetatik musika giroan hazi eta hezi da Bergara. 7 urtegaz egin zituen hastapenak. “Gure etxean beti erakarri izan gaitu musikak. Anai denok jotzen genuen instrumenturen bat. Familiatik datorkigu, era naturalean, normaltasunez bizi izan dugu. Familian asko abesten zen. Aitona operara joaten zen, eta batzuetan bilobak ere joaten ginen. 14 bat urtegaz hasi nintzen operara joaten”. Bere seme-alabek ere musika instrumentuak ikasi dituzte, eta zaletasuna ez ezik, ogibide dute musika. Zaharrena –Josu Bergara– musikaria da, eta erdikoak operan argiztapen errejidorea da: “Pianoa ere jotzen du. Uste dut hiruretatik musika klasikoa gehien gustatzen zaiona dela”.
Bilbon eta Madrilen egin zituen musika eta piano ikasketak: “Anai zaharrak oso ondo abesten zuen, eta anai gazteak eta biok musika ikasketak egin genituen. Eako Edurne Iturrigaz ikasi genuen. Urte asko egin nituen beragaz ikasten Bilbon. Piano formakuntza ia osoa beragaz egin nuen. Hemen denek ezagutzen dute”. Madrilgo kontserbatorioan Perfeccionamiento o virtuosismo ikasi zuen –gaur egun ez dago halakorik–. “Orduan hasi nintzen serioago hartzen, eta lehiaketetan parte hartzen eta kontzertuak ematen. Orduan hasi zen musikarekiko benetako afizioa. Beti gustatu izan zait, erakarri izan nau, baina umeagoa zarenean ez duzu hain serio hartzen. Ez dakit momenturen batean pentsatu nuen ere, uste dut gertaerek eraman nindutela mundu honetan gehiago sakontzera, murgiltzera”.
Adibibidez, Madrilgo kontserbatorioko ikasle zela, lehiaketa bat irabazi eta Espainian zehar hogei kontzertuko bira egin zuen: “Orain antzeko lehiaketa bat dago, gazte musikariena deiturikoa. Orduan, Urteko Kontzertista Gazte Onena izena zeukan. Edozein bakarlari aurkeztu zitekeen, edozein instrumentu jo edo abesten zuen edonor. Aurreko urtean piano lehiaketa bat irabazi nuen, eta apur bat serioago hartu nuen”.
“Kontserbatoriotik kanpo kontzertuak antolatzen nizkien ikasleei, babestuta zeuden esparru horretatik kanpoko mundua ezagutu zezaten. Oroitzapen onak gordetzen ditut”
Espainiako zein nazioarteko lehiaketetan parte hartu zuen, eta epaimahaikide ere izandakoa da. Soldadutzan ere ez zuen musika albo batera utzi; banda militarrean aritu zen: “Ez nuen bandako instrumenturik jotzen, eta perkusioan jarri ninduten: platilloak, bonboa edo esaten zidatena jotzen nuen”.
Ballets Olaeta
Askotariko bizipenekin bete du bizitzaren motxila. Oroitzapen ederrak ditu. Esate baterako, Ballets Olaetan piano jotzaile aritu zen denboraldi batez. “Nire lehenengotariko lana izan zen. Soldadutza amaituta aukera hori suertatu zitzaidan, eta pare bat urtez egon nintzen. Gerora ere, lagun onak izan ziren, harreman estua eduki genuen. Asko maite nituen. Euren Gernikako etxean askotan egon nintzen. Gure seme gazteena eta alaba eurekin aritu ziren dantzan, eta grabazio asko ditut. Victor Olaeta da akordeioa jotzen oholtzara atera nauen bakarra. Pianoa jotzen hasi aurretik, 6 bat urterekin akordeoia jotzen hasi nintzen, gurasoek Italiatik ekarritako akordeoiagaz. Baina Edurnegaz pianoa deskubritu nuenean, akordeoia ahaztu nuen”.
Denetatik ikasten dela dio, eta esperientziek bezain beste irakatsi diote askotariko irakasleek: “Ikastaro asko egin nituen, irakasle desberdinekin”. Maisu handiengandik ikasteko ohorea eduki du, besteren artean, Iturri eta Francisco Escudero–Maestro Escudero bezala ezaguna– izan dira bere irakasle kuttunak: “Konposizioa ikasi nuen Escuderogaz. Maitagarria zen eta irakasle itzela. Gizatasuna eta memoria pribilegiatua zeukan, eta gauzak azaltzen oso ona zen. Lehen lau urte harmonia ikasketak egin eta gero bost urtez konposizioarenak egiten ziren. Armonia amaitu behar nuelako hasi nintzen beragaz, baina berak animatu ninduen, konposatzeko gaitasunak nituela esaten zidan, baina niri ez zitzaidan interesatzen. Kontserbatorioan nengoen lanean, eta astean behin joaten nintzen Donostiara eta zortzi bat urte egin nituen beragaz”.