650 tontor jendez betetzeko deia egin du Sarek
Hurrengo zapatuan dute herritarrek erronka, eta horretan izena emateko deia egin du Sarek: '650tontor.sare.eus'.
Euskal Herriko 650 tontor jendez bete gura dituzte maiatzaren 8an, presoen eta iheslarien etxeratzearen zein elkarbizitza eta bakearen aldeko pausoak gehitzeko. Busturialdean 15 izango dira zapatuan egingo dituzten gailurrak. 2020ko urriaren 3an egin behar zuten ekimena, baina, eguraldi kaxkarragartik atzeratu egin zuten. Hurrengo zapatuan dute herritarrek erronka, eta horretan. izena emateko deia egin du Sarek, epea oraindik zabalik dago-eta.
Izan Bidea dinamikaren baitan antolatu dute ekimena, eta Busturialdean 17 herrik parte hartuko dute, guztira. Herri bakoitzeko tontor bat zehaztu dute, baita nondik eta zein ordutan aterako diren. Zenbait herritatik, Busturia, Mundaka eta Sukarrietatik, oinez ez ezik, mendiko bizikletan igotzeko deialdia egin dute.
Katillotxu da hiru herri horiei egokitutako mendia, eta hiru herrietatik igo daitekeela zehaztu dute antolatzaileek. Mendiko bizikletan joango direnentzat irteera ordu desberdina ipini dute herri bakoitzean, inor animatuz gero, igoera hiruetatik egiteko aukera izan dezan.
Edonork egiteko modukoak. Sareko kideek azaldu dutenez, sakabanaketa eta espetxe politika aldatzearen aldarrikapenagaz bat egiten du gizartearen gehiengoak. “Adierazpenak eta testuak onartu izan dira bai Frantzian, zein Madrilen eta Gasteizen. Baina nahi hori egikaritzea falta da”, zehaztu dute. Presoak eta iheslariak etxeratzeko bidean konpomisoak betetzeko eskatu du Sarek. Horregatik, igotzeko errazak eta erosoak diren gailurrak aukeratu dituzte, “edonor heltzeko modukoak“. 650tontor.sare.eus webgunean eman daiteke izena.