Labauria eta Steer omendu ditu udalak
Gernika-Lumoko Udalak eta Gernikazarra historia taldeak antolatutako omenaldiak izan dira. Ohorezko aurreskua dantzatu eta lore eskaintzak egin dituzte bi monolitoetan.
Gaurko egunez, duela 84 urte Alemaniako Condor Legioak eta Italiako Aviazione Legionariak Gernika bonbardatu zuten. Hala, 1937ko apirilaren 26an herriko alkate zen Jose Labauria eta George Steer kazetaria omendu dituzte Gernika-Lumoko Udalak eta Gernikazarra historia taldeak.
12:00etan batu dira Jose Labauriaren monolitoaren parean eta lore eskaintza egin dute, ohorezko aurreskua dantzatu ostean; Gernikako alkate Jose Mari GorroƱo eta Labauriaren ilobek utzi dituzte loreak monolitoan. Gernikazarrako Jabi Urrutiak eta Alberto Iturriartek gogora ekarri dutenez, Gernika-Lumon jaio zen Jose Labauria 1888an, eta 1937ko otsailean izendatu zuten alkate. Bonbardaketaren lekuko eta biktima izan zela esan dute: “Suteak itzaltzeko ahaleginak antolatzen saiatu zen baita zaurituak eta beste pertsonak Gernikatik Bilbora ateratzen ere. Ez zuen Gernika utzi frankoren tropak sartu baino minutu batzuk arinagora arte. Bilbon, maiatzaren 4an, George Steer, Bonifacio Etxegarai eta Eusebio Arronategigaz batera, bonbardaketa salatu zuen Bilbo Irratiko uhinen bidez”.
Labauriaren testigantzaren parte bat ere irakurri dute: “Jaungoikoaren eta denok epaituko gaituen historiaren aurrean hau baieztatzen dut: Alemaniako hegazkinak izan zirela hiru ordu eta erdiz amorruz babesik gabeko populazioa bonbardatu zutenak, erraustu egin zuten, hildako asko egon ziren. Ez ziren izan gudariak Gernika erre zutenak, zin dagit Alemiako hegazkinak izan zirela Gernika bonbardatu zutenak, eta historia izango da epaile. Gernika erraustua izan da bai, baina ez da hilko. Gernika aberriaren askatasunen sinboloa eta baita munduan diren faxismo guztien krudelkeriaren sinboloa ez da hilko, Euskadi inoiz hilko ez delako”.
Ondoren, Maria Uribe Gernika-Lumoko alkateordeak hartu du hitza. Labauria gizon adoretsua, eta gernikar guztientzako alkatea izan zela nabarmendu du, pentsamolde politikoak begiratu barik. “Une latz horietan gure herriko alkatetza onartu zuen, eta bonbardaketaren ostean irmo mantendu zen. Biktimei laguntzen eta herriaren antolaketa bideratzen aritu zen. Kronika askotan aipatzen da guztiei lagundu ziela, ezberdintasunik egin barik”.
Ordu erdi beranduago, 12:30etan, batu dira George Steer kazetariaren monolitoaren aurrean. Han ere, ohorezko aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egin dute. Jose Maria GorroƱo Gernika-Lumoko alkateak gogorarazi duenez orain dela 84 urte Gernikan gertatutakoa Steer britainiarra, Mathieu Corman frantziarra eta gainontzeko gerra korrespontsal guztiei esker zabaldu zen nazioartean: “Gernika lur gainean suntsituta eta erreta geratu zen. Asko izan ziren hildakoak, eurei eta bonbardaketa bizi zutenei gure omenaldirik beroena. Memoria historikoa da geratzen zaigun ondarerik handiena, eta memoria horretan zaudete biktima guztiak”.
Gaur egun bizi dugun koronabirusa aipatu du GorroƱok: “Gerra ez bada ere, sakrifizioak eskatzen dituzten hainbat beharrizanei erantzuteko gai izan behar gara. Gaixotasun honetako biktima, esperantza eta hondatutako proiektuek elkar babesa eskatzen dute. Potentzia handiek bat egin dute emergentzia sanitarioari aurre egiteko, horretarako egin modura, bat egin beharko lukete behea jota dauden horiei guztiei laguntza emateko politika ekonomikoetan. Bidezko mundu bat, bakean bizi den mundu bat da, batera lortu daitekeelako”.