«Memoria da gertatutakoa gizartean mantentzea»
Gernikarrek zer esana badutela eta esan behar dutela uste du ‘Gernika bizirik’ abestiaren egile Jon Rementeriak. Gernika Memoriaren Lekuko plataformari doinua eman dio.
Memoriaren lekuko direnen abestia sortu du Jon Rementeria Larruzea musikari gernikarrak [Entzun eta deskargatu abestia HEMEN]. Gernika-Lumoko Sareren kidea, Gernika Memoriaren Lekuko plataformako parte ere bada. «Memoriaren arloan eta bonbardaketaren testuinguruan gure ekarpena egiteko beharrizana ikusi genuen, iruditzen zaigulako Gernikari buruz ari ganenean eta bonbardaketari buruz gabiltzanean, askotan, presoak direla jorratzen ez den arlo bat», zehaztu du.
Jon Rementeriaren ekarpena, baina, harago doa oraingoan, eta Gernika Memoriaren Lekuko plataformari doinua jarri dio: Gernika Bizirik abestia sortu du. «Doinua eta letrak nireak dira, baina abestia garatzeko laguntza izan dut. Leire Gonzalezek lagundu dit abestia bukatzen, eta berau garatzeko Jon Urriolabeitia eta Gorka Leon izzan ditut ondoan. Urriolabeitia soinu teknikaria da, estudio txiki bat dauka Arratzun, KortuRec izenekoa, eta han egin ditugu konponketak, baita abestiaren egitura finkatu eta grabatu ere».
Gernikarrek «zeresana» badutela uste du Rementeriak, eta abestia sortzeko oinarrietako bat izan da kontatzearen behar hori. «Gernikar modura, irudipena daukat gure belaunaldikook badugula bonbardaketarekiko eta memoriarekiko aldentze antzeko bat, atxikimendu-eza, jakin nahi izango ez gabenu legez. Eskola eta ikastoletan irakatsi digute horri buruz, hurbilketa bat izan dugu. Baina iruditzen zait gure aldentze hori dela gure arbasoek gai honi buruz berba egiteko izan duten beldurragatik». Kasurako, gogoan du amamari sekula ez ziola bizitakoari buruz ezer entzun. «Amama-aititeren kasuan, erabaki hori ulertu dezaket, bonbardaketaren ostean frankismoa bizi izan zutelako, eta erregimen diktatorial zorrotz horretan ulergarria da beldur izatea. Beldur hori ondorengoek izatea ulertzea zailago egiten zait, eta gugana heldu izanak min ematen dit». Urruntze hori sentitu izan duela aitortu du, «eta nire buruarekin egin dudan ariketa bat izan da abestia sortzearena».
Gernikar modura, irudipena daukat gure belaunaldikook badugula bonbardaketarekiko eta memoriarekiko aldentze antzeko bat, atxikimendu-eza”
«Berandu izaten ari da»
Gernikarrak isildu egiten dira, hala dio Rementeriak, baina, Euskal Herrian eta mundu mailan eredu diren partetik, gernikar modura erantzukizun bat badutela uste du: «Gernikako bonbardaketa Espainiako 36ko Gerraren barruan kokatu dute beti, eta horri buelta emateko, mundu mailako bakearen izenean hitz egiten dugu gernikarrok. Baina, zergatik ez aipatu Gernika bonbardatu zutela Euskal Herriko herri eredugarrienetako bat zelako? Eta gerora ere euskaldunon artean herri eredugarri bat izaten jarraitzen duela? Zergatik ez esan hori ere? Isilik egon gara, baina zeresana badugu, eta esan behar dugu. Horri buruz hitz egiten du nire abestiak».
Eta egite horretarako berandu izaten ari dela uste du Rementeriak: «Bonbardaketa bizi izan zuten gutxi daude bizirik, eta ondorengoekin berba egiten ez badugu eta gertatutakoa saretu, Gernika geratuko da historialariek kontatu nahi duten errelatoarekin. Beraz, uste dut gernikarrok badugula zer esan».
«Goazen esatera»
Hurrengo belaunaldietara heldu nahi dute, eta horretarako ari dira lanean, «guk ikusten dugun hutsuneagatik baina, batez ere, beraiek direlako gure ostean egin beharko dutenek eta eurak direlako jasoko dutenak honen inguruko irakurketa guztia. Geratzen dena beraiek jasoko dute». Beraz, Gernika bonbardaketa egunean eta ondoren gertatu zen guztiaren inguruko kontakizun hori, zelanbait, justuago egiten lagunduko dutelaren itxaropena du: «Parte hartu dezatela, kontakizuna justuagoa izan dadin».
Eta itxaropena berba aipatzen du egileak abestian ere, «transmititu nahi dudalako honek guzti honek sortu behar digula ilusio hori, itxaropen hori, bai guk eta bai hurrengo belaunaldiek beldur hori kentzeko. Kontatu dezaten Gernikan benetan gertatu zena». Are gehiago, erantzuleak nortzuk izan ziren azaleratzeko itxaropena sortzen dio sortu den mugimenduak, eta itxaropen hori transmititu nahi du abestiaren bitartez: «Asko dagoela esateko eta goazen esatera».
Hurrengo belaunaldiek parte hartu dezatela kontakizunean, justuagoa izan dadin”
Abestiak eskari hori egiten du, baikortasunetik. Doinua, alaia ez den arren, itsaskorra dela dio Rementeriak, «hausnarketara bideratzeko doinu bat».
Memoria era askotara landu daitekeelako, abesti bat ere izan daiteke memoria lantzeko modu bat. «Memoria, nik ulertzen dudan erara, gertatu zena gizartean mantentzea da, historialariek kontatzen dituzten gertakizunetik harago. Hori da memoria, ez ahaztea. Eta ez ahazte horretan lagundu ahal badu, memoria hori bizirik mantentzen laguntzen badu, kanta bat formatu egokia iruditzen zait».