"Eskolarizazio barruan dauden kasu guztiak tratatzen ditugu eskoletan"
Lekeitiarra da Maider Alonso Altzibar, eta gaur gaurkoz Gernika-Lumoko, Bermeoko eta Zornotzago ikastetxeetan dihardu, hezkuntza fisioterapeuta legez.
Askorentzako alor ezezaguna izango da. Zein eginkizun egiten dituzue hezkuntzan, fisioterapeuta modura?
Urte askoan martxan dagoen gauza bat bada ere, fisioterapia barruan ez da esparrurik ezagunena. Gure kasuan, hezkuntza bereziko langileak bezala aritzen gara lanean, hezkuntza fisioterapeuta modura.
Zer lantzen duzue?
Hezkuntza premia bereziak eta lokomozio aparatuan arazoak dituzten ikasleekin lan egiten dugu. Arazo horiek curriculum mailara sartzeko zailtasunak edukitzea eragiten die, eta gure lana da maila horretara sartzeko laguntza ematea.
Zelako garrantzia eta onura dakar hezkuntza arloan fisioterapia txertatzeak?
Eskura ditugun tresna, estrategia eta laguntza guztiak eman behar dizkiegu ikasle horiei, nahiz eta eurek aniztasun funtzionala eduki, beste ikasleen besteko parte hartzea edukitzeko. Azken batean inklusioaren bidean lanean aritzen gara.
Zuen moduko profesionalen berezitasuna zein da?
Gure lan egiteko modua ezberdina da. Izan ere, helburuak ere ezberdinak dira. Gure helburuak ez dira beste kasuetan moduko klinikoak, baizik eta hezkuntzara bideratutakoak.
Zenbat urte bitarteko ikasleei laguntzen diezue?
Eskolarizazio barruan dauden kasu guztiak tratatzen ditugu eskoletan. Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan aritzen gara. Batxilergoan kasu gutxi batzuk ere baditugu, baina asko Batxilergora ailegatzen direnean, aurretik egindako lanagaz moldatzen dira.
Zure kasuan, zure jarduera eremua zein da?
Berritzeguneetan kokatuta egiten dugu lana, eta horietako bakoitzak eskualde edo zonalde bateko beharrei erantzuten die. Nik, zehazki, bi Berritzegunetan egiten dut lana: Durangokoan eta Gernika-Lumokoan.
Lana nondik antolatzen da?
Berritzeguneetako hezkuntza bereziko taldetik antolatzen da guztia. Kasuak atzematen dituzten aholkularitza taldeko kideak daude, eta horiek ikasle horiek zein beharrizan duten baloratzen dute. Horren arabera, zein profesionalek esku hartuko duten erabakitzen da.
Nongo ikastetxeetan ari zara lanean?
Umeak hezkuntza premia berezi hori badauka eta fisioterapia beharra badauka, hura matrikulatuta dagoen tokira bidaltzen gaituzte, berdin dio ikastetxe publikoa eta itunpekoa bada. Orain momentuan Gernika-Lumoko, Bermeoko eta Zornotzako ikastetxeetan nabil lanean.
Zelakoa da zure egunerokoa?
Profesional ibiltariak gara; zentro batetik bestera ibiltzen gara. Nire egin beharra Berritzegune bitan dago banatuta, eta astea ere gune bitan banatzen dut. Astelehenetan eta eguaztenetan gune batean ibiltzen naiz, eta martitzen eta eguenetan, berriz, bestean. Eguna eskola batean hasten dut lanean, eta beste eskola batean amaitu. Tarte horretan, beharbada, lau edo bost ikastetxetatik igarotzen naiz. Eskola bakoitzean ikasle bati edo biri laguntzeaz arduratzen naiz, asko jota, hiruri. Barikuetan, aldiz, goizetan kasuren bat edukitzen dugu lehenengo orduetan, eta beste ordu guztiak Berritzegunean ematen ditut; beste Berritzeguneekin koordinatze saioak izaten ditugu, bilerak… azken finean ikasleen jarraipena egiteko erabiltzen ditugu ordu horiek.
Astean zenbat saio egiten dituzue ikasleekin?
Normalean astean saio bi egiten ditugu, eta batzuetan bat; betiere, beharren arabera banatzen dira saio horiek. 45 bat minutuko saioak izaten dira.
Koronabirusak zelan eragin du zuen lanean?
Asko eragin du. Egiteko era berrasmatu egin behar izan genuen itxialdian, denon modura. Hasiera batean inork ere ez genekien zenbat denborarako izango zen hau guztia, eta ordutik egoerara moldatzen joan gara. Itxialdiak iraun zuen tartean ere, une oro ikasle horiekin kontaktuan jarraitu genuen. Oso arreta indibidualizatua eskaintzen saiatu ginen bakoitzaren beharretara eta egoerara moldatuta.
Zuen egunerokoan babes neurri berriekin lan egin behar duzue.
Ikasturte honetara begira, hainbat aldaketa egin behar izan ditugu zentzu horretan. Irailean berriro esku hartzeekin martxan hasi ginenean, egoera honetan zelan lan egin ikasi behar izan genuen. Ikasleekin kontaktu oso zuzena daukagu; oso gertukoa, egia esan. Gure ikasleetako askok ezin dute maskararik erabili, arazo kognitiboak dituztelako edo 6 urtetik beherakoak direlako. Kasu horietan, guk babes neurri gehiago ipini behar ditugu, izan ere, gertuko kontaktu hori mantendu egin behar dugu. Egoera berrira moldatu beharra tokatu zaigu zentzu horretan ere. Ume askok adur darioa ere badaukate, eta hori zaila da kontrolatzea. Asko sartzen dituzte eskuak ahoan, ukitu… eta horiekin saioa amaitzen dugun bakoitzean dena garbitu behar dugu. Beraz, gure espazioa prestatzeko, garbitzeko eta abarrerako, lehen baino denbora gehiago behar dugu.
Horrek guztiak ikasleei eskaintzen diezun denborak murriztea ekarri du?
Lehengo ikasle kopuru beragaz lan egiten dugu. Era berean, denbora bera eskaintzen diegu. Batetik bestera ditugun tarteetan, baina, geu ibili behar gara aringa-aringa, hori aldatu da.
Neurri horiekin lan egitea ere ez da batere erosoa izango.
FFP2 maskarak erabiltzen ditugu momentu guztietan, eta zenbait kasutan lurrean ere lan egiten dugu; kasu horietarako babes amantal bereziak erabiltzen ditugu. Babes neurri horiekin lan egitea nahikoa deserosoa da. Erabiltzen dugun materiala desinfektatzeko, gainera, lehen baino denbora gehiago behar dugu. Koltxonetak, baloiak, zilindroak eta horrelako gauzak erabiltzen ditugu gure egunerokoan, desinfektatu egin behar ditugu, eta erabiltzen dugun gela ere aireztatu egin behar da ostean beste ikasle bat badator ere. Gaur egun, gainera, lehen erabili ahal genituen beste espazio asko ere ezin ditugu erabili. Lehen, esate baterako, psikomotrizitateko geletan asko egiten genuen lan, baina orain ezin dugu, hori dena ezin dugulako garbitu.