Busturiko Udalak berdintasunerako bigarren plana onartu du
Aurrerantzean berdintasun teknikari bat izango dute planagaz laguntzeko. Lehenengo ekintzetako bat eraso sexisten aurrean erantzuteko protokoloa lantzea izango da.
Busturiko Udalak emakume eta gizonen arteko bigarren berdintasunerako plana onartu du. Azken osoko bilkuran onartu zuten, aho batez. Planak lau urteko iraupena edukiko du; 2020tik eta 2024ra artean egongo da indarrean. Murgibe enpresaren laguntzagaz egin dute plana.
Naiara Ruiz Badiola Busturiko zinegotziak azaldu duenez, prozesua denen artean egin dute, eta herri guztiaren partaidetza izan du. Plana egin orduko diagnostikoa egin zuten. Iaz, esaterako, galdetegi bat zabaldu zuten herritarren artean. Gainera, udaleko langileekin eta herriko elkarte eta talde guztiekin elkarrizketak eta batzar ugari egin zituzten. Diagnostikoaren bitartez, herriaren argazki bat eduki dutela dio Ruizek, eta argazki horregaz, planaren zirriborroa egin zuten.
II. Berdintasun Planak bide bi dituela jakitera eman du Busturiko zinegotziak. Bata udal kudeaketari lotuta dago, eta horretan sartzen dira udal langileak eta zinegotziak. Beste bidea, berriz, herriari begira dago.
Formakuntza gehiago
Udal kudeaketari begira planak ezartzen du beharrezkoa dela formakuntza gehiago ematea; “langileek eurek eskatutakoa da, eta oso ondo ikusi dugu”. Batez ere, lengoaia ez sexista erabiltzeko eta hizkuntza paisaia ondo lantzeko eta kontratuetan klausulak ondo sartzen ikasteko formakuntza jasoko dute. Era berean, gaiarekiko sentsibilizazioa ere landuko dute.
Herrira begira landuko duten gaietako bat zaintza izango dela zehaztu du; “zaintza beti emakumeen eskuetan ez egotea lortu gura dugu”. Modu horretan, gizonei zuzendutako tailer bat antolatzea aurreikusten du planak, zaintza arloa landuta.
Emakumeen Jabekuntzan ere eragin gura dute, bai eta sentsibilizazioan ere: “Konturatu gara jendeak oraindik ere kontzeptuak nahasten dituela, eta horiek argi edukitzea beharrezkoa dela uste dugu”.
Emakumeen lana erakusteko hitzaldiak ere ez direla faltako dio Ruizek, herritarrek eurek eskainitakoak; “esaterako, emakume baserritarrek egiten duten lana, Busturian horrelakoak badaudelako”. Eta autodefentsa ikastaro bat egitea ere aurreikusi dute. Egutegi bat egingo dute mota desberdinetako jarduerekin, “pandemiaren mugen araberakoa” izan beharko dela gogorarazita.
Bestetik, Busturiak ez dauka eraso sexisten aurrean erantzuteko protokolorik, eta hori egitea izango da planaren barruko lehenengo ekintza. Hortaz, Ruizek esan duenaren arabera, protokolo hori landu eta materiala sortuko dute, “jaietan, taberna, txosna eta halakoetan eskuragarri jartzeko”. Materiala etxebizitza guztietara ere bidaliko dute.
Emakumearen Kontseilua. Iazko urtarrilean eratu zuten Emakumearen Kontseilua, herriarentzako «itzelezko aurrepausoa» izan dela aipatu du: “Ikusten genuen berdintasunak bere espazioa behar zuela herrian”. Kontseiluan lantzen dituzte gai honi buruzko kontu guztiak, eta han ematen diote lehenengo onarpena. Emakumearen Kontseiluan edozein herritarrek parte hartu dezake, emakumeek zein gizonek. “Gabonen aurretik izandako bileran ikusi genuen beharrezkoa zela protokolo bat edukitzea. Beste kontu bat ere atera zen. Adibidez, udaletik peoirako lan poltsak ateratzen ditugunean beti aurkezten direla gizonak. Orduan, emakumeei zuzendutako tailer bat antolatzea pentsatu dugu peoiek egiten duten lanak zeintzuk diren ikasteko”.
Erronka nagusi bat ere badaukate, gazteengana iristea: “Oso zaila da, batez ere gure moduko herri txiki batean”. Gabezien artean ikusi zuten formakuntza behar zela eta informazio gehiago eman behar zela. Hala, formakuntza emango diete herriko kirol eta kultur taldeei, “antolatzen dituzten ekimenetan berdintasuna txertatzeko”.
Konturatu dira, gainera, planagaz laguntzeko pertsona bat behar dutela, hau da, berdintasun teknikari baten beharra dagoela, eta hori ere lortu dute, eta aho batez onartu dute, gainera. “Berdintasun plana jarraitzea errazagoa izango da pertsona baten laguntza edukita. Ideia asko dauzkagu, baina ez dakigu horiek bideragarriak diren eta zelan bideratu”.
Planak zehazten du, bestalde, urtero udal aurrekontuak “gutxiengo” bat bideratu beharko duela berdintasun planera, eta gutxiengo hori 6.000 eurokoa dela zehaztu du: “Alkateari eskatu diogu hortik gorakoa izatea”.
Herriko eskolaren konpromisoa “garrantzitsua” zen udalarentzat, eta badaukatela esan du Busturiko zinegotziak.