SOS Gaztelugatxe: «Ez dugu ulertzen Eusko Jaurlaritzak jarraitu duen prozesua»
Gaztelugatxeko San Juan Babes Bereziko Kultura Ondare izendatu zuten joan den astean. Izendapenaren berri komunikabideetatik eduki izana kritikatu du plataformak.
Gaztelugatxeko San Juan Paisaia Kulturala kategoriaren barruan Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatu du Eusko Jaurlaritzak; hala jakitera eman zuten joan den astean. SOS Gaztelugatxe plataforma “pozik” agertu da izendapenagaz, hala eta guztiz ere, “ez dute ulertzen ezta onartzen ere” Eusko Jaurlaritzak eta zehazki Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jarraitu duen prozesua.
Izendapenaren berri komunikabideetatik eduki izana kritikatu dute: “Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuruak EiTBren kameren aurrean egindako adierazpenak entzun ostean, Bermeoko Udalera jo genuen izendapenaren berri bazeukaten galdetzeko, eta horri buruz ezer ez zekitela esan ziguten. Udalak aurkeztutako alegazioak erantzun barik zeudela gaineratu zuten. Bermeoko EH Bilduri galdetuta ere, berdin: ez zeukatela alegazioen berririk”.
SOS Gaztelugatxek gogorarazi duenez, herri plataformak Eusko Jaurlaritzak uztailaren 17an abiatutako prozesuari jarritako alegazioaz gain, 1.930 herritarren alegazioak aurkeztu zituzten: “Ebazpen hura udan argitaratu zen, COVID-19ak eragindako pandemia betean, gainera. Hala ere, guk gure balore eta helburuekin arduratsu jokatu genuen, eta gure gain hartu genuen alegazioak egiteko lana. Herriz herri ibilita, 1.930 alegazio batzea lortu genuen, 1.930 herritarren babesa. Abuztuaren 25ean aurkeztu genituen Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeon duen bulegoan”. Orduz geroztik, aldundiaren berririk ez dutela eduki esan dute, “joan den eguaztenean telebistan izendapenaren berri izan genuen arte”.
Zalantzak. Gertatukoaren aurrean, zalantza bat daukate: “Non gelditzen da Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak herritarrei, erakundeei, elkarteei eta alderdi politikoei zor dien errespetua?”. Uste dute horiek ezarritako legeak betearazteaz gain, “bete” ere egin beharko lituzketela.
Jakitera eman dute, gainera, izendapenaren berri izan ondorengo egunean, Kultura Ondarearen Zuzendaritzagaz harremanetan jarri zirela: “Zalantzak genituen. Jakin gura genuen kontuan hartu ote zituzten gure alegazioak, baina ez genuen erantzunik jaso. Hala eta guztiz ere, egun bat beranduago, egunkari batean Aizpuruaren adierazpenak irakurri ostean gure zalantza argitu zuten; alegia, ez zituztela gure alegazioak onartu. Aizpuruak esan zuen alegazioetan babesteko eskatzen genituen ondasunak (Matxitxako, Talaieroaren etxea, San Pelaio eliza, Nestor Basterretxearen eskultura…) Kosta Mugapeari dagozkiola eta, gainera, ez daudela inolaz ere lotuta Gaztelugatxeri dagokion eremuagaz”.
Ez dute “bidezko” ikusten herritarrek egunkari batean irakurri behar izatea Eusko Jaurlaritzak alegazioei emandako erantzuna: “Galdu ote dugu herritarrok guk egindako alegazioen erantzuna pertsonalki, etxean eta epe zehatz baten barruan jasotzeko eskubidea?”.
Herri plataformako arduradunek jakitera eman dutenez, gertatuko guztiari buruzko azalpenak eskatu dizkiote Kultura Ondarearen Zuzendaritzari: “Esan digutenaren arabera, Gaztelugatxeko San Juanen izendapena EHAAn argitaratu ondoren erantzungo omen dituzte gure alegazioak”.
Eusko Jaurlaritzari herritarrenganako errespetua eskatu diote. Bestalde, eurek jarritako legeak betetzeko eskaera ere egin diote.