"Norberak jartzen ditu mugak; dena egin ahal da, arriskatu behar da"
Lekeitioko Tximista Atletismo Taldeko kidea eta Javi Conderen talde paralinpikoko kidea da Markel Arano natxituarra. Aurtengo bere erronka nagusiena den Bilboko maratoia prestatzen ari da
Atletismoa “bizitzeko modu bat” da Markel Arano natxituarrarentzat. 16 urtegaz lasterketak lehiatzen hasi zenetik, askotariko bizipenak utzi dizkio kirol horrek, eta tartean irakaspen asko. Argi-ilunak, markak lortu eta lesioak gainditu behar izan ditu. Denetatik ikasiz, beti aurrera egin du. “Beti esaten dut ez dudala ikusten nire bizitza atletismorik barik. Batzuetan gogorra da, lana eta kirola uztartu behar ditugulako, baina hauxe da aukeratu duguna. Bizitza guztian egin dut kirola. 16 urtegaz hasi nintzen korrikan. Gero, belauneko lesio bat eduki nuen, eta arraunean hasi eta lau urte egin nituen Elantxoben. Ostean, altetismoan sartu nintzen buru-belarri”.
2014tik Lekeitioko Tximista Atletismo Taldeagaz lehiatzen da absolutu mailan, eta 2016an hasi zen Javi Conderen talde paralinpikoagaz lehiatzen. Bi kluben parte izateak “bizitza eman” dio: “Esaterako, Conderen taldean ikustea jendea zelan hobetzen den, zelako ahalegina egiten duten eta zelako irrika daukaten hobetzeko. Eta Tximistan gazteekin dudan pike sano horrek ere bizitza ematen dit”.
Bere kirol ibilbidean abiadura eta iraupeneko lasterketak eta maratoiak egin ditu: “60 metrotik maratoietara arte markak dauzkat. Batik bat, abiadurako markak lortu ditut: 60m, 100m, 200m eta 400 m-tan. 2015etik 2018ra lortutakoak dira”.
2019an Gasteizko Martin Fiz lasterketan egin zuen maratoietan debuta eta Donostiakoan ere parte hartu zuen. Aurten, urriaren 23an dauka hurrengoa. Bilbao Night Marathon dauka begiz jota. Iazkorako izena emanda zegoen, eta aurten egin ahal izatea espero du: “Izena eman dut. Egoera hobeto egotea espero dut, egin ahal izatea. Entrenamendu luzeak egiten ari naiz hori prestatzen. Espero dut minik ez hartzea”.
Erronka berezi edo amets zoro bat ere badauka: “Apur bat zorakeria dirudi, baina Natxituan berton maratoi bat egitea gustatuko litzadake. Erretiratu aurretik egin nahiko nuke. Beti esan izan dut maratoiak egin nahi nituela, eta bi egin ditut. Entrenatzaileagaz berba egin nuenean zoratuta nengoela esan zidan, ea seguru nengoen. Oso argi neukan. Prestaketarako pisua galdu, gorputza ohitu… Urte eta erdi egon nintzen prestatzen”. Bi maratoi horiek jarraian egin ostean, hainbat lesio eduki zituen: tendinitisa, bikietan kontrakturak, lepoan arazoak… Ondorioz, iaz udara arte geldi egon zen, ia entrenatu ezinik: ”Hobeto nengoela ikusita entrenatzen hasi nintzen, eta gaur arte”.
Entrenatzaileari eskertuta
Tximistako Aitor Salio da bere entrenatzailea. Oso eskertuta dago. “Beti ematen dizkiot eskerrak. Nik lortu dudanaren zatirik handiena berari esker da. Ondo ezagutzen nau, badaki noraino heldu naitekeen. Aurten, zoritxarrez, Tximistagaz absolutu kategorian ezin izan dut korritu, talde paralinpikoagaz bai. Kros batzuk antolatu dituzte, Euskadiko Kros Txapelketa eta pistan Bizkaiko Txapelketa ere egin ditugu. Martxoan Espainiako Kros Txapelketan egon ginen, Sevillan, eta maiatzaren 8rako Basauriko Nazioarteko Meetinga antolatu dute. Egin ahal izan ditugun horiek egin ditugulako pozik nago”.
Taldekideen lana eta kemena azpimarratu ditu: “Conderen klubean sartu nintzenean, harritu egin nintzen. Ikaragarria da ikustea zelako lana egin eta zelako markak egiten dituzten, ez bakarrik nire moduan adimen urritasuna daukatenak, buru-paralisia daukatenak, eskua falta zaienak… Gurasoak zelan inplikatzen diren ere ikaragarria da”.
Ezagutarazi
Ikusgaitasuna ematearen garrantzia aipatu du: “Ezagutzen ez den kolektibo bat da, bistaratu egin behar da. Ez gara inor besteak epaitzeko, eta ez diogu kasurik egin behar besteek esango edo pentsatuko ote dutenari. Gauzak egin ahal dira, eta ez da zertan etxean sartuta egon, gaixotasun bat edo dena delakoa izateagatik. Ze gaitasun dituen ikusarazi behar zaio jendeari, eta ahoak isildu”.
Azken urtea gogorra egin zaiola aitortu du, eta momenturen batean dena uztea ere pentsatu zuen. Baina ez zuen amore eman, burutazio hori berehala baztertu zuen: “Burutik pasatu zitzaidan uztea, baina pentsatzen hasi eta konturatu nintzen ezin nuela utzi. Estres momentu bat izan zen. Dudan egon nintzen, baina segituan kendu zitzaidan burutik. Hitza ematen badut betetzeko da. Esan nuen maratoiak egingo nituela eta hitza bete nuen, eta pentsatu nuen Bilboko maratoia ezin nuela egin barik utzi. Mugak ditugu, baina aurrera egin behar da. Zoritxarrez, egutegi zehatzik, txapelketa zehatzik ez dagoenez, apur bat kosta egiten da. Baina egunen batean amaituko da hau”. Lehiatzeari uztean ere korrika segituko duela argi dauka: “Antsietate krisiak edukitzen ditut, eta psikiatrak esaten dit korrika egin behar dudala, irten egin behar naizela, nerbioa erretzeko”.
Oroitzapen onen errepasoa egin du: “Momenturik bereziena abiaduran Euskadiko Txapelketak irabazi nituenean izan zen. Paralinpikoetan Euskadiko lau txapelketa irabazi ditut, aire librean eta pista estalian”. 2014an utzi zuen arrauna, eta 2015ean Gernikako duatloian parte hartzea ere momentu oso polita izan zela nabarmendu du. “Denboralea egin zuen: euria, hotza… eta amaitzea sekulakoa izan zen. Gernikako duatloia ere izan da bete dudan erronketako bat”.
Momenturik gogorrena, berriz, 2017ko Espainiako Txapelketa izan zen: “Joan nintzen lehen urtean hirugarren egin nuen. Aurreko urtean domina aterata, ilusio eta gogo handia neukan, urrea ekarri behar nuela konbentzituta nengoen. Kolpe handia hartu nuen, ez dakit presioagatik-edo izan zen. Baina ikasteko hori ere ondo dator. Batzuetan ez da nahi duguna irtetzen. Ez naiz damutzen». Hori inflexio puntua izan zen abiadurako lasterketak uzteko: “Oso berandu hasi nintzen; bizpahiru urte egin nituen abiaduran lehiatzen, eta ikusi nuen jada ez nengoela horretarako”.
Laguntzagaz edo laguntza barik dena egin ahal dela, edonora heldu ahal dela azpimarratu du: “Norberak jartzen ditu mugak. Dena egin ahal da. Dudan dauden gurasoei edo urritasunen edo menpekotasunen bat daukaten atletei aurrera egitea esatea gustatuko litzaidake, eta zer esango dutenaren beldurrik ez edukitzeko. Helburu bat badaukate egiteko, beldurrik ez edukitzeko. Egin ezean, gerora damutu egin daitezkeelako. Arriskatu egin behar da, duda barik. Urritasun intelektualagaz nahiz eta bizitzako aspektu batzuetan laguntza behar izan, muga batzuren barruan, edozer egiteko gai gara. Lanerako, gidatzeko, ikasketetarako, kirolerako… kapazak gara. Gurasoei esango nieke seme-alabek dituzten ilusioak ez mugatzeko zer esango duten beldurragatik, eta aurrera egiteko. Nahiz eta gauza batzuetarako zailtasunak eduki, egin ahal dela. Babestu nahian, agian, kalte egiten zabiltza. Kolpea hartu behar badu hartuko du, baina bizitzako zentzu guztietan”.