"Nire erronka lortzeko, gehiago entrenatuko dut, teknika batez ere"
Lehenengo aldiz, Europako Txapelketa lehiatu zuen orain dela bi aste inguru Moskun, eta 14. postuagaz bueltatu zen. Espainiako eta Euskadiko txapelduna ere bada bermeotarra.
Maila nagusiko Halterofiliako Europako Txapelketa 14. postuan amaitu duzu. Lehenengo aldia zenuen nazioarteko txapelketa batean, ze balorazio egiten duzu?
Puntuazio bat eman beharko banu, 6 bat izango litzateke. Badakit asko hobetu ahal dudala. Aurreko bi urteetan 23 urtez azpikoekin joateko deitu zidaten, baina duela bi urte lan kontuengatik eta iaz pandemiagatik ezin izan nuen maila horretan lehiatu. Gogoagaz geratu naiz, kategoria horretan jende ona egon badagoelako, baina nire adinekoak dira. Maila nagusian debutatzeak ikara apur bat eman dit, baina izotzaldia urtu da. Maila handiko kirolariak zeuden Moskun jokatu den Europako Txapelketan. Kontuan izan behar da Tokioko Olinpiar jokoetarako sailkapena jokoan zegoela, eta onenak zeuden. Hala eta guztiz ere, lehenengo aldi bat egon behar da, eta egon da jada, eta esperientzia hori nigaz daramat.
Urduri joan zinen?
Oso urduri, bai. Lehen aldia zen nazioarteko txapelketa batean, eta berriena nintzen selekzioan, gainera. Besteak egondakoak ziren, eta ni, berria izanik, apur bat galduta nengoen. Baina, listo, eginda dago!
Astean seitan entrenatzen dut, eta kanpotik begiratuta ikusi ahal da sakrifizio modura, nik, baina, ez dut holan hartzen. Gustura egiten dut.
Iaz pandemiagatik ez zen Europako Txapelketarik jokatu. Pandemia aipatuta, zelan eragin dizu?
Uste dut zorte handia eduki dudala. Nire ama baserri batean bizi da Bermeon, eta bertan egin nuen itxialdia. Lehen lan egiten nuen gimnasio batekoek utzi zidaten entrenatzeko behar nuen material guztia. Hori bai, helburu barik ari nintzen entrenatzen, entrenatzaileak ez zekielako nondik jo. Ez naiz gelditu, eta ezin naiz kexatu. Nire egunak sasoi hartan izaten ziren ikasi, txakurra atera eta entrenatu. Egunero gauza berdinak egiten nituen, baina berriro diot, ezin naiz kexatu.
Euskadiko eta Espainiako txapelduna izan zara Indarra Vital Gasteizko taldeagaz. Esfortzu handia egin behar izan duzu urte hauetan guztietan?
Oso barneratuta daukat egin behar dudana. Gustukoa dut kirola egitea, eta beti egin izan dut. Inoiz ez dut entrenamenduetara hutsik egin. Egia da jai edo bidaia batzuetara ezin izan dudala joan, baina egiten dudana oso barneratuta daukat eta ez dut sakrifizio modura hartu horietara ezin joatea. Astean seitan entrenatzen dut, eta kanpotik begiratuta ikusi ahal da sakrifizio modura, nik, baina, ez dut holan hartzen. Gustura egiten dut egiten dudana, eta pozik egiten dut.
Zer da kirol hau praktikatzea gaztea eta emakumea izanda?
Nik ez dut inoiz arazorik eduki. Askok esaten didate mutilen munduan nabilen neska naizela, baina ez da horrela. Nire taldekoek inoiz ez didate hori sentiarazi, alderantziz; taldeko bakarra naiz maila honetan, eta aldare batean naukate. Inoiz ez didate aurpegi txarragaz begiratu, eta ez dute nire lana inoiz zalantzan jarri. Kanpotik inork zerbait pentsatzen badu, aurpegira inoiz ez didate ezer esan.
Zelan hasi zinen mundu honetan?
Beti praktikatu dut kirolen bat; eskubaloia, judo eta gimnastika erritmikoa egin izan ditut. 15 urte egiteko nituela ebakuntza bat egin zidaten hanketan. Oraindik Internet ez zenean horrenbeste erabiltzen, han ikusten nituen neska indartsuen argazkiak. Uste nuen korrika egiten lortu ahal nuela gorpuzkera hori, gerora konturatu nintzen indarra landu behar nuela. Gimnasiora sartzeko gazteegia nintzen, Bermeon 16 urtera arte ezin daitekeelako sartu, eta pare bat aldiz ezkutuan sartu nintzen, eta Arantza monitoreak gogoan izango du. 16 urte bete nituen egun berean joan nintzen gimnasiora. Gaur egun ikusten ditut 14-15 urteko gazteak Crossfiteko gimnasioetan, eta pena handia ematen dit, nik ez dudalako aukera hori eduki. Crossfit-ek lagundu egin du horretan. 18 urtegaz Gasteizera joan nintzen Soin Hezkuntza ikastera, eta han ezagutu nuen nik Crossfit, eta horren barruan dago halterofilia. Egun batean gimnasiora etorri zen halterofiliako klaseak ematera gaur egun nire entrenatzailea dena, Iñigo Ruiz de Azua. Zerbait ikusi zidan, eta horretan hasteko proposamena jaso nuen, eta hala hasi nintzen.
Ez dakit nire erronka lortu ahalko dudan, baina astia badaukat, gaztea naiz.
Zenbat pisu altxatzen hasi zinen eta zenbat altxatzen duzu gaur egun?
Halterofiliako lehenengo txapelketan 58 kilo altxatu nituen kolpe batean, eta 81 kilo bi kolpetan. Gaur egungo nire markarik onena, berriz, 85 eta 108 kilo dira, hurrenez hurren.
Eta zein da zure erronka?
95 kilo kolpe batean eta 115 kilo bi kolpetan.
Zure erronka horretara iristeko, zenbat entrenatu beharko duzu?
Orain artekoa baino apur bat gehiago. Teknika hobetu behar dut, asko gainera. Ez dakit nire erronka lortu ahalko dudan, baina astia badaukat, gaztea naiz. Zorte ona baldin badaukat eta ezer gertatzen ez bada, astia daukadala uste dut.
Zeintzuk dira aurreikusita dituzun hurrengo txapelketak?
Datorren asteburuan jokatuko da Euskadiko Txapelketa, eta Espainiakoa ekainean da. Gogotsu nago, etxean konfiantza handiagoagaz aritzen naiz. Aprobetxatu egin behar dut.
Elikadura asko zaindu beharra daukazu?
Bai, baina hori ere oso barneratuta daukat. 16 urtegaz gimnasioan hasi nintzenean zaintzen hasi nintzen, garbiago jaten hasi nintzen. Asko hobetu dut, eta gustatu egiten zait ondo jatea. Larregi jaten baldin badut ez naiz ondo sentitzen, gorputzak ez dit ondo hartzen. Hala ere, txokolate zati bat jan gura badut, jan egiten dut, kontrolatuta daukat; badakit noiz zer egin. Ez zait garbi jatea kostatzen, eta entrenatzea ere ez zait kostatzen. Egia da badagoela egunen bat edo beste nekatuta nagoela, baina egin beharra daukat, ez badut egiten txarto sentitzen naiz.
Astean seitan entrenatzen duzu. Egunean zenbat ordu?
Egunean ordu eta erdi edo bi ordu izaten dira. Lau egunetan halterofilia egiten dut eta gainontzeko bi egunetan entrenamendu osagarriak.
Zelan daroazu etxetik kanpo egotea?
Gasteizen nago lanean; hamar egun lan eta hamar egun libre izaten ditut. Pena ematen dit libre daukadan hamar egun horietan Bermeon egon ahalko nintzatekeelako, baina ez daukat entrenatzeko gune egokirik. Materiala badaukat, baina ez dira entrenatzeko baldintzarik onenak. Kontuan eduki behar dut zein den daukadan maila, eta zer den lortu gura dudana. Baina amorrua ematen dit, askotan Gasteizen geratzen naizelako entrenatzeko, eta batez ere, baldintza onetan entrenatzeko. Pena ematen dit Bermeon entrenatzeko horrelako leku bat ez edukitzea. Ez dakit noiz, baina bueltatuko naiz herrira.