Tradizio modernoaren dantza ausarta
Ross dantza eskolak eta Jose Luis Magaña koreografo mexikarrak 'Ausarta' pieza sortu dute. Gernikako historia eta euskaldunen kultura dantza garaikideagaz uztartu dituzte. Domekan Lizeoan eskainiko dute dantza antzezpena, bigarrenez.
Arriskua edo beldurra sortzen duen egoera baten aurrean erakusten den jarrera eta determinazioa omen da ausardia, eta Gernika herri ausarta legez ikusi duelako sortu du Jose Luis Magaña koreografoak domeka honetan Lizeo antzokian erakutsiko duen pieza: Ausarta. Bigarrenez antzeztuko dute, 12:30ean.
Ross dantza taldearekin batera sortu du pieza. Hain zuzen, dantza eskolaren arduradun Rosa Remneteria da produktore eta zuzendaria. Eskola horretako 13 dantzari ditu Magañak berarekin, herriaren historia eta kultura dantza garaikidearekin uztartzen dituzten mugimenduetan bat eginda.
Rementeriak berak gonbidatuta heldu zen koreografo mexikarra Gernika-Lumora. Herriaren nortasunean, kulturan eta historian sakondu ostean, elkarrekin sortu behar zuten ikuskizun artistikoak oinarria bertoko historian izatea erabaki zuen koreografoak. Rementeriak azaldu duenez, «lanak sortzerakoan errespetu handia erakusten du beti tokian tokiko historia eta kulturarekiko».
Uztartuta. Ausarta iruditu zaio Magañari Gernikarren herria, eta izenburu hori jarri nahi izan dio bere lan berriari. Horretarako, ohiturak, tradizioa eta modernitatea uztartu ditu. Agurra doinua, txalapartaren erritmoa eta euskal dantzen pausoak dantza garaikidean txertatzeko ausardia erakutsi du.
Transmititzearen nahia argi, egileak bi egunetan ondu duen duen dantza ikuskizuna da Ausarta. Kulturarekiko ez ezik, Gernikaren historiarekiko errespetua ere erakutsi nahi du, eta koreografian bonbardaketa gogora ekartzen duten pauso eta mugimenduak ere txertatu ditu.
Picassoren Guernica koadroa ere inspirazio iturri izan du ideia garatzeko orduan, eta gernikarren sentimendua ere kontuan izan du, Elvira Otaolearen berbak bere eginez: «Parkatu bai, baina ahaztu inoiz ez».