Liburuaren Egunarekin lotutako ekintzak antolatu dituzte
Egun hori ardatz hartuta, gaur egungo egoerara baldintzatutako zenbait ekimen antolatu dituzte bertoko zenbait herritan.
Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da barikuan, eta gaur egungo egoerara baldintzatutako zenbait ekimen antolatu dituzte bertoko herrietan.
Mundakako udal liburutegiak Mundakako eskolara lekualdatuko ditu beste urte batzuetan liburutegian bertan egindako ekimenak; “burbuilak mantendu asmoz”. Modu horretan, apirilaren 28rako ipuin saioak antolatu dituzte. Horietan, HH4 eta 5 eta LH1 eta 2ko umeek parte hartuko dute. Jakitera eman dutenez, Miru izango da ipuin kontalaria.
LH3, 4, 5 eta 6ko ikasleek, berriz, bertsolaritza tailer batean parte hartzeko aukera edukiko dute; hori, baina, maiatzaren 11n izango dela zehaztu dute liburutegiko arduradunek. Bertso jasa, bat-bateko jolasa-ren bitartez, bertsolaritza mundura hurbilduko dira Mundakako ikasleak.
Bestalde, bihar Irakurketa Klubak hitzordua dauka liburutegian bertan, 18:30ean. Lili eta Biok eta La educacion de Lili liburuak landuko dituzte.
Gogorarazi gura dute gainera liburutegia egunero zabalik dagoela, astelehenetik barikura 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara.
Bermeon, berriz, urtero egin modura, barikuan bertan Joxe Miel Barandiaran udal liburutegiak liburuak banatuko ditu bere erabiltzaileen artean (agortu arte).
Busturian, berriz, liburutegian bertan aurkitu daitezkeen zenbait liburu gomendatzeko gida bat kaleratu dute. Ume zein helduentzako gomendioak daude horretan, bai eta familientzako ere. Era berean, landareekin gozatzeko aukera eskaintzen duten zenbait liburu ere jarri dituzte gidan.