Irakurleen Txokoak 'Analfabetoa idazle' liburua aztertuko du bihar
Udal liburutegian batuko dira parte hartzaileak, 18:30ean hasi eta 20:00ak arte.
Apirileko Bermeoko Irakurleen Txokoko hitzordua ere iritsi da; hain zuzen ere, biharko jarri dute hitzordua. Ohi legez, udal liburutegian batuko dira parte hartzaileak, 18:30ean hasi eta 20:00ak arte. Bertaratutakoek Analfabetoa idazle liburua eroan beharko dute irakurrita, hori baita aztergai izango dutena.
Alberdania argitaletxeak kaleratu du Analfabetoa idazle, eta Agota Kristofen autobiografia literarioa da. Oraingoan, itzulpen bat aukeratu dute taldean aztertzeko; kasu honetan, Eskarne Mujikak egindako itzulpena. 2004an argitaratu zen lana jatorriz, autorea hil baino sei urte lehenago, eta haren bizitzako pasadizoak ditu aipagai, atal motzetan eta modu indartsuan.
Lehendik ere Kristofen lanak euskaraz irakurtzeko aukera eman du Mujikak, berak itzuliak baitira Koaderno handia (Alberdania, 1997), Atzo (Elkar-Alberdania, 2003), eta Berdin dio (Alberdania, 2005).