Auzholan elkarteak lehenengo bisita gidatua antolatu du domekarako
Arrietara joango dira, eta han Olatxuko Laboreaken egiten duten lana ezagutu ahalko dute.
Busturiko Kontsumo Taldea indartzeko eta herrian eskaintza interesgarria egiteko, Auzholan elkarteak ekoizleei bisitak egiteko programa prestatu du Uribe Butroeko Sareagaz batera. Hala, lehenengo bisita gidatua domekarako antolatu dute. Arrietara joango dira, eta han Olatxuko Laboreaken egiten duten lana ezagutu ahalko izango dute.
Hilabetean behin bisitak egiteko asmoa zeukatela iragarri zuten, eta hilabete honetan hasiko dira horiekin. Baserrietan bertan, ekoizleek euren produktuak zelan lantzen dituzten ezagutzera ematea dute asmo.
Domekako bisita gidatuan parte hartu gura dutenek zapatura arteko epea daukate izena emateko. Horretarako, auzholan@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali beharko dute, edo nahiago izanez gero, 633 38 75 42 telefono zenbakira deituta ere izena eman daiteke. Domekan 11:00etan aterako dira Busturitik; Altamira auzoko plazan bilduko dira denak batera joateko. Izan ere, ibilgailu pribatuetan joango direla zehaztu dute antolatzaileek, “burbuilak ahalik-eta hobeen mantendu asmoz”.
Hala eta guztiz ere, norbaitek bisitan parte hartu gura balu eta joateko ibilgailurik ez balu, arazorik ez legokeela gaineratu dute; “beste norbaitekin joateko aukera izango luke”.
Bi ordu inguruko bisita. Momentuz, hamalau pertsonek izena eman dute: “Familiak ari dira animatzen, izan ere, interesgarria da umeei baserri ingurua erakustea. Kasu honetan kontserbak zelan egiten dituzten erakutsiko badigute ere, inguruan beti daude animaliak, landareak, zuhaitzak… Familientzako irteera interesgarria izan liteke”.
Bi ordu inguruko bisita izango dela aipatu dute antolatzaileek. “Lehengaiak nondik lortzen dituzten azalduko digute lehenengo, eta gero lantegia bera bisitatuko dugu”.
Olatxuko Laboreak 2011. urtean Arrietako Olatxu baserrian sortutako proiektu agroekologikoa da. Baserriko lana ardatz, artisau eran eta eskala txikian lan egitea maite dute, prozesuaren atal bakoitza zainduz: fruta eta barazkien ekoizpenetik produktu eraldatuak plazaratu arte. Fruta eta barazki marmeladak, barazki pateak eta fruta kremak ekoizten dituzte.
Datorren hileko hitzordua ere badaukate jarrita; maiatzaren 22an izango da, zapatuan. Bigarren bisita gidatu horretan Bizkaiganen egiten duten lana ezagutzeko aukera edukiko dute; “oso interesgarria izango da”.