Agustin Bergarak piano kontzertuak eskainiko ditu Ean
Apirilaren 29an eta maiatzaren 7an Eako udaletxean egingo dituzte emanaldiak, eta aurretiaz izena eman behar da Eskolondo Tabernan.
Musika proposamena dakar oraingo honetan Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldeak. Agustin Bergara herriko piano jotzaileak bi kontzertu eskainiko ditu.
Apirilaren 29an (eguena) eta maiatzaren 7an (barikua) Eako udaletxean izango dira emanaldiak, 18:00etatik aurrera.
Saio bakoitzean gehienez 20 pertsona sartuko dira udal aretoan. Beraz, aurretiaz izena eman behar da Eskolondo Tabernan. 40 pertsonak baino gehiagok izena emanez gero, itxaron zerrenda osatuko dute hirugarren emanaldi bat antolatzeko. “Distantziak mantentzeko eta bera eroso egoteko 20 pertsonako aforoa ipini behar izan dugu. 40 pertsonak baino gehiagok izena emanez gero, bera prest dago beste hirugarren saio bat egiteko”, azaldu dute antolatzaileek.
Bergara gaur egun jubilatuta dago, baina urte askotan Bilboko Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioko irakaslea izan da. Piano kontzertuak lau zatitan banatuta egongo dira. Bach,Brahms, Scriabin eta Gershwin konpositorren obrak eskainiko ditu. Ikasteko eta gozatzeko emanaldiak direla nabarmendu dute HEA kultur taldekoek: “Lau autore horien bina pieza jo eta komentatuko ditu. Hau da, aurretiaz obrak norenak diren azalduko du, garaiari eta autoreari buruzko azalpenak emango ditu. Ikasi egingo dugu”.
Bergarak lehenengoz eskainiko du kontzertzua Ean: “Bere koordinazioagaz, bere bitartez hainbat kontzertu antolatu izan ditugu. Bere ikasle, ikasle ohi, lankide eta ezagunekin egin ditugu bai gitarra, piano, biolin… emanaldiak. Ohore handia da, zorte handikoak sentitzen gara. Behin eta berriro eskatu izan diogu jotzeko maisu handia baita”.
Herriko familia batek dohaitzan emandako piano alemaniar bat daukate udal aretoan, eta horregatik, bertan egingo dituzte kontzertuak: “Modu anonimoan piano oso on bat opari moduan eskaini zuen herrirako. Gure taldekook kudeatu genuen, eta udal aretoan jarrita dago. Herritarrentzako da”.
Kultura taldekoek beste behin Erramun Mendibe Landa margolariaren laguntza eduki dute, berak egin baitie kontzertuak iragartzeko kartela: “Kartela oso berezia da, oso dotorea eta poetikoa, eta zentzu musikala dauka. Herriko bi artista handi elkartuko ditugu herriak gozatzeko. Zorte handikoak sentitzen gara horrelako artistak ditugulako herrian”.
HEAko kideek herrian kultura bultzatzen dihardute, eta zeregin horren garrantzia nabarmendu dute: “Bizi dugun garaiakontuan izanda, gainera, Ea pixka bat biziberritzeko aukera hori izanik, pentsatzen dugu kultura protagonista izan behar dela Ean ere, bizitza soziala hortik ere egiten da eta. Kultura talde moduan pentsatzen dugu gure lana hori dela, kultura suspertzea eta herritarrei eskaintzea dauzkagun baliabideak erabiliz eta gozatuz”.