Gaztelugatxe Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatu du Eusko Jaularitzak
Jakitera eman dutenez, Gaztelugatxeko uhartea, zubia, bertako zabalgunea eta hainbat ondare higigarri eta inmaterial babesten ditu onartutako dekretuak
Gaztelugatxeko San Juan Paisaia Kulturala kategoriaren barruan Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatu du Eusko Jaurlaritzak. Onarpenak bi babes eremu zehazten ditu. Batetik, monumentu eremua bera, hau da, ondare-ikuspuntutik balio nagusiko eremua, eta bestetik, lehenengo eremu horri babesa ematen diona. Babestutako multzoaren barruan sartzen dira Gaztelugatxeko uhartea, zubia, bertara sartzeko dagoen zabalgunea eta multzoari balioa ematen dion eremu lurtarra eta itsastarra.
Eusko Jaurlaritzak Gaztelugatxeko San Juani eman dion babesaren oinarrian daude paisaia kulturalaren kultura-nortasuna, kokagunearen balio historiko-arkitektonikoa, paisaia bera eta balio materialak eta immaterialak. Azaldu dutenez, azken horien artean, aberastasun handiko tradizioak daude, batez ere, erlijiozkoak. Dekretuak zehazten duenez, “Gaztelugatxeren berezitasuna arkitekturaren, paisaia naturalaren eta izaera erlijiosoaren sinbiosian dago”.
Eusko Jaurlaritzatik jakitera eman dutenez, aurrerantzean, Gaztelugatxeko San Juanen kultura-paisaiaren erabilera nagusiak erlijiosoak eta kulturalak izango dira, batez ere, erromesaldiak eta atsedena eta paisaia naturalen kontenplazioa. Turismo erabilera ere onargarria izango dela esan dute, “baldin eta jasangarria eta kultura-paisaiaren kultura-balioak errespetatzen baditu”.
Bestalde, babestutako eremuan egingo diren esku hartze eta obrek ondasunen balioak errespetatu eta hobetu beharko dituzte “derrigorrez”, eta horiek guztiak Bizkaiko Foru Aldundiaren kultura ondarearen arloko eskumena duen sailak baimendu eta onartu beharko ditu.
Babes Bereziko Kultura Ondasun izendapena eman bai, baina SOS Gaztelugatxe plataformatik jakitera eman dutenez, plataformak aurkeztutako alegazioen erantzunik ez daukate. Hala eta guztiz ere, izendapena onerako izango delakoan pozik agertu dira.
Bitartean, Gaztelugatxeko San Juanerako sarbideak zarratuta jarraitzen du, “babestutako enklabea bisitatzen duten pertsonen segurtasunerako arriskuak saihesteko helburuz”.