Foruko EH Bilduk herrian aplikatu daitezkeen udal politika iraunkorren gida egin du
Energia, hondakinak eta basoak aztertu eta proposamen ugari egin dituzte. Gai bakoitzagaz lotutako hitzaldi bana antolatu dute; lehenengoa bihar izango da, 19:00etan, Foruko aretoan.
Foruko EH Bilduren arabera, udalek aukera ugari dituzte iraunkortasun politiketan sakontzeko eta sustatze bidean proiektuak martxan jartzeko. Modu horretan, Foruan aplikatu daitezkeen udal politika iraunkorren gida egin dute. Energia eta erregai fosilak, hondakinak eta ekonomia zirkularra eta basoak eta biodibertsitatea landu dituzte. Herriaren egoera aztertu eta proposamen desberdinak egin dituzte, “norabide aldaketak etxetik hasi behar duelako”.
Foruko Udalean aurkeztu dute proposamena. Azaldu dutenez, landu dituzten hiru alor horietan “gabeziak” ikusten dituzte herrian, eta uste dute gaur egun “bai edo bai” landu behar diren gaiak direla. Modu horretan, datozen hilabeteetan udalean zein herrian aipatu gaiak lantzeko asmoa daukate. Horretarako, gainera, gai bakoitzagaz lotutako hitzaldi bana antolatu dute. Lehenengo hitzaldia bihar da, eta Goienerrek emango ditu azalpenak. Energia berriztagarriak eta autokontsumoa Forun izeneko hitzaldia Kultur Etxe ondoko Foruko aretoan izango da, 19:00etan. Maiatzean eta ekainean izango dira hurrengo hitzaldiak, ordu eta leku berean.
Energiari dagokionez, EH Bilduk esan du Foruko Udalak ez diola jarraipenik egiten bere energia kontsumoari, eta gutxitzeko edo berriztagarrietara bideratzeko inolako ekinbiderik martxan ez duela. Horregatik, horien arabera, udalak kudeatutako eraikin, ibilgailu eta argiteria publikoko instalazioen inbentarioa egin beharko litzateke, energia kontsumoa adierazita. Instalazio guztiek, gainera, energia elektrikoaren kontagailuak beharko luketela uste dute. Bestalde, proposatu dute udalak energia elektrikoa erosteko egiten dituen lizitazioetan energiaren %100 berriztagarria izatea, bai eta kontratatzen diren enpresak aholkularitza energetiko zerbitzua edukitzea ere. Udalak erosten dituen ibilgailuak elektrikoak izatea proposatzen dute, eta horiek kargatzeko gunea ezartzea. Gainera, energia berriztagarria sortzeko instalazioak jartzea ondo legoke EH Bilduren arabera, “kontsumoaren %32 ekoiztu ahal izateko”. Urte batzuetarako jarduera energetikoko plana diseinatzea ere ondo ikusten dute.
Zabor bilketan “aldaketak”. Foruko zabor bilketaren egoera ere aztertu dute koalizioko kideek. Uste dute “ezinbestekoa” dela Foruko zabor bilketa sisteman aldaketak egitea; “sortutako zabor kopurua murriztu eta birziklapen tasa handitzeko”. Jakitera eman dutenez, Foruan zaborraren %17,7 birziklatzen da, eta zabor kopuru handia sortzen dela uste dute; “2020an 388.796 tona”. Gogorarazi dute Europako Batasunaren helburua dela 2030erako zaborren %60 birziklatzea.
Datu horiei buelta emateko, EH Bilduk proposatu du herriko auzo guztietan gutxienez zabor-gune oso bat jartzea, eta herriko parkeetan zaborra bereizita batzeko ontziak jartzea. Uste dute bestelako zaborrentzako (etxetresnak, arropak, pilak…) gune berezi bat sortzea ondo legokeela. Organikoari aipamen berezia egiten diote. Hala, organikoa birziklatzen dutenen errolda egin beharko litzateekeela diote, horiek hobariak eduki beharko lituzketela gaineratuta. Txip bidezko 5. edukiontzia jartzea eta auzo konpostaren beharra ere ikusi dute. Proposamen artean dago baita ere bildutako zabor organikoaren konpostatzea Foruan bertan egitea eta herritarren artean banatzea.
Basoei buruzko datuak ere eman dituzte. Jakinarazi dutenez, 426 baso hektarea inguru dauzkate Foruan (209 pinu hektarea, 43 eukalipto hektarea, 84 arte hektarea, 78 baso misto atlantiko hektarea, 7 haritz hektarea). EH Bilduren arabera, urtero, udal aurrekontuaren %3 baso lurrak erostera bideratu beharko litzateke.
Bestelako proposamenak ere badituzte: lursailen jabeekin akordioak sinatzea eta aholkularitza eskaintzea, lur publikoetan bertoko ekosistema sustatzea eta herritarrak sentsibilizatzeko ekintzak egin eta parte hartzea bultzatzea.
Hiru hitzaldietako datak
- Energia berriztagarriak eta autokontsumoa Forun. Bihar, 19:00etan, Foruko aretoan. Hizlaria: Goiener.
- Lea-Artibaialdeko hondakinen bilketa eredua. Maiatzaren 14an, 19:00etan, Foruko aretoan. Hizlaria: Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoko presidente ohia.
- Hostazabal: Lur publikoa eta auzolana. Ekainaren 11n, 19:00etan, Foruko aretoan. Hizlaria: Hostozabal elkartea.