Wartsilako langileak greban daude, kaleratzeak salatzeko
Aste osoko greba deitu dute, lau lankideren lanpostuen defentsa egiteko. Goizero elkarretaratzeak egiten dituzte enpresa aurrean, 07:30etik 10:00etara.
Orain dela bi aste eta erdi inguru lau langile kaleratu zituen Bermeoko Wartsila enpresak. Kaleratzeak, gainera, “aurretik ezer esan barik” eman direla kritikatu dute Langile Batzordekoek: “Langile Batzordeagaz berba egin barik, deiak jaso zituzten lau lankideek, eta momentuan kaleratu zituzten. Ez diete beste aukerarik eman”. Hala, aste osoko greba deitu dute.
Diotenez, jakin badakite langile askok eta askok urtean aparteko 100 ordu baino gehiago egiten dituztela, “beraz, lana egon badago”. Kaleratzeen berri izan ostean, Langile Batzordekoek idatzi bat egin dute: “Enpresari eskatu diogu kaleratzeak bertan behera uzteko, eta benetan arazoren bat baldin badago, mahai baten inguruan eta errespetutik abiatuta, gaia gugaz lantzeko. Enpresak, hala ere, ez digu kasurik egin”. Hortaz, “lankideen lanpostuen defentsan eta horiek berriro enpresan onartzea eskatzeko” aste osoko greba deitu dute.
Atzo hasi zuten greba, eta barikura bitartean egingo dute. Hala ere, enpresak ez badu beste ezer eskaintzen eta ez badu beste ezer esaten, jesarri eta berriro ere hausnarketa egin beharko dutela azaldu dute. Goizero egiten dituzte elkarretaratzeak Wartsila enpresaren aurrean, 07:30etik 10:00ak arte, “lanera sartzeko orduak baliatuta”.
Gutxi gorabehera, 110 langile daude grebara deituta. Grebaren erantzuna “ona” izaten ari dela diote, nahiz eta, diotenez, zaila da jakitea zenbat langile ari diren greba egiten; “telelanean ari dira langileetako batzuk eta beste batzuk atzerrian. Atzerrian dauden gehienak, hala ere, badakigu greba egiten ari direla”. Greba deialdia, hortaz, “arrakastatsua” izaten ari dela aipatu dute.
Ez dakite etorkizunean zer gertatuko den, baina espero dute kaleratutako langileak enpresara bueltatzea: “Berba eginez gero, gauzak hobeto konpontzen dira, eta langileak errespetatu egin behar dira”.
Deslokalizazio prozesu bat abiatu dutela diote Langile Batzordekoek: “Hemen egiten zen lana beste leku batera eroan dute. Ez badugu ezer egiten, batek daki hurrengoan zer egingo duten eta zer nolako erabakiak hartuko dituzten”. Hortaz, euren lanpostuak defendatu behar dituztela argi daukate. “Beraien kabuz onartzen ez diguten errespetua irabazi beharko dugu borrokaren bitartez”.
Kaleratutako lau langileak tailerrekoak ziren, eta tailerra beste eremu batera eroatea erabaki dutela aipatu dute hango langileek: “Ez da hemen ez zelako lanik egiten, euren erabaki estrategiko bat izan da. Erabaki hori hartuta, egunean bertan kaleratu zituzten langileak, inogaz berba egin barik eta ezer esan barik”.