Olatz Arrizabalaga: "Txapelketan erakutsitako mailagaz gustura geratu naiz"
Eskuz Binakako Laboral Master Txapelketan txapeldunorde geratu dira Arrizabalaga eta Agirre. Finaletik astebetera, gernikarragak dio joko maila ona erakutsi dutela.
Eskuz Binakako Laboral Master Txapelketan txapeldunorde geratu dira Olatz Arrizabalaga gernikarra eta Naroa Agirre zestoarra. Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi dira aurtengo txapeldunak. Iaz, pilotaleku berean, pilota goxoarekin txapeldun izan ziren nafarrak, eta aurten mistoarekin ere bikain moldatzen direla berretsi dute.
Lehiakortasuna eta emozioa. Osagai horiek eduki zituen apirilaren 4ko finalak. Batez ere partiduko lehenengo zatian, markagailuan berdinketa ugari izan ziren, eta Arrizabalaga-Agirrek ere izan dituzte euren uneak. Gernikarrak erasoan asmatu zuen tarte bat baliatuta, saketik ere mina egin zuen, eta 9-13 aurreratu ziren bizkaitarra eta gipuzkoarra. Partiduko une askotan jokoan ere gehiago izan ziren, baina akatsak ere gehiago batu zituzten eta detaile txikietan joan zitzaien finala. 22-15 amaitu zuten.
Astebete pasatuta, zelako irakurketa egiten duzu?
Orokorrean txapelketan nahikoa gustura gelditu naiz, batez ere erakutsitako mailagaz, eta baita ere ikusi dudalako pasadan urtetik hona gure joko mailak asko gora egin duela. Horregaz gelditzen naiz. Egia da finalak amorru apur bat ematen duela. Oso ondo jokatu genuen, eta agian, azkenengo tantoetako huts egiteengatik galdu genuela, baina bestela partidu oso parekatu izan zen amaierara arte. Penaz geratu ginen, joko maila asko erakutsi genuelako, baina huts egite horietan ihes egin zigun finalak.
Hain zuzen, ondo hasi zineten eta erdia baino gehiago eginda zeneukatela, nafarrek ez zizueten aukerarik eman.
Bai, uste dut eurek oso ondo irakurri zutela partidua. Bazekiten euren joko maila hori mantendu behar zutela eta gure pilotakadei eta bizitasun horri eutsi behar zietela. Azkenean final batean zortea alde batera edo bestera joaten da, eta kasu honetan, tanto erabakigarriak euren aldera joan ziren amaierako parte horretan. Gazte izatean, amorrazio apur bategaz jokatu genituen amaierako tantoak. Ikusten genuen eurak aurrerantz zihoazela, eta gu hor geratu ginela, hamabosgarren tantoan. Eurek lasaitasunez jokatu zuten, esperientziak ekartzen duen lasaitasun horregaz, eta hor irabazi ziguten partidua.
Zuon amorrazioa eta euren lasaitasuna aitatu dituzu. Azken tanto horietan zuontzat urduritasunak eragina eduki zuen? Faktore garrantzitsua izan zen?
Bai, erabat. Uste dut batez ere ikusten genuelako tantoan zehar gehiago ginela, baina euren aldera joaten zirela tantoak. Halakoetan inpotentzia sentitzen duzu, zu zaudelako tanto guztiak mugitzen, eta tantoak aurrera eramaten, eta eurek lasaitasun eta odol hotz horregaz jokatu zutenez, bazekiten bat gehiago altxatuz gero, guk huts egingo genuela. Horrek oso ondo funtzionatu zien.
Nafarroako Komunitatea Foru Torneoa aurkeztu zuten aurreko astean. Parte hartzeko asmoa daukazu?
Bai, izena eman dut, eta hori da orain hurrengo helburua. Master Cupen bitartez, Nafarroako txapelketa hori antolatzen ari dira. Maiatza eta ekaina bitartean jokatuko dugu. Izena ematen dugunon artean egingo dituzte bikoteak, beraz, oraindik ez dakigu nogaz ariko garen.
Bestalde, iaz lehenengoz lehiatutako Plazandreak txapelketa aurten ere egingo dela iragarri berri dute.
Bai, asmoa da iaz modura aurten ere partidu guztiak abuztuan zehar jokatzea. Pasadan urtean oso ondo irten zen, ETB oso pozik gelditu zen eta baita gu ere. Gauza polita izango da berriro jokatzea. Azkenean ikusten ari gara EITB badoala gugan apustua egiten. Emakume Master Cupek hiru urterako kontratua sinatu du ETBrekin, eta hori guretzat gauza handia da. Bagoaz urteko egutegi finko bat egiten.