Bermeok abizenak euskaraz idazteko kanpaina hasi du
UEMArekin elkarlanean, 2010. urtean hasi zuten kanpainari eusten dio Bermeoko Udalak. Urte guzti hauetan, guztira, 360 espediente tramitatu dituzte.
Bermeoko Udalak euskal abizenak euskal grafiaz idazteko kanpaina hasiko du apirilean. UEMAren laguntzarekin, euskaldunek munduan presentzia izateko asmoz abiaraziko dute kapaina hori.
Udalak jakinarazi duenez, Bermeon oso zabalduta dauden abizen asko idatzi daitezke euskaraz (Atxikallende, Allika, Argiarro, Etxebarria, Bulukua, Markaida, Erauzkin, Gabantxo, besteak beste), eta udalak UEMArekin gidatutako kanpaina euskal abizena gaztelaniazko grafiaz idatzita dutenei zuzenduta dago. Aldaketa egiteko epaitegira jo beharko dute herritar horiek, eta horretarako eman beharreko pausoak zeintzuk diren azaltzen du kanpainak. Hala, UEMA-k prestaturiko informazio-orria eta kartelak banatuko dira hainbat udal zerbitzutan, ikastetxeetan, euskaltegietan eta hizkuntza eskolan.
Labur esanda, honakoa da abizena euskal grafiarekin idazteko egin beharrekoa: erregistro zibilean eskabide orria bete behar da lehendabizi, eta entregatzerakoan honako agiri hauek aurkeztu behar ditu eskatzaileak: NANaren fotokopia (adinez txikikoek gurasoena eraman beharko ditu); hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria (epaitegian eskatzen da); errolda agiria (udaletxean eskatu behar da eta, adinez nagusia ez bada, gurasoena izan behar da); familia liburuaren fotokopia (familia edo seme-alabak izanez gero) eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia, 16 urtetik gorakoak badira.
2010etik 360. Bermeoko Udalak duela 11 urte bultzatu zuen lehenengoz kanpaina hau, 2010. urtean. Orduz geroztik, 360 espediente tramitatu dituztela jakinarazi dute. Hala, beste behin, abizenak euskalduntzeko deia egin diete udal arduradunek herritarrei. Abizenak euskaraz nola idatzi behar diren kontsulta egiteko honako helbide honetan kontsultatu daiteke: www.euskaltzaindia.eus.