'Aita Guria' baleontzia desegiteko lanak egiten dabiltza
Jakitera eman dutenez, Bermeoko Udalak 77.346,83 (BEZ barne) euro bideratuko ditu 2003an eraiki zen baleontzia desegiteko lanak egitera.
2020ko ekainean eman zuten erabakiaren berri, eta orain dela egun batzuk hasi da Bermeoko Udala Aita Guria baleontzia desegiteko lanak egiten. Orduan azaldu zuten udalak ondorioztatu duela herriak “ezin duela baleontzia berreskuratzeko lanak bere gain hartu”. Baleontzia berreskuratzeko lanen kostua milioi bat euro ingurukoa izango litzatekeela azaldu dute udal arduradunek.
Jakitera eman dutenez, Bermeoko Udalak 77.346,83 (BEZ barne) euro bideratuko ditu suntsiketa lanak egitera.
2003an sortu zuten Aita Guria baleontzia Bermeoko Ontzioletan. XVII. mendeko baleontzien erreplika bat zen. Tamainaz, ez zen erreplika zehatza, arrantza-ontzi baten kroskoa erabili baitzuten baleontzia egiteko. Barrutik, aldiz, bai bazen erreplika zehatza, garai hartako euskal baleontzien planoak erabili baitzituzten eraikitzerakoan.
Bermeoko Udaletik azaldu dutenez, baleontzia “arazoz josita” jaio zen. Diotenez, aurreko udal gobernuak eskatuta, itsas-ingeniaritza enpresa bateko teknikoek baleontziaren ikuskapena egin zuten. Aipatu enpresak aurkeztutako txostenak esaten zuen, 2003an egindako baleontziaren estrukturaren egoera oso txarra zela. Udaletik aipatu dutenez, itsas ingeniariak honakoa ondorioztatu zuen txostenean: “Aita Guria baleontzia kriterio historiko eta zientifiko nahikorik jarraitzen ez duen birsorkuntza bat dela kontutan hartuta, Bermeoko ondare historiko edo kulturalik ez litzateke galduko desagerraraziko balitz”.
Txosten berdinak zioen baleontzia eraikitzeko erabili zen egurrezko estrukturarako erabili zen materiala, “kalitate eskasekoa” izan zela. Gainera, egurrari kurba forma emateko erabili zen tratamendua “erasotzailea” izan zela gaineratu zuten.
Arrazoi horiek guztiak eta azken urteetan “eragin dituen galera garrantzitsuak” kontuan hartuta, udalak desegitea erabaki zuen joan den ekainean.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak adierazi duenez, baleontziaren mantentze lanen “kostua ikaragarria” izan da, “sostengaezina herriarentzako”. Hortaz, konponbide bakarra desegitea dela dio: “Galera ekonomiko handiak eragin dizkio herriari eta egun bizi dugun egoera kontuan izanik, herriak, beste lehentasun larriago batzuk ditu eta honetara milioi bat euro bideratzea ezinezkoa da”.
Gogora ekarri duenez, 2006tik 2019ra 2.277.555 euroko gastua izan du Aita Guria baleontziak, eta 177.550 euroko diru sarrerak sortu ditu. “Zerbitzua bere kabuz finantzatzeko gaitasuna %7,8koa bakarrik izan da”.