Lehen Munduko Birako arrantzaleen biografiari buruzko informazio jaso dute 'Akurio eta Elkano: 500 urte geroago' liburuan
Bermeoko Arrantzaleen Museoan ikusgai dagoen 'Akurio eta Elkano 1519-1522 ‘Bizkaitarrak’ Lehen Munduko Biran' erakusketa osatzen du Xabier Armendarizen liburuak. Bera da erakusketaren komisarioa ere.
Aurreikusitakoa baino beranduago, baina kalean da Akurio eta Elkano: 500 urte geroago liburua. Hain zuzen ere, Bermeoko Arrantzaleen Museoan ikusgai dagoen Akurio eta Elkano 1519-1522 ‘Bizkaitarrak’ Lehen Munduko Biran erakusketa osatzen du Xabier Armendarizen liburuak. Bera da erakusketaren komisarioa ere. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari Begoña de Ibarrak esan du, Bizkaiko marinelen memoria berreskuratzeko denboran zehar egiten den bidaia dela liburua.
Liburua “dibulgatzailea” dela esan du Armendarizek. Munduko biran parte hartu zuten nabigatzaile horien biografiari buruzko informazio guztia biltzen du. Gainera, liburua osatzen duten “orrialde ilustratuen artean xehetasunez aztertzen da nola lortu zuten zailtasun, gaixotasun eta arriskuz beteriko bidaia ondo burutzea”. Gainera, arrantzale horiek izan zuten balentriaren ondorioak eta historian utzi duen arrastoa ere kontatzen du liburuak.
Proiektu honetan Lehen Mundu Bira apur bat ahaztu duela dio eta pertsonetan oinarritu da, “horiek izan baitziren protagonistak”. Nolabait, euren egunerokotasuna erakutsi gura izan du: zelan nabigatu zuten, zergatik joan ziren, zelan bizi ziren ontzian, zeintzuk ziren horien beldurrak eta motibazioak, zelan izan ziren gai XVI. mendean ontzi bat mantentzeko, zer jaten zuten, horien lanbideak… Dioenez, Lehen Munda Birako alderdi teknikoak eta zifrak “beste hainbat leku, liburu eta erakusketetan” aurki daitezke, “ez da hori bere ideia izan”.
Zazpi bermeotar. Gogorarazi dutenez, 1519 eta 1522 artean Magallanes-Elkanoren espedizioa itsaso ezezagunetan ausartu zen Mendebalderantz nabigazio bide baten bila, Moluka uharteetara, Espezieen uharteetara. Bidaia epiko horretan Magallanesek gaur egun bere izena daraman itsasartea aurkitu zuen, eta Juan Sebastian Elkanok espedizioaren agintea hartu zuen portugaldarra hil zenean. Elkano, bere kontramaisu leiala izan zen Juan de Akurio bermeotarrarekin batera, penintsulara itzuli zen ontzi bakar batekin eta gizon talde batekin, Munduari Lehen Bira ematea lortu zuten. Denetara, zazpi bermeotarrek parte hartu zuten Magallanes-Elkano espedizioan.
Aste Santuan Arrantzaleen Museoak ordutegi berezia izango du: Gaur, bihar, domekan eta astelehenean 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik eta zapatuan, berriz, 10:00etatik 14:00etara ete¡a 16:00etatik 19:00etara. Zapatuan, gainera, doan bisita daiteke. Bertan egongo da eskuragarri Akurio eta Elkano: 500 urte geroago liburua.