Bermeoko Udalak Lokalbide programa abiarazi du Alde Zaharra dinamizatzeko
Programan parte hartu gura duten jabe zein ekintzaileek eskaera orri bat bete beharko dute Berhazen edo udalaren egoitza elektronikoan.
Ekimen horren helburua da Alde Zaharreko lokal hutsak identifikatzea, jabeekin harremanetan jartzea eta ondoren lokal horiek ekintzaleei eskaintzea, euren negozioak Alde Zaharrean bertan finkatu ditzaten. Azaldu dutenez, udal gobernuaren bi helburu estrategiko uztartzen ditu: Alde Zaharra dinamizatzea eta ekintzailetza bultzatzea.
Jakitera eman dutenez, udala lokal hutsen jabeekin harremanetan jarri da. 120 gutun bidali dituzte, jabeei programaren baldintzak eta ezaugarriak azaltzeko. Momentuz, lau lokaletako jabeek agertu dute interesa, eta udalagaz elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Ekintzaileak ere lokal horietako ezaugarriak ezagutzeko zain daudela adierazi dute. Programan parte hartu gura duten jabe zein ekintzaileek eskaera orri bat bete beharko dute Berhazen edo udalaren egoitza elektronikoan.
Lokalbiden parte hartu ahal izateko, lokalek zenbait baldintza bete beharko dituzte: Gutxienez 50 metro kuadro, Internetera konektatzeko instalazioa eta bainugela bat eduki beharko dituzte. Udalak izena eman duten lokal hutsetan binilozko panelak jarriko ditu, Lokalbide programan parte hartzen ari direla adierazteko.
Lokalaren jabeak luzatu daitekeen bi urteko konpromisoa hartuko du, “ekintzaileak lokalagaz izan ditzakeen arazoak baztertzeko”. Ekintzaileak ere, bi urtean jarduera mantendu eta lokalaren jabeari alokairua hilero ordaindu diola justifikatu beharko du.
Alde Zaharrean negozio aukera berriak piztu gura dituzte eta, era berean, ekintzaileak inguru horretara erakarri. Hala, udalak diru laguntzak emango dizkie ekintzaileei; urtebetez, 300 euroko laguntza jasoko dute hilean. Izan ere, Alde Zaharra ekintzaileentzako “gune erakargarri eta erreferentziala” izatea da Bermeoko Udalaren helburua.
38.917,78 euroko inbertsioa. Ekintzaileek ondoko sektore edo jarduera bategaz lotura duten eginbideak ezarri ahal izango dituzte: saltoki txikiak, pertsonei zuzendutako zerbitzu enpresak, ostalaritza, artisautzako tailer txikiak edo antzekoak eta bestelakoak (arrantza eta elikadura, turismoa, adimen artifiziala, soluzio digitalak…).
Bermeoko Udalak 38.917,78 euroko inbertsioa egin du Lokalbide programa gauzatzeko. Lehenengo fasean (diseinua, lokalak identifikatzea, biniloak egitea…) 2.917,78 euro erabili dituzte. 2021eko aurrekontuan, berriz, 36.000 euroko diru saila gorde dute horretarako.
Informazio guztia Bermeoko Udalaren webgunean egongo da eskuragarri, Ekimenak atalean. Behargintzara ere joan daiteke argibideak jasotzera.