Aberri Egunean plazara ateratzeko deia egin dute hainbat udalerrik
Euskal Herria Baterak deituta, herriko plazetan abestera deitu dituzte herritarrak. Etxeko balkoietan ikurrinak eta Nafarroako banderak erakusteko ere eskatu du ekimenak.
Euskal Herria Batera ekimenak Aberri Egunean herriko plazetan batzeko deia egin die herritarrei. 12:30ean deitu dituzte ekitaldiak, eta elkarrekin abesteko gonbidapena egin du. Hiru kantu kantatzea proposatu ditu, “Euskal Herria batzen dutelakoan”: Gernikako arbola, Txoria txori eta Ikusi mendizaleak.
Busturialdean Euskal Herria Baterak egindako deiarekin bat egin dute hainbat udalerrik: Arratzuk, Eak, Errigoitik, Busturiak, Bermeok eta Muxikak [ikus herriz herriko egitaraua behean]. Sustatzaileek jakinarazi duteenz, ekitaldiaren ordu horretan “ikus-entzunezko seinale bat” igorriko dute irratietan, tokiko telebistetan eta sarean. Izan ere, proposamena ez dute bakarrik herriko plazetara mugatu gura. Donostian egin zuten aurkezpenean azaldu zutenez, “gauden tokian gaudela, etxean, mendian zein hondartzan, Euskal Herrian zein kanpoan, seinalearekin bat egin eta kantatzeko deia egiten dugu”.
Iaz bezala, aurtengo Aberri Eguna ere koronabirusak baldintzatuta ospatuko dute euskal herritarrek. Hala, tokian tokiko mobilizazioak antolatzeko deia egin du Euskal Herria Batera herri ekimenak. Euskal Herria “burujabea” dela aldarrikatuko dute plazarik plaza: “Erabaki politikoak herritarrengandik ahalik eta gertuen hartzeko, gure bizitzen eta gure ongizatearen alde egiteko. Komunitate nazional gisa, zainduko gaituen herri bat izan nahi dugulako”, Donostiako aurkezpenean azaldu zutenez.
EKITALDIAK HERRIZ HERRI:
- ARRATZU:
-12:15. Ekitaldia Loiolako plazan. - BERMEO:
– 12:30: Ekitaldia Goiko plazan. - BUSTURIA:
– 11:00: Martxa: Abiña-Axpe-Udaletxea-San Kristobal-Altamira.
– 12:30: Ekitaldia Altamirako plazan. - EA:
– 11:00: Bedarona eta Natxituko plazetatik zutabeak Eara. Ean, herri apainketa.
– 12:00: Aurreskua Eako plazan.
– 12:30: Ekitaldia frontoian. - ERRIGOITI:
– 11:30: Ikurrina jarriko dute udaletxean.
– 12:00: Ekitaldia Bizkaiganen. - MUXIKA, IBARRURI ETA GOROZIKA:
– 10:00: Muxikako udaletxe aurrean hasiko da kotxe karabana.
– 10:30: Maumen (Ibarruri) kotxe karabana.
– 11:00: Ajuriatik (Ibarruri) pasatuko da kotxe karabana.
– 11:30: Elizaldera (Ibarruri) gerturatuko da karabana.
– 12:00: Zugastietan (Gorozika).
– 12:30: Elizalden (Gorozika).
– 13:00: Ariatzan (Muxika).
– 13:30: Zubieta Errotan (Muxika) amaituko da kotxe karabana.