Bermeoko Udaleko 2021eko aurrekontuak gizarte politikak indartuko ditu
Eusko Alderdi Jeltzalearen aldeko botoekin onartu da 2021eko udal aurrekontua; EH Bildu abstenitu egin da eta Guzanek, berriz, aurka bozkatu du.
Bermeoko Udalak 2021eko udal aurrekontua onartu du. Iazkoa baino txikiagoa bada ere, gizarte politikak indartuko dituzte. Gainera, berraktibazio ekonomikorako igoera egongo da, bai eta garbitasun bereziak egiteko ere. Aitzitik, inbertsioetarako ahalmena %50 jaitsi da.
Udalak 22.666.590,30 euroko aurrekontu bateratua onartu du, 2020koa baino %1,81 txikiagoa, hain zuzen ere. Udalaren aurrekontua 22.243.545,20 eurokoa da, Kirol Patronatuarena 948.475 eurokoa eta Berualarena 584.532,38 eurokoa. Eusko Alderdi Jeltzalearen aldeko botoekin onartu da aurrekontua. EH Bilduko zinegotziak abstenitu egin dira eta Guzanek aurka bozkatu du.
Osoko bilkuran Bermeoko alkate Aritz Abaroak azaldu zuenez, aurrekontuaren oinarri nagusiak dira 2020ko irailean udalak martxan jarritako prozesu parte hartzailean herritarrek adierazitako lehentasunak.
“Zuhurtziaz” egindako aurrekontuak direla esan zuen: “Udalaren diru sarrera propioak %15,7 gutxitzea aurreikusten da. Izan ere, 2019an eta 2020an bezala, tasa, zerga eta hobariak mantendu egingo dira, eta COVID-19ak eragindako egoera dela eta hartutako neurriek ere bere horretan jarraituko dute. Kanpotik datozen ekarpenak ere (batez ere, Udalkutxa) %0,5 gutxituko dira. Ziurgabetasun egoera dela eta, eta diru sarrerak murriztuko direla kontuan hartuta, zuhurtziaz jokatu behar izan dugu”.
Gizarte politiketara iaz baino %3,35 gehiago bideratuko dela azaldu dute. Hain zuzen ere, kalitatezko gizarte zerbitzuak bermatu gura dituzte; besteak beste, Zaharren egoitza, etxez etxeko zerbitzua edo Eguneko zentroa. Larrialdi egoeran dauden pertsonei laguntzeko bitarteko gehiago ere bideratuko dituztela azaldu dute.
%14ko igoera izango du, berriz, berraktibazio ekonomikora bideratu duten diru sailak: “Nik, BermeON kanpaina mantenduko da. Bestalde, merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko diru sail propioak aurreikusi dira, baita enpresen garapenerako, Alde Zaharra biziberritzeko eta ekintzailetza sustatzeko ere. Bermeoko bonuen kanpaina ere mantenduko da”.
Udalaren helburu estrategikoetako bat da Bermeo garbi bat izatea, “pandemia egoeran garrantzi handiagoa hartzen duena”. Horregatik, garbiketa bereziak egiteko diru sailak %50eko igoera edukiko du.
Udalak izango dituen “diru sarreren murrizketek eta bestelako zerbitzuak indartzeak” inbertsioetarako ahalmena mugatuko dute. Iazkoagaz alderatuta, %50 jaitsi da inbertsioetarako diru kopurua, gutxi gorabehera, 427.000 euro izango dituzte horretarako. “Lehentasunak” finkatu behar izan dituztela adierazi du alkateak. Txibitxiaga kalearen aldamenean dauden blokeetarako irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dituzte, eta horretarako 169.000 euroko diru saila gorde dute. Herriko mugikortasun plana berrituko dute, eta auzo bideetan ere hobekuntza lanak egingo dituzte.
Aurrekontuak “egongo egoerari” erantzuten diola dio Abaroak: “Uste dugu aurrekontu egoki bezain sozialak onartu ditugula”. Udalean ordezkaritza duten taldeen lana eskertu du, “egindako ekarpenengatik”.
“Herritarrak erdigunean”. EH Bilduk jakitera eman duenez, aurkeztu dituzten hemeretzi emendakinetatik hamabi onartu dizkiete. Horiei esker “udal aurrekontua hobetu” dela diote: “Herria eta bermeotarrentzat onak diren hainbat ekimen onartu dira”. Erantzukizunez aritu izan direla diote, “herritarrak erdigunean jarrita”. COVID-19aren pandemiak eragindako ondorioei aurre egiteko enpresei bideratutako diru laguntzak 28.000 eurotan handitzea lortu du EH Bilduk, “nahiz eta 56.000 euro eskatzen zituzten”.
Berdintasun politikak martxan jartzeko diru saila ere handitu dela zehaztu dute. Hala ere, alderdi suberanistaren nahia zen pertsona bat «jardun osoan» horretarako lanean egotea. EH Bilduren ekimenez ere, Bekoportale eta udal zaharren egoitzera bideratutako inbertsioak ere handituko dituzte, “nagusi eta umeei zuzendutako zerbitzuak hobetuta”. Haur eta nerabeen egoera aztertzeko estrategia plana egitea ere onartu dutela aipatu dute.
EH Bilduk, bestalde, mugikortasun plana egitea eta autokontsumoa sustatzea proposatu du, eta onartu dute, bai eta bizikletak garbitzeko gunea sortzeko ekimena ere. Herriarentzat garrantzitsua den Herri Babesari bideratutako diru saila handitzeko proposamena ere onartu dute.
“Alde Zaharreko plan estrategikoa egitea eta kaleetatik kableak kentzeko plangintza egitea eta gure ondarea zaintzeko eta balioan jartzeko Ormaza fabrika erabiltzeko proiektua diseinatzea ere proposatu dugu, eta emendakin horiek ere oniritzia jaso dute”, esan dute.
EH Bildurentzat “garrantzitsuak” ziren beste proposamen batzuk kanpoan utzi dituztelako eman dute abstentzioa: “Gure gazteak, egoera txarrenean dauden pertsonak, jasangarritasuna eta gune publikoak babestea helburu zuten gure zenbait ekimen ez dituzte onartu”.
Nabarmendu dutenez, Bermeoko EH Bilduk lanean jarraituko du “herri justuagoa, inklusiboagoa, jasangarriagoa, feministagoa eta erabakietan parte hartzaileagoa” izateko.
“Ez gaitu irudikatzen”. Guzaneko zinegotziek udal aurrekontuaren aurka bozkatu dute. Horien arabera, “pena bat izan da”. Diotenez, sentitzen dute udal gobernuak eta biek ez dutela “elkar ondo ulertu”. Herrian inbertitzeko “aukera oso ona” zela uste dute. Aurtengo udal aurrekontuak “mezu argi” bat bidaltzea “garrantzitsua” zen Guzanentzat: “Diru gutxi dagoela esaten ari gara, eta gure ustez dagoen diru gutxi hori herrian berrinbertitzea garrantzitsua da”.
Diru “gutxi” zegoela kontuan hartuta, hiru gauza eskatu zituzten: “Ekintzaileentzako zein bertoko enpresentzako laguntzak eskatu genituen, horiei Europatik datozen laguntzak-eta kudeatzen laguntzeko. Herriko dinamizazioa herriko elkarte eta taldeekin egitea eskatu genuen baita ere, kanpoko enpresak kontratatu barik. Herriko artista eta kultur taldeei indarra emateko urtea izan beharko litzateke. Eskatutako erdiaren erdia onartu dute. Uste genuen, gainera, boluntarioen taldeei motibazioa ematea ere garrantzitsua izango litzatekeela. Partzialki onartu dute dena”.
Beste alde batetik, ez daude ados udal aurrekontuan onartu dituzten diru sail batzuekin, eta kendu dituzten beste batzuekin. Horregatik, “ezetza” ematea erabaki dute: “Aurrekontu honek ez gaitu irudikatzen”.
Argi utzi gura izan dute Guzanek “beti babestu” izan dituela herriaren aldeko edozein ekimen, “EAJtik zein EH Bildutik etorritako ekimenak”. “Udal gobernua bakarrik dagoela irudikatu gura dugula esan zuten, eta ez dugula gura eurekin ezer egin. Gogoratu behar dute San Martineko auzian gure babesa izan zutela”, zehaztu dute Guzanekoek.
Idazkariak egindako estatistika baten berri eman gura izan dute: “Bermeoko Udalean azken urtean hartu diren erabakietatik %5 udalbatzarrean hartutakoak izan dira, %20 gobernu batzordeak eta %75 alkatetza dekretuz. Gutxi gorabeherako datuak dira, baina esanguratsuak”.