Eneko Goieaskoetxea A Lamatik El Duesora hurbildu dute
Gernika-Lumoko Sarek Lumora zabaldu du euskal preso eta iheslariak etxeratzeko dinamika soziala. Espetxeetan bizi duten errealitatea ere plazaratu dute, eta apirila-maiatzerako dituzten ekimenetan parte hartzeko deia egin
“Errealitate hau behingoz amaitzeko, Ibiltariak izatera animatzen zaituztegu”. Izan Bidea dinamikaren baitan, Gernika-Lumoko Sarek euskal preso eta iheslariak etxeratzeko dinamika Lumora zabaldu du. Lumoko plazatik, aldarrikapen berari eutsi ziten atzo [martxoak 28] egindako ekitaldian. Espainiako espetxeetan ematen diren eskubide-urraketekin amaitzearen beharra azpimarratu zuten: “Espetxeek hilabete daramate blindatuta, eta komunikazio zein lekualdatze guztiak bertan behera utzi dituzte”.
Hala, Eneko Goieaskoetxearen egoera azpimarratu zuten. Lekualdatzearen zain, A Laman izan dute preso, Galizian, Gernika-Lumotik 700 kilometrotara. Espetxe Zuzendaritzak lekualdatzea iragarri zuela aste batzuk joan diren arren, eguenean heldu zen Goieaskoetxea El Dueso espetxera.
Goieaskoetxea hurbiltzea berri ona da Sareren ustez, zalantzarik barik. Bi arrazoigatik: “Batetik, dispertsio eta urrunketa murrizten delako Enekoren senide eta lagunen kasuan, eta, baita be, bere espetxe egoera -erregimen aldaketagaz- hobetzeko bidean egon daitekeelako”.
Gernika-Lumoko Sarek beste behin salatu du urteetan sistematikoki salbuespen neurrietan oinarritutako espetxe politikak indarrean jarraitzen duela, konponbidean egon beharrean. “Euskal preso eta iheslari eta haien senideen eskubideak errespetatzearekin batera, etxerako bidean aurrera pausoak eman beharko lituzkeen espetxe politika izan beharko luke”. Hala ere, presoak Euskal Herritik gertuago dauden kartzeletara hurbiltzea berri ona dela onartu du Sarek: “dispertsio eta urrunketa murrizten delako Enekoren senide eta lagunen kasuan, eta, baita, bere espetxe egoera -erregimen aldaketarekin- hobetze bidean egon daitekeelako”.
Umeentzako zigorra. Goieaskoetxearen kasuan, tartean motxiladun ume bi daudela gogoratu zuten sarekideek. Horregatik, Kantabriara hurbiltzea pozgarria dela aipatu dute. “Errepidean egiten dituzten kilometroak gutxitu, higadura fisikoa zein psikologikoa txikitzeko eta xahuketa ekonomikoan aurrezteaz gain, umeen eskubideak garatzeko orain arte baino aukera gehiago izango dituzte”.
Guztira, gaur egun motxiladun 80 ume daudela gogorarazi du Sarek, eta ume bat espetxean bizi dela, amarekin. Pandemia egoerak, gainera, egoera latzago egin duela azpimarratu dute Lumoko ekitaldian. “Denok bizi dugun pandemia garai honek ume hauei bete-betean eragin diela salatu nahi dugu, ezin baitituzte gurasoak ikusi” Urtebete igaro da pandemia egoera hasi zenetik, “eta okerrena da ez dakigula noiz arte luzatuko den”.
Egoerarekin amaitzeko, ibiltariak izatera animatu dituzte herritarrak. “Izan Bidea dinamikaren partaide izan, eta etxerako bidea saretzen jarraitzeko aktibazio sozialerako proposamenari lotzea, hain zuzen ere”. Herri mailan, Euskal Herri mailan edota nazioartean gauza daitezkeen ekinbide guztiek bere garrantzia dutelako. Maiatzean dinamika soziala martxan jarri zenetik urte bat beteko da, eta 3miloi Km-tako erronkak jada heren bat betea duela jakinarazi du Sarek: “Miloi bat kilometro burutu baititugu guztion artean”.
Sollubera eta Euskal Herriko mendi tontorretara. Bidea izaten jarraitzeko, apirilaren 10ean Bizkaiko mendi Bozineroak igotzeko proposamena luzatu die Sarek herritarrei. Busturialdeko herritarrak Sollubera deitu dituzte, eta 12:00etan egingo dute ekitaldia tontorrean. Horrez gain, gogoratu dute maiatzaren 8an egingo dutela urrian bertan behera utzi behar izan zuten 650 tontor ekimena. “Gernika-Lumotik Kosnoaga igoko dugu”, zehaztu dute.