"Zentzuagaz eta buruagaz bidaiatu daiteke, arazo barik"
Jaioren ustez, zaila izango da turismoa lehengora bueltatzea: "Pare bat urte bai, gutxienez".
Jendea gogotsu dago Aste Santurako. Zelan dago egoera?
Uste dut Aste Santua kontrolatu egin beharko litzatekeela, gura baldin badugu uda, negua…eduki. Uste dut ez dela kostatzen beste esfortzu minimo bat egitea. Ulertzen dut ekonomikoki oso garrantzitsua dela Bizkai, Araba eta Gipuzkoa barruan mugikortasuna zabalik egotea, baina beste gauza batzuetarako ez da komeni. Denon gustura egitea zaila da. Jakin badakit nekazalturismoak eta kanpalekuak beteta daudela, gugaz, baina, ez daude erreserba horiek eginda.
Aste Santua, hortaz, zuek galduta?
Gu udarako eta Gabonetarako erreserbekin gabiltza. Nire kasuan, gainera, udarako baino Gabonetarako bidaia gehiago zarratzen nabil. Udarako Aste Santu ostean zer pasatuko zain daude asko eta asko. Maiatzerako bidaiatzeko aukerak zabalduko direla uste dut. Gaixotasunak denori gustatzen zaigun turismoa aurretik eroan du.
Zenbat beharko du turismoak lehengora bueltatzeko?
Urte batzuetako kontua izango da, bai. Pare bat urte bai, gutxienez. Murrizketek jarraitu egingo dute, eta jendea ez da lehengo lasaitasunagaz ibiliko. Gaixotasun honek beldurrak ekarri ditu, eta beldurragaz ezin daiteke bidaiatu. Zalantzak izango dira nagusi bidaiatu orduko. Jasotzen dugun informazioaren araberakoa izango dela uste dut, izan ere, informazio larregi jasotzen dugu. Orain arte bidaia bat saltzea erraza izan ez bada, aurrerantzean imajinatu. Bezeroek galdera asko eta asko egiten eta egingo dizkigute.
Uda eta Gabonetako bidaiak aipatu dituzu. Nora joan gura du jendeak?
Jendeak eguzkia gura du. Familiartean, udarako, ohi moduan, Balear Uharteak asko aukeratzen dira, Menorka eta Ibiza, batik bat. Gabonetarako, berriz, Kanariar Uharteak. Hala ere, oraindik ez dakigu zeintzuk diren zabalik egongo diren hotelak. Asko dira zabaltzeko datak aldatzen ari diren hotelak, edo oraindik ez dakitenak zabalduko duten ere.
Imsersoren bidaiak uda ostean bueltatuko direla entzuten da. Hala al da?
Hori esan dute bai, irailerako diote. Baina gu ere komunikabideetatik enteratzen gara, ez digute zuzenean ezer esaten. Hala ere, erretiratuentzako bidaiak bueltatzeko populazioaren gehiengoa txertatuta egon behar duela diote. Nik ez dudana gura da hotelak zaharren egoitzetan bihurtzea. Nagusienek bizi izan duten egoerari buelta emateko aukera da, askok bakardadea bizi izan dute. Hala eta guztiz ere, lar arin eta buru barik hastea ere ez litzateke ondo egongo. Erretiratuak gogotsu daude, eta hasi dira galdezka. Beste gauza bat da gero, euren gustukoa izatea.
EBn bidaiatzeko Covid pasaportearen berririk ba al daukauzue?
Askorik ez dakit momentuz. Bakoitzaren bidaiagaz aztertuko dut zer den bezero bakoitzak behar duena. Ez nuen lepoa egingo, baina nik uste dut Europako Batasunetik mugitu ahalko garela udara begira, eta ez dut uste uda honetan Covid pasaportea edukitzea beharrezkoa izango denik. Uste dut uda honetan PCRagaz nahikoa izango dela. Adin tarte bat dago oraindik ez dagoela txertaketa kanpainetan sartuta, gehien bidaiatzen duen adin tartea dela esango nuke, gainera.
Bidaiatzea segurua al da?
Bai, zentzuagaz eta buruagaz bidaiatu daiteke arazo barik, eta udan egin ahalko dugula uste dut. Kontuan edukitzekoa da edonon kutsatu daitekeela, eta ez bakarrik hegazkinetan edo autobusetan. Masifikazioek ez dute laguntzen, baina aukera ugari daude bidaiatzeko. Bizpahiru eguneko irteerak lauzpabost egunekoak egin daitezke; ohiturak aldatu daitezke. Inork behar badu kakatza honetatik atera gure sektorea da. Bidaia agentzia guztiak berriz zabaltzea zaila izango da.
Zelan bizi izan duzu urtea?
Oso zaila izan da. Hasieran, kanpoan zegoen jendeari bueltatzen laguntzen egon ginen. Gerora, Aste Santuko bidaia guztiak bertan behera geratu ziren, eta azalpenak eman behar genituen. Ekainean zabaldu nuen nik, Auka Bidaiak nirea delako, eta ikusi nuelako ekainean zertxobait saldu ahalko nuela. Azaroan ateak zarratu behar izan nituen. Langile bat daukat ERTEan. Beste lan bat bilatu izan behar dut, eta bost hilabetez egon naiz lan horretan; asteon zabaldu dut berriz ere. Auka Bidaiak nire seme nagusia da. Apirilaren 1ean 13 urte egingo ditu. Hala eta guztiz ere, oraindik 2020a zarratu barik daukat. Oraindik ere pila bat diru daukagu zor. Bezero gehienak oso ondo portatu dira, eta gauzak ulertu dituzte, eskerrak eman gura dizkiet izan duten pazientziagatik. Baina mehatxuren bat edo beste ere jaso izan dut. Guk geuk, baina, ez daukagu diru hori. Jaso behar den lekutik dirua jasotzen dugun momentuan itzuliko dugu. Dirua bueltatu egingo da, bueltatzen ari delako. Baina, horretarako, ekonomia mugitzea beharrezkoa da. Nire lana eginda egon zen mundua jausi zen egunean, eta nik neuk ez dut ezer irabazi. Egoera gogorra da, eta oraindik lan asko dago egiteko, itzulketak falta baitira.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Asteon zabaldu dut, eta ilusioz beteta nago. Orain dela 13 urte baino ilusio handiagoa daukat. Orduan ez nekien funtzionatuko bazuen, orain badakit funtzionatzen duela. Zarratzen badugu, badakit kontrolatu ezin dugun egoera bategatik dela. Espero dut jendea animatzea eta konfiantza hartzea.
Zer eskaintzen dute agentziek Internetek ez duena egiten?
Agentzietan lan handia egin dugu eta egiten dugu, eta ez dut Internet ikusten arerio modura. Baina gu ere herriko komertzioa gara. Bigarren aukera gara beti, jendeak bidaiak begiratuta dakartza. Egia da bidaiak bilatzea erraza dela, bilatzaile oso onak daude. Guk bidaia laburrak ere saltzen ditugu, informazio gehiago eta zehatzagoagaz. Iaz jende askori gertatu zitzaion hotelera heldu eta zarra-
tuta egotea, bilatzaileetan denak daudelako. Edo, hotelera joan eta igerilekua itxita egotea. Guk informazio hori guztiori daukagu edo informatu egiten gara, gure lana da. Ez dugu gehiago kobratzen hotelak eskuoihalen zerbitzua eskaintzen duen galdetzeagatik.