Lointek Gernika Bizkaiak Movistar Estudiantesen kontra lehituko du ligako titulua lortzeko lehen kanporaketa
Emakumezkoen Ligan azken jardunaldia daukate asteburuan, eta talde gernikarrak sailkapenean laugarren postua ziurtatu du. Titulua lortzeko lehen kanporaketan kantxa faktorea alde edukita, martxoaren 31an jokatuko du Madrilen, eta apirilaren 4an, etxean.
Ligako helburua bete du Lointek Gernika Bizkaiak. Laugarren postua ziurtatu du, eta beraz, ligako titulua lortzeko lehen kanporaketan kantxa faktorea alde edukiko du. Datorren astean Movistar Estudiantes bosgarrenaren kontra lehiatuko du kanporaketa. Joanekoan, martxoaren 31n [eguaztena] Madrileko Wizink Centerren jokatuko dute, 19:30ean hasita (@BaloncestoESP twitter), eta bueltakoa, Malosten izango da apirilaren 4an, 21:00etan [domeka], eta Teledeporten ikusi ahalko da. Kanporaketa hau gaindituz gero, apirilaren 21etik 24ra jokatuko dituzte finalerdiak.
Aurretik, baina, azken jardunaldia lehiatuko dute bihar [martxoak 27]. Lointek Gernika Bizkaiak Ciudad de la Lagunaren kontra jokatuko du, 18:00etatik aurrera, Tenerifen. Partidua Estudiantesen kontrako bi hitzorduak prestatzeko mesedegarria izango dela uste du Mario Lopez entrenatzaileak: “Tenerife etxean beti da indartsua, gogorra. Partidu hori Estudiantesen kontrako play off-erako prestaketa moduan hartuko dugu”.
Gernika-Lumoko taldeak atzoko garaipenagaz ziurtatu zuen laugarren postua. 26. jardunaldian atzeratu zuten partidua jokatu zuten Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek atzo arratsaldean, Malosten. 71-65 irabazi zuen etxeko taldeak. Jokoan “gorabeherak” eduki zituztela zehaztu zuen entrenatzaile gernikarrak, baina, emaitzagatik eta laugarren postua lortzeagatik “pozik” zegoela: “Lehenengo hirurak beste maila batekoak dira, eta gainontzekoen artean lehenengo geratzea oso pozgarria da”.
Atzoko partiduaren eta garaipenaren garrantzia aitatu zuen Marta Alberdi jokalari gernikarrak: “Bagenekien partidu hau hil ala bizikoa zela. Garaipena behar genuen gero kantxa faktorea alde edukitzeko, eta lortu dugu, eta horrek lasaitasuna ematen digu. Tenerifera ere lasaiago joateko ondo datorkigu”. Azken partidu horretara ere “dena ematera” joango direla gaineratu zuen.
Aste honetan, lau egunetan, atzeratutako hiru partidu jokatuko ditu. Astelehenean 58-50 galdu zuen Cadi La Seuren kontra eta eguaztenean 62-93 Perfumerias Avenida liderraren kontra. Partiduengatik “nekea” igarri dutela esan zuen Nogaye Lo jokalari mallorkarrak, eta datorren asteko kanporaketari dagokionez, kantxa faktorea alde edukita ere, talde madrildarrak bere kantxan “presio asko egingo duela” nabarmendu zuen.
Atzoko garaipena lortzeko Loren, Corneliusen eta Roundtreen saskiratzeak giltzarri izan ziren. 17 puntu egin zituen Lok, baina berak gogoratu bezala, “taldearen puntuak” dira horiek: “Horixe gara, talde bat, eta horrela erakusten dugu txarto gaudenetan zein aurrerapauso bat ematea tokatzen zaigunean ere”.
KANPORAKETAK:
*Lointek Gernika Bizkaia VS. Movistar Estudiantes
- Martxoak 31 (19:30)
- Apirilak 4 (21:00)
*Perfumerias Avenida VS. Spar Gran Canaria
- Martxoak 31 (19:00)
- Apirilak 3 (18:00)
*Valencia Basket VS. Duran Maquinaria Ensino
- Apirilak 1 (19:00)
- Apirilak 4 (12:00)
*Spar Girona VS. Ciudad de La Laguna Tenerife
- Martxoak 31 (19:00)
- Apirilak 3 (19:00)