Jaurlaritzak prebentzio neurriak indartu ditu
LABI Batzorde Teknikoaren irizpeneko zientzia- eta osasun-gomendioetan oinarrituta hartu dituzte neurri berriak. Lau neurri zehaztu ditu, inzidentzia-tasa 100.000 biztanletik 400etik gorakoa den kasuetarako
Gaur arratsaldean bildu da LABIren Aholku Batzordea, eta Aste Santuko oporraldiari begirako prebentzio-neurriak indartzea erabaki du. LABI Batzorde Teknikoaren irizpideei jarraituta hartu dituzte erabakiak.
Lau neurri nabarmendu ditu Jaurlaritzak, azken 14 eguneko inzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 400etik gorakoa den kasuetarako. Udalerri horietan itxiera perimetrala ezarriko da, eta herritarrek alboko udalerrira igarotzeko baimena izango dute erosketak egiteko eta aire zabalean jarduera fisikoa egiteko bada.
Herri horietan, gainera, ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduek murriztu egin beharko dute jendaurreko ordutegia, 06: 30etik 9: 30era; eta 13: 00etatik 16: 30era. Joko eta apustu lokalek ostalaritza-zerbitzuak soilik eman ahal izango dituzte barruan eta ordu tarte berberetan. Ostalarien zenbait elkartek neurria horren aurkako helegitea jarriko dutela jakinarazi dute.
Kirol jarduerei ere eragingo diete neurri berriek. Barnealdeko kirol-jarduerak gehienez 4 pertsonako taldeetan egin beharko dira, talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketei dagozkienak izan ezik. Gainera, inzidentzia-tasa altua duten herrietan kirol-instalazioetako aldagelak eta dutxak ixtea agindu du Jaurlaritzak, igerilekuetan izan ezik; horietan, gehieneko edukiera %35ekoa izango da, eta dutxak banaka erabili beharko dira.
Halaber, lurralde historikoaren itxiera perimetrala aplikatuko da, baldin eta, oro har, 100.000 biztanleko 400 biztanleko tasa gainditzen bada. Bizkaiak, 243,59ko tasa du gaur [martxoak 26].
Jakinarazo dutenez, Osasun Sailak astelehenero kaleratuko du ebazpena -jaieguna bada, hurrengo lanegunean-, finkatutako tasak eta parametroak gainditzen dituzten udalerrien eta lurralde historikoen zerrendarekin. Lehen ebazpena bihar, larunbata, izango da eta martxoaren 29an, gauerdian, sartuko da indarrean. Aste Santuko jaiegunak direla eta, bigarren ebazpena apirilaren 6an argitaratuko dela aurerratu dute, eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.