Gaztelugatxeko sarbideak zarratuta jarraituko du
Lur jausi berriak saihesteko lan osagarriak egiten jarraituko dutela azaldu dute Bizkaiko Foru Aldunditik. Sartzeko debekua errespetatzeko deia egin dute aldundiko arduradunek.
Bizkaiko Foru Aldunditik jakitera eman dutenez, Gaztelugatxeko San Juaneko sarbideak zarratuta jarraituko du, eremu horretan lur jausi berriak saihesteko lan osagarriak egingo dituztelako.
Aldunditik azaldu dutenez, babestutako enklabea bisitatzen duten pertsonen segurtasunerako arriskuak saihesteko helburuz erabaki dute Gaztelugatxeko sarbidea zarratuta mantentzea: “Joan den urtarrilaren 7an gertatu zen lur jausia baloratzeko egindako hasierako analisiaren arabera, hasieran kalkulatutakoa baino handiagoa da lurraren ezegonkortasuna”. Modu horretan, Foru Aldundiak kartelak jarriko ditu itxieraz ohartarazteko. Gainera, bisitak egiteko txartelak ematen dituen plataforma digitala itxi egin du, eta sartzeko debeku hori errespetatzeko deia egin du, bereziki Aste Santuko jaiegunei begira.
Dioetenez, lur jausia gertatu zenetik aldundia lanean aritu da “eragina aztertzeko, arazoa diagnostikatzeko eta jarduketa aukerak planteatzeko, gune hori bermeekin berriro zabaldu ahal izateko”. Azterketa horren barruan lehen balorazioa egin ondoren, azterketa-eremua zabaltzea erabaki zuten, Urizarretatik jaisten den oinezkoentzako bidearen eremua eta Urizarreta eta Lurgorri aisialdi gunearen arteko bidea barruan sartuta. Izan ere, eremu osoan lur mugimendu berriak gertatu direla egiaztatu ddute.
Aldundutik jakinarazi dutenez, lehen azterlan horren arabera, beharrezkoa da kontrol topografikoko eta ikerketa geoteknikoko lan osagarriak egitea eremu osoan eraispen kasu gehiago saihesteko, aplikatu beharreko neurri zuzentzaileak zehaztu ahal izateko eta Gaztelugatxe ahalik eta berme handienarekin ireki ahal izateko. Une honetan lan horiek egiten ari direla baieztatu dute, “aplikatu beharreko neurri zuzentzaileak ezarriko dituzte eta sarbideak berriro zabaltzeko epeak jarriko dituzte”.
Kezka. Gaztelugatxeko egoeraz galdetu zuen osoko bilkuran Bermeoko EH Bilduk, eta “kezka” agertu zuen. Informazioa kanpotik jasotzen dutelako kexu ziren. Galdera batzuk zituzten: “Nork egiten du lur jausien jarraipena? Azterketa geologikoen emaitzak ikusita, zeintzuk dira hartuko diren neurri zuzentzaileak? Neurri horiek hartu aurretik ingurumen inpaktuen txostena egingo da? Lur jausiaren jarraipena noren ardura den jakin gura dugu”.
Itsas Gudari Eguneko ekitaldia ere ekarri zutengogora. “Urtero 40 lagun inguru batzen dira Nestor Basterretxearen Matxitxakoko Guda eskulturaren inguruan itsas gudariak gogoan izateko, eta aurten udalaren eragozpenengatik begiratokian egin behar izan dugu ekitaldia. Bitartean, turistak eskulturaren aurretik dabiltza, eta turista asko, gainera. Ba al dago neurriren bat hori kontrolatzeko?”. Beste alde batetik, egun horretan Herri Babesakoei bertan egoteko baimenik eman ez izana kritikatu zuten, “Basalanekoak bai egon ziren, ordea”.
Beste alde batetik, Gaztelugatxen egin beharrekoaren erabakiak nork hartzen dituen jakin gura du Bermeoko EH Bilduk: “Bermeoko Udalak badauka esatekorik?”. Bermeoko Udalak koordinazio mahai bat eskatu beharko lukeela uste dute.
EAJk ere “kezka” agertu zuen: “Lur jausi bat gertatu da eta gunea ez da egonkorra. Gertatu zenean eman genuen horren berri”. Diotenez, konturatu dira jendea dabilela inguru horretatik, eta aldundiarekin harremanetan daudela esan dute “kontrolatu ahal izateko”. Aipatu dute, gainera, aldundia eta Bermeoko Udalaren artean lan talde bat sortuta dagoela, eta ondoko udalerriari ere gonbidapena luzatu diotela.
Argi utzi gura izan dute, udalaren aldetik ez dela egon Itsas Gudari Eguneko “ekitaldi esanguratsua” oztopatzeko “inongo borondaterik”. “Leku ezegonkorra zela jakinda, beste lekura mugitzea proposatu genuen, han lurrak mugitzen ari direlako. Jendearen segurtasuna bermatu behar dugu”. Herritarrei zein bisitariei eskatzen diete ez joateko inguru hartara, eta modu arduratsuan jokatzeko deia egin dute: “Ez da debeku bat segurtasun kontu bat da. Ez dugu gura inor lurperatuta ikusi lurrak mugitu direlako”. Horregatik, kontrolatzeko ahaleginak egiten ari direla esan dute. Gunea “arriskutsu” egonda, Herri Babesekoei ere, herritarrei modura, “ez joateko” deia egin diete, “segurtasunagatik eta ez beste ezegatik”.
Protokoloz. Herri Babesako boluntarioek sare sozialetatik erantzun dute. Udalak euren segurtasuna bermatzea eskertu dute. Hala eta guztiz ere, aipatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bermeoko Udalak adostuta duten protokoloaren arabera, Bermeoko Herri Babesa da Gaztelugatxen egon daitekeen ezbeharren batean lehen erantzuna eman behar duena: “Emergentzien aurrean irizpideak argi ez edukitzea baino gauza okerragorik ez dago. Egoera argitzen den bitartean behintzat, guk argi daukagu gure erantzukizuna zein den eta nola jokatu”.
Herri Babesak ere herritarren laguntza eskatu du, eta joateko debekua errespetatzea eskatu dute. Asteburuan, hala ere, “jende nahikoa” ibili dela azaldu dute sare sozialetatik.