«Espetxe sistemaren inguruko denak logika patriarkala dauka»
Kartzela insituzio patriarkalik gorenena dela dio Garmendiak, eta berez pertsonak suntsitzeko amarauna bada, emakume presoei genero ikuspegia ere aplikatzen zaiela azaldu du.
Presoen eskubideen alde lanean ari da Oihana Garmendia (Santurtzi, 1976). Gernika-Lumon bizi da egun, eta Sorturen presoen batzordeko kidea da. Preso ohia da bera, eta emakume presoen egoera bereziki ezegonkorra dela dio.
Emakume presoei buruz berba egin izan da, baina errealitatea ezagutzen al da?
Emakumea eta kartzela aipatzen baditugu, askotan pentsatzen dugu emakume presoen egoeran eta gauza konkretu batzuetan. Baina orokortasunean hartuta, kartzelatik kanpo, emakumeek betetzen dituzte onartuta ez dituzten lan asko. Preso gehienen sostengua emakumea da. Espetxea eta sistema horren inguruan mugitzen denak logika patriarkala dauka, eta zaintza lanak emakumeen bizkar geratu dira beti; baita presoen kasuan ere.
Eta espetxe barruan, nork zaintzen du emakume presoa?
Instituzio patriarkalik gorenena da espetxea, eta pertsona guztiak suntsitzeko amarauna bada, emakumeei genero ikuspegia ere aplikatzen zaie. Sozializatuago dago gizonezko bat delitugile izatea. Beraz, kartzela bada askatasuna mugatzen duen leku fisiko bat, baina erreformatorio antzeko zerbait ere bada. Emakume onak, otzanak, familiaren babesa eta zaindaria izan behar duenak bere rolak eta arauak hautsi ditu. Beraz, kartzelak helburu punitibista duen bezala, emakumeen generoari aplikatzen zaizkion rol horiek barneratzeko lekua ere bada. Haientzako jarduera soziokulturalak joskintza, makillajea eta antzerakoak dira.
Ez omen dago emakumeen kartzelarik, kartzela barruetan emakumeentzako moduluak baizik. Zer suposatzen du horrek?
Kartzela gutxi daude emakumezkoenak bakarrik direnak; orokorrean gizonezkoen kartzeletan egokitutako moduluak dira, emakumeei utzita. Horrek suposatzen du dependentzia eta bigarren mailako egoera batean egotea. Lehentasuna dute gizonezkoek: kiroldegian, tailerretan, lan egiteko destinoetan, ospitalera ateratzeko bidaietan, osasun arretan… Dena dago gizonezkoei begira.
Diskriminazioa badago, beraz.
Bai, itzela. Kartzelan lan egiteko aukera ere askoz murritzagoa da emakumeentzat. Espainiar estatuan dauden lan destinoak oso konkretuak dira: garbiketak edo tailerrak, baina oso kopuru mugatuan, asko ordaindu gabeak… Gainera, 73ko Kode Penalarekin epaituak izan direnek erredentzioak dituzte lanagatik, egindako ikasketengatik eta abar. Beraz, lana dutenek erredentzio gehiago izango dituzte. Emakumeen kasuan, lana izateko zailago dutenez, erredentzioak izateko ere zailago.
Sakabanaketa gehitu behar zaio presoen egoerari. Emakumeengan, zelakoa da karga erantsia?
Sakabanaketa pisu erantsia da kanpoan dauden emakumeentzat, kartzelan duten senide, lagun, bikotea sostengatzeaz gain, kilometroak, orduak, gastua eta neke emozionala erabatekoa delako. Orain, egia da espainiar estatuan egoera aldatzen ari dela, sakabanaketa bukatu ez den arren. Hala ere, jakin behar da emakume asko lehenagotik ere bakartuta daudela kartzeletan, banaka. Euskal Herrian sei emakume preso daude orain, eta beste hamar 300 kilometro baino gertuago dauden kartzeletan; baina hirunaka, binaka edo, gehienak, banaka daude. Frantziar estatuari dagokionez, neurri batzuk hartu zituen Parisek eta gizonezko guztiak hurbildu zituen, baina Euskal Herritik gertuko kartzeletan ez dago emakumezkoak hartzeko modulurik. Beraz, aurrerapauso horretatik kanpo geratu dira. EPPKren kolektiboan dauden bost emakume daude preso Frantzian. Batezbeste, 886 kilometrora. Borondatea izan arren, errealitatea da emakumeentzako ez dagoela tokirik Euskal Herritik gertu dauden presondegietan.
«Kartzelak pilulen alternatiba eskaintzen du, baina terapiarik ez»
«Gurasoak etxetik urrun izateak ondorio ikusezinak ditu umeengan»
«Umea espetxean haztea kartzela barruko beste kartzela bat da»
Eragina du presoengan, baina, nola eragiten du ama direnengan?
Gaur egun 31 dira kolektiboan dauden emakumeak; 26 espainiar estatuan daude eta bost frantziar estatuan. Horietatik, 16 ama dira eta batek umea kartzelan dauka, Aranjuezen. Esango nuke kartzela barruko beste kartzela bat dela beraientzat; bai fisikoa eta baita psikologikoa ere. Amen moduluan egon behar duzu eta 24 ordu umearen zaintza guraso bakarraren gain geratzen da; beti amaren gain. Horrek dakarrena da aukerarik ez izatea ez lan egiteko ezta beste. edozertarako: kirola egin, aktibitateren bat egin edo liburutegira joan. Picassenten (Valentzia, Herrialde Katalanak), adibidez, ama batzuk batu eta zaintza partekatzeko aukera zuten, baina jarduerak, irteerak eta abarrak mugatuta dituzte.
Eta umeen egoera zelakoa da?
Amek beti salatu dute kartzelan haurren beharrak ez direla asetzen. Esnea edo zerbait berezia behar badute oso zaila da lortzea, espazioa ere oso murritza da. Umeak kartzelan jaio eta hezi egiten dituzte 3 urte bete arte. Baina ostean ume horrek kalearekin duen harremana arrotza da, espainiar estatuan Picassenten edo Aranjuezen (Madril) egon direlako, eta familiarekin kartzela kanpoan eman dituzten asteburuetan han egon direlako, ez etxean, herrian, bere ingurune naturala izango den horretan. Gero, 3 urte bete ostean, umea Euskal Herrira datorrenean, urrun dauden gurasoekiko lotura mantzentzea zailagoa da.
Nola eragiten du horrek umeengan?
Sare eta Etxeraten inguruko psikologoek egin dituzten ikerketek diote ondorio asko eta ikusezinak dituela umeengan. Beraien bizitzaren aspektu denetan eragiten die, hainbat trauma sortzen ditu. Baita gabeziak ere, afektiboak izan daitezkeenak edo loak hartzeko arazoak, besteak beste. Egoera sakona eta krudela da.
Kartzelan geratu diren gurasoengan ere eragingo du.
Bai. Ezintasuna, alde batetik, umea kendu eta ezin duzulako ezer egin, baina baita ardura, erruduntasuna…
Instituzioek sentimendu horiek kudeatzeko bitartekoak jartzen dituzte amen eskura?
Batere ez. Kartzelak psikiatraren eta pilulen alternatiba eskaintzen du, baina tratamendu edo terapiarik ez.
Pandemiak egoera larriagotu du, baita presoena ere, baina latzagoa da emakume presoen kasuan?
Bai, gizonezkoentzako egindako eraikinetan bizi dira-eta. Normalean aukera murritzagoak badituzte, pandemia garaian Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak egin duena da dena blindatu. Emakumeak bere txokoetan mantendu dituzte eta bestelako jarduerak egiteko mugitu behar bazuten, pandemia egoeran ez dute horretarako aukerarik. Leku aldatzeekin ere gertatzen da. Emakumeen kasuan dispositibo gutxiago dituzte, gizonezkoak baino emakume gutxiago daudelako kartzeletan. Eta pandemia garaian mugimendu horiek zailagoak dira. Badira bi emakume preso hilabeteak eman dituztela blokeatuta Alcala Mecon.
Hurbilketak eman dira baina, presoak mugitzetik harago, irtenbiderik ikusten duzue?
10 urte bete dira Aieteko Konferentziatik, non nazioarteko pertsonalitate ezberdinek, ETAri ekinbide armatuaren etetea eskatzeaz gain, Espainiako eta Frantziako estatuak ere interpelatu zituzten gatazkaren ondorioak konpontzeko urrats sakonak eman zitzaten. Alde guztiei eskatu zieten egindako minaren onarpena eta biktima guztien aitortza eta erreparazioa gauzatzeko pausoak ematea. Azkenik, eragile politikoei iradoki zieten elkarrizketa fase bat hastea bake iraunkorra erdiesteko, eta zeregin horretan, euren burua eskaini zuten ‘bideratzaile’ legez. Hiru egun beranduago deklaratu zuen ETAk jardun armatuaren etetea. Ordutik, bake prozesua eta elkarbizitza demokratikoa helburu, ezker abertzaleak urrats sakonak eta determinanteak eman ditu, EPPKk barne, Nazioarteko gomendioak eta eskaerak betez. Aldiz, gatazka honetan egon diren beste biolentziak oraindik ere onartu gabe segitzen dute. Estatuek ez dute inongo asmorik gatazka politikoari eta bere ondorioei konponbide integral eta iraunkorrik emateko.
Baina bide politikoaren alde egin dute presoek ere.
Bai. EPPK-k 2013an eta 2017an eztabaidatutakoa eta erabakitakoa gauzatzen segitzen du; hau da, lege penitentziario ordinarioan ibilbidea egiten. Bide horretan, urteetan aplikatutako salbuespenezko makinaria guztiarekin topo egin dute eta legez dagozkien eskubideak ukatzen dizkiete automatikoki. Urruntasunaren bukaera ikusten da zerumugan, baina egin beharreko bidea askoz sakonagoa da. Estatu espainolean, berez, euskal preso guztiak bigarren graduan sailkatuta egon beharko lirateke (50 bat lehenengo graduan segitzen dute). Horrez gain, zigorraren laurdena beteta dutenak (150 baino gehiago) irteera baimenak beharko lituzkete; zigorraren erdia beteta dutenei (100 baino gehiago) hirugarren gradua ezarri beharko liezaieke, eta hiru laurdenak beteta dituztenei (60tik gora) baldintzapeko askatasuna. Lege ordinarioa aplikatuko baliete, jende asko etxean egongo litzateke. Horri gehitu behar zaio espainiar estatuak Europako legedia ez aplikatzeko erabili duen trikimailua, estatu frantsesean betetako zigorrak ez kontatzeko. Europako legedia aplikatuko balute 50 presori baino gehiagori eragingo zien, batzuk berehala aske geldituz eta besteei zigorrak nabarmenki murriztuz.