"Bizirik daudela" gogorarazteko martxan jarri dira Alkartasunakoak
Kultur jardueraz betetako aktibazio plan bat prestatu dute, taldekideak motibatu eta martxan jartzeko eta herriari eta herritarrei taldea bizirik dagoela jakinarazteko.
Entsegu eta ekitaldi gabeko urtea igaro ostean, Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak beste formatu bateko ekintzak antolatzeko beharrizana ikusi du, “bizirik daudela” gogorarazteko. Hala, aktibazio plan bat prestatu dute, eta horretan, herriko ume zein nagusientzako mota guztietako jarduerak antolatu dituzte.
Aktibazio plana egitea “beharrezkoa” ikusi dute bai taldekideei begira, bai eta herriari eta herritarrei begira ere. Taldekideei taldea bizirik dagoela sentiarazi gura die, eta dantza taldeko grina berpiztea dute asmo, hau da, “taldekideak motibatu gura dituzte eta martxan jarri”. Herritarrei ere jakinarazi gura die Alkartasuna Dantza Taldea bizirik dagoela. Taldea herrira zabaldu gura dute, eta horregatik euskal kulturaz gozatzeko aukera desberdinak prestatu eta antolatu dituzte. “Batez ere umeen transmizioa garrantzitsua da, umeen taldean mutilak falta izaten direlako. Geldialdiak kalte handia ekarri dezake, horregatik pentsatu dugu martxan hasi behar garela”, diote dantza taldekoek.
Gainera, aurten taldeak 45. urteurrena ospatu behar zuen, eta urteurrenak “masiboki” ospatu ohi dituzte: “Herri bazkaria, ekitaldia… antolatzen ditugu. Aurten, baina, holakorik ezingo denez egin, ea posible dugun herritarrak animatu eta antolatu ditugun jardueretan parte hartzen duten”.
Ezarrita dauden osasun eta segurtasun neurri guztiak beteko dituzten hainbat jarduera antolatu dituzte, hortaz, apirila eta ekaina bitartean: tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, dantza tutorialak, lehiaketak… denak Bermeoko Udalaren baimenagaz.
Maiatzaren 16rako aurreikusita dagoen Bizkaiko Dantzari Egunaren ospakizuna ere herrira zabaltzeko asmoa agertu dute. Maiatzerako aurreikusita dauzkaten erakusketa, hitzaldia, tailerra eta lehiaketaz gain, dantza tutorial bat prestatu eta sare sozialetatik eskainiko dutela azaldu dute. Ekainerako ideia asko dauzkate, baina aurrerago zehaztuko dituzte datak.
EGITARAUA
#munduadantzan lehiaketa
Noiz? Apirilaren 24ra arte. Egun horretan parte hartzaileen artean sari bat zozkatuko da.
Non? Facebooken eta Instagramen.
Zer egin behar da? Euskal dantzaren bat dantzatzen argazkiren bat igo, #munduadantzan traola erabilita eta aipatu Alkartasuna Dantza Taldea.
Txintxirrinen tailerra
Noiz? Apirilaren 7an, 11:00etan.
Non? Gaztelekuan.
Norentzat? 7 eta 11 urte bitartekoentzat. Talde murriztuak: 6 ume gehi monitorea.
Non eman izena? https://forms.gle/H9zwERLkKiF3FFyW9.
Lekuaren erreserba eskaeren ordenaren arabera egingo da, eta ume bakoitzeko eskaera bat bete beharko da. Onartuei abisua emango zaie.
Kotilungorriren kareta tailerra
Noiz? Apirilaren 8an, 11:00etan.
Non? Gaztelekuan.
Norentzat? 7 eta 11 urte bitartekoentzat. Talde murriztuak: 6 ume gehi monitorea.
Non eman izena? https://forms.gle/4hjSqkHeSJJjf1Ej9.
Lekuaren erreserba eskaeren ordenaren arabera egingo da, eta ume bakoitzeko eskaera bat bete beharko da. Onartuei abisua emango zaie.
Burukoaren tailerra
Antzinako emakumeen burukoaren tailerra.
Noiz? Apirilak 16 edo 23, biak barikuak, 18:30ean.
Norentzat? Nagusientzat.
Non? Demiku Nagusien Elkartekoen lokalean (Gizarte eta Kultura Etxean).
Erakusketa
Materialen, arropen eta musika tresnen erakusketa.
Noiz? Maiatzaren 7tik 16ra.
Non? Nestor Basterretxea aretoan.
Hitzaldia + tailerra
Zapiei eta jantziei buruzko hitzaldia eta zapiak jartzen ikasteko tailerra.
Noiz? Maiatzak 7 edo 14, barikuak, 18:30ean.
Non? Arrantzaleen Museoan.
#nongelditsudazkuabarketie? lehiaketa
Noiz? Maiatzaren erdialdean hasi eta ekainaren erdialdera arteko lehiaketa.
Non? Sare sozialetan.
Ekainerako ideiak
Ikastetxeak dantzan. Umeek euskal dantzak ikasteko asmoz, herriko ikastetxeetara joango dira dantza hitzaldi-tailerrak eskaintzeko. Gelako burbuilak errespetatuta.
Hitzaldietarako aukerak.
– Emakumeak euskal dantzetan, Oier Araolazak eskainita.
– XVIII. eta XIX.medeetako dantza eztabaidak genero ikupegitik, Bakarne Altonagak eskainita.
– Jantzari Tradizioa eta parekidetasuna, Jone Guenetxeak eskainita.
Ginkana.
– Gazteei begirako jarduera litzateke, eta San Juan jaiaren inguruan egitea aurreikusi dute.