Natxituarren berbategia
Natxituko berba eta esaerekin bilduma bat argitaratu berri dute. Herritar askoren ekarpenagaz, 500 erregistro pasatxo jaso dituzte. Lanketa ez dute amaitu, aurrerantzean ere berbak eta esaerak jasotzen jarraituko dute.
Ahozko transmisioa ondare garrantzitsua da, herriaren historiaren isla. Herri jakintzatik eta ariketa kolektibotik sortu dute Natxituko berbak eta esakuneak argitalpena. Ahozkotasunetik abiatutako eta gauzatutako lan horretan, Natxituko 500dik gora berba eta esakera jaso dituzte.
Judith eta Natxi Aranburu Agirre neba-arrebek eta Arritxu Zelaia Etxeberriak osatu dute bilduma. Baina herritar askoren ekarpenari esker gauzatu dute proiektua, zerrenda osotzeko zereginean natxituar askok parte hartu baitute. Handik eta hemendik lortu dute zerrenda hain luzea egitea. “Berez ez gara ofizio honetakoak. Herritarron artean egindako lanketa da. Argi geneukan herritarren ekarpenekin osatu behar genuela”, azaldu du Natxi Aranburuk.
Ariketa zabala dela azpimarratu dute bildumagileek. Lanketa zabala izan da eta izango da, aurrerantzean ere osatzen joango direna. Izan ere, ez da argitalpen itxia, ez dago amaituta: “Jarraipena emango zaio; oraindik osatzeko dago. Beste herri batzuetan horretan ibili direnek abisatu ziguten orain gehiago agertuko direla. Herritarren ekarpenagaz eta herritarren aberastasun bat nahi badugu, hori agortezina da. Banaketa egin dugunean, herritarrek gauza berriak eskaini, eman eta bideratu dizkigute”.
Asteburuan banatu zuten etxerik etxe. Herriko etxebizitza bakoitzean, eskolan eta udaletxean ale bana utzi dute, eta laguntzen ibilitako, artxiboren baterako eta interesatutako zenbaiti ere banatu diete. Edizioari dagokionez, Natxituko Jai Batzordeari eta Gurutzegane Kultur Elkarteari esker egin ahal izan dute publikazioa.
“Herriko plazan hasi ginen kontuak esaten, berbak pilatzen eta zerrenda egiten”
Kontserbazioa eta herriko jakintzari jarraipena emateko helburuagaz egin dute. Iragana eta oraina batu dituzte azalean ere, antzinako argazki zahar bat eta egungo umeak olgetan ageri baitira bertan.
Jakinminetik sortutako proiektua da: “Fisikoki Natxituko plazan sortu zen, Herriko Plazan hasi baiginen kontuak esaten, eta berbak pilatzen eta zerrenda bat egiten”, dio Aranburuk. “Aurretiaz baten batzuk ibili izan ziren halako antzeko zerbait egiteko asmoagaz, pare bat batzar egin zituzten, baina ez zen gauzatu. Eta udalerrian inoiz egon dira ariketa puntualak bertoko esakeren ingurukoak eta abar”.
Zelanbait pandemiak ere eragina eduki du. Iazko konfinamenduan Natxituko berria deitutako WhatsApp talde bat sortu zutela kontatu du: “Hor denetariko jendeak bere ekarpenak egitea lortu genuen: bertsoak, errezetak, Natxituko istorioak kontatzen, idatzitako testu batzuk bertara plazaratzen, ipuinak, kontzertu txiki bat ere egin zen… Denetarik apur bat. Horren bueltan berotu ginen”.
Jasotakoak antolatzeari ekin, eta konturatu ziren 450 bat berba eta esakera zituztela, eta orduan pentsatu zuten bildutakoagaz argitalpen bat egin eta kaleratzea. “Potolotxoa zela ikusi genuenean, liburuxka modura forma ematera eta jendeari aurkeztera animatu ginen. Kontsulta batzuk egin genituen eta, batez ere, bizkaieraren inguruan dabilen jendeak animatu gintuen. Halako iniziatibei eutsi behar zitzaiela eta beharrezkoak zirela esan ziguten”.
“Banaketa egin dugunean, gauza berriak eskaini dizkigute”
Urrirako oinarrizko zerrenda bat eginda zeukaten, eta diotenez, “nahikoa kostatu” zitzaien fintzen joatea: “Bizkaiera, batua, ez-batua, ahozko soinuak zelan transkribatu… Ez da erraza ahozkotasunari paperean bidea ematea. Horretan denbora asko eman dugu, eta gorabehera eta burukomin apurren bat eman digu. Soinu horiek zelan jasotzearen inguruan zalantza nahikoa eduki genituen, eta laguntza eduki genuen». Azarorako prest eduki zuten, eta hasiera batean Euskaraldian atera, erakutsi nahi izan zuten. “Zelan edo halan” ariketa kolektiboa egitea zuten asmo, baina egoera honetan elkartu ezin direnez, ez zuten egin.
Herritik herriarentzat, herritarrengandik herritarrengana egin dute, eta jendearen erantzuna eta parte-hartzea nabarmendu dituzte egileek. Ezusteko atsegina hartu dute: “Jendeak onartzen du eta kolaboratzeko prest dago aukera zabala ematen denean. Halako planteamenduetan parte hartzeko borondatea agertzen du. Diote gero eta gizarte indibidualizatuagoan bizi garela, baina aukerak zabaltzen badira eta halako istorio batean parte izateko modua ematen bada, jendeak oso gustura hartzen du, eta prest agertzen da kolaborazioetarako”.
Adibideak:
- Andandan erun: Zer edo zer pisuduna biren artean, bakoitzak alde batetik helduta eroatea.
- Brotxerijek: Botak.
- Dangañun: Osotasunean.
- Egurre txartiau: Arbolari adar txikiak ebagi, «garbi utzi»; sutarako erabiltzeko gehienetan.
- Geune:
1.-) Hauts antzekoa. Batzuetan ohe azpietan eta pilatzen da.
2.-) Begia lausotu eta txarto ikus- ten denean. - Itxosurie: Teilatuko kanaloitik jausten dan euri ura.
- Kakalamus: Burua eta eskuak behearen gainean ipini eta hankak goratuz bira egin.
- Saguten ibilli: Narrua jo.
- Txola: Alkoholdun edaria
kopan. - Truxue: Sekulako zaparrada.