Emakumezkoen Euskal Ligan Gernika RTk Iruñean jokatuko du asteburuan
Domekan 12:00etan hasiko da Gernikaren eta La Unicaren arteko neurketa. Denboraldi honetako ligaxkako bigarren partidua da talde gernikarrarentzat.
Emakumezkoen Euskal Ligan, Gernika Rugby Taldeak La Unica RCren kontra jokatuko du domekan [martxoak 28], 12:00etan hasita, Iruñeako UPNA zelaian.
Talde gernikarrarentzat denboraldiko ligaxkaren bigarren partidua da, eta jokatzeko gogotsu daude: “Lesio askogaz segitzen dugu, baina behintzat partidua jokatuko dugu. Gogoakaz eta ikasten jarraitzeko helburuagaz gaude”.
Pandemiak eragindako etanaren ostean, lehenengoz jokatuko dute talde nafarraren kontra, eta beraz, ez dakite zelako taldea eta jokoa topatuko duten. Hala ere, La Unica “gogorra” espero dute: “Nolabait talde guztiak berritu gara, talde gaztea dela badakigu, eta La Unica beti talde gogorra izaten da. La Unicak bi talde ditu, eta ez dakigu ze jokalaridun taldearen kontra ariko garen”.
Emakumezkoen Euskal Ligan bi multzotan ari dira taldeak. Igoera erabakitzeko ligaxkan ez daudenen multzoan dago Gernika, eta egutegi finko barik ari dira, astez aste partiduak zehazten: “Seguruenik, Aste Santu ostean Durangoren kontra jokatuko dugu. Eta ea atzeratu zen Ordiziaren kontrakoa jokatzerik daukagun. Gure asmoa jokatzea da”.
Izan ere, Ordizian hasi behar zuten ligaxka otsailaren azken asteburuan, baina birritan bertan behera utzi behar izan zutenez, Hernaniren kontra Urbietan jokatu zuten denboraldiko lehen partidua orain dela bi aste