Sexu heziketa, garen horretatik elkarrekin ikasteko
Hezkuntzan zein etxean sexualitatea umeekin lantzeko gakoak eta bitartekoak batzen ditu LAB Irakaskuntzak sortu duen sexu heziketari buruzko gidak.
Zertarako sexu heziketa? Zertaz ari gara sexualitateaz ari garenean? Gai tabua da sexualitatea, eta umetatik lantzearen garrantziaren jakitun, LAB sindikatuak sexu heziketari buruzko gida sortu du. 2019an aurkeztu zuten Nafarroan, eta 2020ko martxoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Inge Zubero Azurmendi LAB Irakaskuntzako kideak azaldu modura, gabezi edota beharrizan bat betetzeko eta material lagungarria izateko helburuagaz sortu zuten: “Kontua ez da sexu heziketa inoiz ez dela landu, baina landu da era oso konkretuan. Askotan harreman sexualen eta prenbentzio neurrien inguruan zentratu izan da, gehienbat. Sexu heziketa beharrezkoa da, denok gara izaki sexudunak. Ikuspuntua da ez dela daukagun sexua, baizik eta garen sexua”.
Eloi Tato Imaz LAB Nafarroako Irakaskuntzako kidea izan da gidaren koordinazioaren arduraduna, eta beronen testuingurua kontatu du: “Sexu heziketa haur eta nerabeak askatasunean heztea da, genero berdintasunean eta izaten ikasteko konpetentzian. Pedagogia feministari bultzada emateko ezinbestekoa da sexu heziketa. Duela ikasturte batzuk pedagogia feminista eta sexu askatzaileak iruten proiektuak sortu genituen, eta horien harira hilabeteroko 8an 8 oro da martxoa deituriko materiala helarazten diegu gure afiliatuei. Ildo horretan sartzen da sexu heziketari buruzko gida Haur eta Lehen Hezkuntzarako”.
Hezkuntza komunitatean
HH eta LHko irakasleentzat zabaltzea pentsatu zuten hasieran, baina hezkuntzaz ardura edo interesa daukan ikas-komunitate guztira zabaldu dute. Izan ere, elkarlan bat egon behar da irakasleen artean, adituen artean eta familien artean: “Borobilean egin beharreko lana da, ez bakarrik esparru batean lantzeko. Irakurketa eta lanketa integrala eta ikuspuntu anitzekoa izateko anbizioagaz jaio zen; hau da, leku ezberdinetatik bideratuko dena”, nabarmendu du Zuberok.
Eloi Tato Imaz (gidaren koordinatzailea): “Sexu heziketa haur eta nerabeak askatasunean heztea da, genero berdintasunean eta izaten ikasteko konpetentzian”
Itxaso Torregrosa Arteaga sexologo nafarra da gidaren egilea, eta ikuspegia aldatzearen garrantzia aitatu du: “Gakoa da betaurrekoak aldatu behar ditugula, aniztasunaren betaurrekoak jarri eta presente izan behar ditugu: familien aniztasuna, gorputzen aniztasuna, neska eta mutil izateko modu anitzetaz ari garela…”.
Gidaren sortzailearen hitzetan, eredu positiboak eskaintzea eta bestelako ereduak ematen saiatzea ere funtsezkoa da, baita jarrerak zaintzea ere, “askotan hitzei ematen diegulako garrantzia eta ez hainbeste egiten dugun horri”, eta horrek umeei informazio gehiago ematen die: “Umeak esponjak dira, etengabe daude ikasten ikusten duten horretatik, eta gu nola kokatzen garen, nola hitz egiten eta jokatzen dugun horrek itzelezko garrantzia dauka beraien bizipenean”. Torregrosak dio ez dela sexologoa izan behar gaiari heltzeko; denon lana bateragarria dela azpimarratu du.
Itxaso Torregrosa Arteaga (sexologo eta gidaren egilea): “Askotan beldur handia dago hanka sartzeko, eta orduan gaia ez da lantzen edo existituko ez balitz bezala egiten da”
Gidan azaltzen dute zergatik hasi behar dugun Haur Hezkuntzatik edo jaiotzatik gaia lantzen.
Gidak gakoak eta bitartekoak jasotzen ditu. Terminologia, baliabide eta material didaktikoen adibideak –liburuak, bideoak…–, kolektibo, zerbitzu eta elkarte desberdinen kontaktuak… biltzen ditu: “Terminoak kokatu genituen, azaldu zer den sexualitatea, erotika, aniztasuna, zertaz ari garen hitz egiten sexualitateaz ari garenean, behar bereziak dituzten txikiekin zer egin ahal den…”, zehaztu du gidaren egileak.
Adibidez, Zertaz ari garen sexualitateaz ari garenean izeneko atalean aipatzen dute bizitza osoan garela sexudunak; gorputz osoan eta modu aldakor eta anitzetan. Atal horretan intersexualitateari eta aniztasunari buruzko zertzelada batzuk ematen dituzte. Beste atal bati buruzko zehaztapenak ere egin ditu gidaren koordinatzaileak: “6. atalean gure esku-hartzeari buruz mintzo gara. Ikasleengana zuzentzen garenean, garrantzitsua da guztiengana iristea, denen erritmoak kontuan hartuta eta aniztasun aukera guztiak azaleratuz egitea; ez eredu heterosexual edo normatibo hutsa oinarri hartuta”.
Inge Zubero Azurmendi (LAB Irakaskuntza): “Ikuspuntua da ez dela daukagun sexua, baizik eta garen sexua”
Naturaltasunez
Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan fase bakoitzean gaia lantzeko gakoak ematen dituzte: “Ze puntutan dauden eta zein termino erabili daitezkeen, zer egin daitekeen egoera jakin batzuen aurrean… Nolabait, kokapen teorikoa da. Nola kokatu gaitezkeen profesional bezala eta zer izan behar dugun kontuan, zer esan eta zelan esan zehazten da”. Naturalak izatearen eta interesak txalotzearen garrantziaz mintzo da sexologoa: “Tabua den gai bat da, eta ume batek interesa daukanean edo galdera bat duenean, hori txalotzen saiatu behar gara”.
Normalean gai honi buruz ez da hitz egiten, eta formakuntza gehiegirik ez dagoela dio: “Ikusi genuen hor hutsune bat zegoela, eta horri aurre egiteko bitarteko batzuk eskaintzen saiatu behar ginela. Nafarroako LABek ikusi zuen irakaskuntzan sexualitatearen gaiagaz eta sexu hizkuntzagaz hutsune handia zegoela ikastetxeetan. Eta askotan irakaslegoak edota orokorrean hezkuntzagaz lotutako langileek ezintasunak zeuzkatela edo nahikoa segurtasun eza zeukatela gai horiei heltzeko”. Horregatik ikusi zuten positiboa litzatekeela erreminta batzuk ematea edo gako batzuk ematea, jakiteko gaiari nondik heldu: “Eta, bide batez, sindikatu bezala ere gure iritzia ematea gai horren inguruan, aldarrikapen batzuk eta edukiak nondik nora landu beharko zirenaren gure ikuspuntua ematea”.
Zuberok gogoratu du hezitzaileen “borondate onagaz eta eurek egin duten autoformakuntzagaz gauza asko” egin direla: “Momentu honetan, oraindik ere, ez da eskolako curriculumetan behar den moduan txertatzen sexu heziketaren lanketa. Gidan esaten den moduan, zeregin integrala da, eta integrala izateko beharrezkoa den formakuntza eskatzen du, jendea prestatzea ikusmira desberdinagaz sexu heziketa lantzeko, binarismo horretatik ateratzen dena; orain arte sistema heteropatriarkal honetan erakusteko modu horri erantzuten dionagaz apurtzeko eta ikusmira berriagaz izan dadin. Askotan gauzak egiten dira, gutxi badira ere, baina ez da behar den beste indar ipintzen, eta uste dugu garrantzitsua dela modu integral, osasuntsu eta ezkertiarretik lantzea, ikuspuntu heteropatriarkalarekin apurtzeko”.
Gainera, tatok dio formakuntza instituzioetatik etorri behar dela, edo erakundeek eskaini. Hezitzaile bakoitzaren interesaren arabera egiten bada, “egoera horrek desoreka sortzen” duela uste du.
Eloi Tato Imaz: “Sexu heziketa curriculumean txertatu eta irakasleak formatu behar dira”
LAB Irakaskuntzan sexu heziketan “izugarrizko gabezia ikusten” zutelako sortu zuten material hori: “Uste dut curriculumean txertatuta egon beharko lukeen gaia dela eta modu transbertsalean landu. Nafarroan Hezkuntza Departamentuak Skolae programa txertatu zuen, baina guk gure lanketa egitea beharrezkoa ikusten genuen. Skolae programaren bidez, Nafarroan hasiak dira hezkuntzan sexu heziketa pixkatxo bat lantzen, baina orain arte norbere esku zegoen eta formakuntzarik gabe egiten zen zerbait zen. Eta horrelako gai garrantzitsu bat ezin da bakoitzaren borondate onaren araberakoa izan. Curriculumean txertatu eta irakasleak hezi behar dira. Hezitzaileek ez dute nahikoa prestakuntzarik umeekin nola landu jakiteko”.
LAB Irakaskuntza weba
Zuberok zehaztu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako irakaskuntzako afiilatuei 5.300 ale banatu zizkietela, aurkezpen gutun bategaz, eta bertan QR kode bat zegoen gidaren aurkezpen bideora lotura eginez. Horrez gain, zentro batzuetara ale batzuk eroan zituzten bertan eskura edukitzeko. Hala ere, sarean kontsultatzeko aukera badago. Hain zuzen, gida www.Irakaskuntza.infoadm.org helbidean eskuratu daiteke.
Horrez gain, Aste Santuko oporraldiaren ostean, LAB Irakaskuntzaren web orrialdea martxan edukitzea espero dute, eta bertan ere kontsultatu ahalko da edukia. “Horrela, webgunera sartzen den edozeinek kontsultatu ahalko du egindako lana”.
Sindikatuan sortutako beste hainbat bitarteko ere egongo dira, ikus-entzunezkoak eta hainbat txosten, esaterako. Bertan bilduko dute irakaskuntza barnean dauden azpisektoreei buruzko informazio zehatza: eskola publikoak, ikastolak, gizarte ekimeneko eskolak…
Jolasa eta ipuina
Gida idatzi batean adibide praktikoak sartzea «oso zaila egiten» zitzaiela dio egileak. Hala, mahai-jolas bat eta ipuin proiektatu bat daukate. “Aukeren eta denboraren arabera», bitarteko gehiago eskaintzen joateko proiektua daukate: “Gida hau abiapuntu bat da, poliki-poliki gai hau denok gure gain hartzeko. Jendea gida irakurtzera animatzen dut, eta behar dutenerako guregana jotzera. Espero dut lagungarri izango zaiela”.
Haur eta Lehen Hezkuntzan hasi badira ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako ere materiala sortzeko nahia daukatela gaineratu du Tatok.
Itxaso Torregrosa Arteaga: “Aniztasunaren betaurrekoak jarri eta
presente izan behar ditugu”
Sexologoak gaiari heltzeko ausartak izateko mezua zabaldu du: “Askotan beldur handia dago hanka sartzeko, eta orduan gaia ez da lantzen edo existituko ez balitz bezala egiten da. Garrantzitsua da sexualitatearen gaia zabaltzea, ez garela bakarrik genitaletaz ari, ez garela bakarrik plazer modu zehatz batetaz ari. Hori baino askoz gehiago da. Ausartzen bagara gaiari heltzen, bakoitzak ahal duen tokitik, lortuko dugu poliki-poliki gure umeek bere burua ezagutzea, onartzea, maitatzea eta, azken batean, zoriontsuago eta askeago izatea”. Ildo beretik, hurrengoa gehitu du Nafarroako LAB Irakaskuntzako kideak: “Gaurko haurrak sexualitate askatzaileetan eta aukera berdintasunean hezi behar ditugu, biharko gazteak askeagoak izatea eta jendarte justuago eta aske bat nahi badugu”.