Bihar zabalduko dute igerilekua
Beiratea, sabaia eta Enrike Zubiaren horma-irudia berrituta, "aurpegi berria" dauka kiroldegiko igerilekuak. Abonatuek bakarrik erabili ahalko dute, eta hitzordua hartu beharko da.
Hilabeteetako lanak amaitu ostean, bihar zabalduko dute igerilekua. “Aurpegi berriagaz” irekiko ditu ateak, beiratea, sabaia eta Enrike Zubia artista bermeotarraren horma-irudia berritu ondoren.
Azken hileetan egindako lanak aurkeztu dituzte gaur igerilekuan bertan. “Jakin badakit igerilekua hainbeste hilabeteetan zarratuta egon dela eta bermeotarrentzat egoera hau ez dela atsegina izan. Aldez aurretik eskerrak eman gura dizkiet izan duten pazientziagatik. Hala ere, seguru nago itxaron izanak pena merezi izan duela, igerilekua askoz ere hobeto dagoelako”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Igerilekuko beiratea konpontzera 525.413,75 euro bideratu dituzte, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza izan dutela esan du alkateak. Sabaia ere berritu behar izan dutela jakitera eman du, neguko haize bolada baten eraginez, apurtu egin zelako. Dioenez, horrek baldintzatu egin du igerilekuaren irekiera data. Sabaia berritzera, 39.427,85 euro bideratu dituzte.
Berrikuntza lanekin hasi zirenean konturatu ziren, bestalde, igerilekuan dagoen horma-irudia berritzearen beharraz. Enrike Zubia artista bermeotarrarena da igerileku ertainaren ondoan dagoen horma-irudia, eta “ez zegoen egoera onean”. “Horrelako inbertsioa eginda, uste genuen lan honek berrikuntza bat merezi zuela. Igerilekuan daukagun altxorra da, igerilekuaren ezaugarri esanguratsua da. Ikusgarria da eta gure nortasuna eta kirolaren baloreak uztartzen ditu”, esan du alkateak. Hala, Zubiak berak hartu du bere lana berritzeko ardura.
Enrike Zubia artista bermeotarra “pozik” geratu da egindako lanagaz. Azaldu duenez, Bizipoza izena jarri dio horma-irudiari, “poztasuna helarazi gura izan duelako”. Erabili dituen koloreak inguruagaz “oso ondo” geratu direla uste du. Orain, herritarren iritziak ezagutu gura dituela esan du.
Abonatuentzat bakarrik. Lanak amaituta, hortaz, bihartik aurrera zabalik egongo da igerilekua. Gogora ekarri dutenez, COVID-19ak eragindako egoera dela eta, “araudiak betetze eta erabiltzaileen segurtasun eta osasuna bermatze aldera”, igerilekua erabiltzeko hitzordua eskatu beharko da, eta abonatuek bakarrik erabili ahalko dute. Erreserbak egun berean edo hurrengo egunerako egin ahalko dira webgunearen edo kiroldegian dauden salmenta makinen bitartez. Azken aukera modura, telefonoz ere egin daitekeela esan dute.
Gehienez, aldi berean, hamabi pertsona egon daitezke igerileku handian, ertainean, berriz, etxe bereko lau lagun. Erabiltzaileen txandak 40 minutukoak izango dira. Bost minutu egongo dira txanda aldaketak egiteko eta hamar minutu aldagelan eranzteko eta janzteko.
Erreserba egin eta gero, erabiltzaileak ezingo du hitzordua bertan behera utzi edo huts egin. Hiru aldiz huts eginez gero, kiroldegiko instalazioa astebetez erabiltzeko debekua ezarriko zaio erbiltzaileari.
Larrialdietarako eskailera. Bermeoko kiroldegiak “aspalditik behar zuen” larrialdietako eskaileraren lanak ere amaitu dituztela azaldu dute: “Herritar eta erabiltzaileen segurtasuna ez zen bermatzen, eta behar-beharrezkoa zen”. Bertan gertatu zitekeenaren erantzukizuna Bermeoko Udalarena zela gogora ekarri du Abaroak, “aspalditik baitago segurtasun neurriak betetzen ez zirela ziurtatzen zuen txostena”.
Gaur egun, lehen ez bezala, 100 pertsonatik gorako ekitaldiak egin daitezkeela aipatu du alkateak, “segurtasun neurri guztiak beteta”. Larrialdietarako eskailera jartzeko 162.189,01 euroko inbertsioa egin du Bermeoko Udalak.