Zuhaitz Eguna berreskuratzeko lanean dabil herritar talde bat
Koronabirusaren murrizketengatik ez dute deialdi zabala egin gura izan, baina sinbolikoki lagun talde bat batu zen domeka goizean, eta transplantatutako zenbait zuhaitz landatu zituzten Mañun.
Basoen Nazioarteko Eguna izan zen domekan, eta horregaz lotuta, Zuhaitz Eguna ospatu zuten herri askotan. Azken urteetan Bermeon ohitura hori galduta dagoela eta, herritar talde bat hori berreskuratzeko lanean ari da. Hala, domekan, bertoko zenbait zuhaitz landatu zituzten Mañu auzoan.
Koronabirusaren murrizketengatik ez dute deialdi zabala egin gura izan, baina sinbolikoki lagun talde bat batu zen domeka goizean, eta transplantatutako zenbait zuhaitz landatu zituzten; haritzak, gorostiak, gaztainondoak, artakarroa, tortotxa…
Datorren urtera begira, Zuhaitz Eguna berreskuratzeko asmoa agertu dute; izan ere, 2014tik Bermeon ez dela ezer egiten azaldu dute. “Gazteek jakin egin behar dute zer arnasten dugun”, diote.
Baso bat berreskuratzen ari dira Mañu auzoan: “Baso zatia Mañuko abadearena dela uste dugu, baina Bermeoko Udalean eskatu genuen baimena. Bere garaian basoa landatuta zegoen, hortaz, garbiketa lanak egin ditugu eta hutsuneetan landatu ditugu zuhaitzak. Baso ederra da, baina lan asko dago egiteko. Udalak garbituko balu, guk hartuko genuke basoberritzeko konpromisoa”.
“Urrats txikiak”. Basoen Nazioarteko Egunean, Bermeoko EH Bilduk gogora ekarri zuen joan den urteko azaroan aurkeztu zuten Bermeoko baso politikaren inguruko mozioa. EH Bilduk eta Guzanek alde bozkatu bazuten ere, Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) aurka bozkatu zuen, eta hortaz, ez zuen aurrera egin.
Gogorarazi dutenez, “beste baso politika bat bultzatzeko, eukaliptoen landaketa masiboei mugak jartzeko eta gure biodibertsitatea babesteko” eskatu zuten mozioan. Mozioa atzera bota arren, lanean jarraitu dutela diote EH Bildukoek, “eta zailtasunak zailtasun”, urrats txikiak ematen dabiltzala aipatu dute: “Basoa lan taldea sortu dugu, EH Bilduk proposatutako irizpide eta helburuekin, herrian baso kudeaketa jasangarriagoa sustatzeko. Bertan, udaleko talde politikoko ordezkariek, ingurumen teknikariak eta lurgintzako udal langileek parte hartuko dute. Gainera, informazioa eskatu dugu Bizkaiko Foru Aldundian, bai eta elkarlanerako kanal iraunkorrak ere. Beste alde batetik, komunikazio eta sentsibilizazio ekimenak prestatzen gabiltza, baita hezkuntza ekosoziala lantzeko proposamenak prestatzen ere. Azkenik, eragile ezberdinen parte hartzeko aukerak aztertzen hasi gara, landa eremuko herritar, auzo alkate eta interesatuekin”.