Mundakako Udalak 631.600 euro bideratuko ditu inbertsioetara
Mundakako alkateak proposatutako udal aurrekontua EAJren aldeko botoekin onartu da; EH Bilduk aurka bozkatu du.
Mundakako Udalak 2021erako aurrekontua onartu du. Hain zuzen ere, 2.921.105 euroko aurrekontua izango dute, iazkoa baina “apur bat” handiagoa; 124.228 euro gehiago dauzkate aurten. Mundakako alkate Mikel Bilbaok aurkeztutako aurrekontuak Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) aldeko botoak izan ditu. EH Bilduk, berriz, aurrekontuaren aurka bozkatu du.
Jeltzaleek aurkeztutako proposamenak kontuan hartu ditu alkateak aurrekontua egiterako orduan. Hala, alkateak azaldu duenez, kontuan hartu du, beste batzuren artean jeltzaleen Mundaka Bizi izeneko programa. Jaietarako eta egitarau sozio-kulturalerako proposatu zuten 15.000 euroko murrizketa ere onartu dute aurrekontuan, eta diru sail hori, hortaz, gizarte ekintzetara bideratzeko konpromisoa hartu dute.
COVID-19ak sortutako ondorioei aurre egiteko diru sail bat ere gorde dutela esan du alkateak: “Hasiera batean, 20.000 euro gordetzea pentsatu genuen, baina erakunde desberdinetatik helduko den diru sarrera izango dugula uste dut, eta 30.000 edo 40.000 euro eduki ditzakegu. Hala ere, nahikoa ez balitz, soberakina erabili ahalko genuke horretarako”.
Herriko ekonomia suspertzen lagunduko lukeen bonuen kanpaina kaleratzeko asmoa duela iragarri du Bilbaok, “eta urteroko gauza bat” izatea gurako luke: “Beste herri askotan egiten da, eta uste dut mundakarrentzat laguntza bat izan daitekeela”. Bonuen kanpainarako 4.000 euroko diru saila gorde du udalak.
EAJk proposatuta, surfagaz eta elizagaz lotutako hitzarmenetara diru gehiago bideratuko da aurten. 1.500 euro bideratuko dira surfagaz lotutako hitzarmenera, eta elizara 1.000 euro bideratuko dituzte, 500 euro gehiago. “Elizara bisita gidatuak egiteko aukera proposatzen zuten, hortik diru saila gehitzearena. Baina aztertu beharko dugu hitzarmena zelan egin”, esan du alkateak.
Komun publikoak. Inbertsioetarako diru sail bat ere badago aurtengo udal aurrekontuan, hain zuzen ere, 631.600 euro gorde dituzte. Horietatik, 60.000 euro bideratuko dira iriste erraztasuna hobetzera: “Kale batzuetan hobekuntzak egingo ditugu. Esate baterako, Raimundo Abaroa kalean, behean geratzen den zebra-bide bat altxatuko da espaloiaren neurri berean geratzeko, eta espaloia bera ere hobetuko da. Eskolan, berriz, komunak hobetzeko lanak egiten dabiltza, eta unisexak izatea da asmoa”. Udal eraikinetako komunetan ere iriste erraztasuna hobetzeko lanak egingo dituztela aipatu du.
Erretiratuen egoitza eraberritzeko asmoa ere badaukate, “herriko pertsona nagusiek toki eroso eta egokia izan dezaten”; 90.000 euro bideratuko dituzte horretara. “Iaz egin barik geratu zen proiektua da”.
Udalerrian komun publikoak jartzeko diru sail bat ere gorde dutela dio Bilbaok, 40.000 euro inguru. “Hasiera batean, komun publikoa Talan jartzea proposatu zen, baina Talan ezin daiteke izan, saneamendu sareko hoditeria ezin daitekeelako handik joan. Beraz, oraindik aztertzeko daukagu zein izango den lekurik egokiena”.
EAJko zinegotziak “pozik” agertu dira, alderdiak egindako proposamen guztiak jaso dituelako udal aurrekontuak: “Herritarren proposamenak entzun ditugu, eta aurrekontuan sartuta daude”.
EH Bilduko zinegotziek udal aurrekontuaren aurkako bozka eman zuten: “Ez dira gure aurrekontuak. Guk pertsonalitate propioa daukagu, gure ideiak eta gure metodologia. Ez gaude pozik, ez direlako gure proposamenak kontuan eduki. Uste dugu guztion diruagaz kontu gehiago eduki beharko litzatekeela. Hobeto kudeatu behar da eta gauzak argiago eduki. Gainera, informazio gehiago eman behar dela uste dugu”.
Kanpo auditoria bat egitea ondo legokeela uste dute EH Bildukoek, Mundakako Udalaren zenbakiak aztertzeko eta publiko egiteko.
Bilbaok esan du saiatu izan dela aurrekontua “denen eskuetan uzten”. Aipatu duenez, bi alderdien proposamenak jasotzea izan da bere asmoa, hau da, guztien artean adostutako aurrekontua egin gura zuen Mundakako alkateak. “Pena izan da EH Bilduren proposamena berandu iritsi izana, eta horien ideiak aurrekontu barruan islatuta ez egotea. Hala eta guztiz ere, aurrekontuan islatuta ez badaude ere, ez du esan gura eurek proposatutako ideiak bideratzeko pausoak emango ez direnik. Gauza bat da aurrekontua aurrera ateratzea, eta beste gauza bat da proiektuak bideratzea”.
Bilbaok dio “beti prest egongo dela” talde politiko bakoitzaren proposamenak eta ideiak entzuteko, eta “posible baldin bada” proposatutakoak bideratzeko.