Auzholan, elkarlanaren aterkia
Iaz hasi ziren martxan, baina koronabirusaren pandemiagatik ez dute hasiera erraza eduki. Hala ere, hainbat gauza egin dituzte, Elkarlaguntza Sarea eta Kontsumo Taldea eratu, besteak beste.
Auzholan elkartea aterkin bat modukoa da, hainbat dinamika eta elkarlan babesteko tresna. Elkarteko kideek modu horretan definitzen dute iaz martxan jarri zuten proiektua.
Elkarteari izena jartzeko hitz joko bat egin zuten, Auzholan hitza asmatu zuten: “Gure ustez, auzoa zelan gura dugun instituzioei eskatu beharrean, gu zer egiteko prest gauden pentsatu behar dugu. Auzoa holan gura badugu, auzolanaren bidez lortu dezakegu aldaketa. Neurri batean, aldaketa gure esku dago”. Modu horretan, auzolanaren bidez, sinergiak sortzea dute asmo, “elkarlanaren bidez herrian dauden hainbat arazoei erantzuna emateko”. Hala, elkarteak jarrera “eraikitzailea” duela diote, baina era berean, “kritikoa”.
Busturian dinamika ezberdinak martxan jartzeko gogoa zeukaten hainbat jende batu zen elkartea eratzeko. Auzholan elkartearen lehenengo ekimen publikoa iazko martxorako antolatu zuten. “Zaldibarko hondamendiaz kezkaturik, zabor errauskailuen inguruko hitzaldi bat antolatzea zen asmoa. Kartela inprentatik atera zen egunean, mota horretako ekintzak egiteko debekua ezarri zuten koronabirusagatik”, diote. Ekimen hori, baina, aurrerago egiteko asmoa dutela iragarri dute.
Elkarlana bultzatzeko asmoa izanik, antolatzen duten ekimen bakoitzaren antolaketa lanetan jende ezberdina batzen dela diote. Izan ere, auzolanaren ideia taldearen siglak baino haratago joatea gurako lukete. Hala, inplikazioa ere antolatzen duten ekimenaren araberakoa da, «gaur batzuk gehiago, bihar beste batzuk».
“Egoera zailean”. Elkarteko kideek ez dute hasiera erraza eduki, koronabirusaren pandemiagatik “mugatuta” egon dira. Hala eta guztiz ere, ez dira geldirik egon, eta hainbat gauza antolatu dituzte. “Pandemiak behartu gaitu hastekoak ziren proiektuak bertan behera uztera, eta egin ditugun ekimenak egoera zailean egin ditugu”.
Hala ere, “oso pozik” daude elkarlanaren ideia lehen planora eroan ahal izan dutelako. Gogorarazi dutenez, COVID-19ak sortutako egoerari aurre egiteko Elkarlaguntza Sarea sortu zuten Busturian, bai eta Kontsumo Taldea ere.
Pandemiaren gorengo momentuan, etxeko konfinamendu sasoian, egoera zaurgarrian zeuden herritarrei laguntzeko sortutako Elkarlaguntza Sareak “arrakasta” izan zuela diote. 80 lagun batu ziren WhatsApp talde “oso anitz” batean; “denetariko jendea batu zen”.
Egoera berean sortu zen, baita ere, Kontsumo Taldea: “Gernika eta Arrietako azoketako ekoizleek ezin zuten euren produktuak saldu, eta alternatiba moduan etxez etxeko salmenta abiatu zuten. Gernikakoek ez zuten Busturirako banaketa bermatzen, hortaz, Arrietakoekin harremanetan jarri ginen. Haien eskaintzari Busturiko ekoizleena gehitu eta herrian produktu horiek guztiak zabaltzeko». Uste zutena baino erantzun “hobea” izan du, “10-15 etxetara banatu zuten, astez aste”.
Itxialdia amaituta, baina, “modu kolektiboan” jarraipena eman asmoz, Gazte Asanbladako kideekin akordio batera iritsi, eta Otsozulo Gaztetxean ezarri dute banaketa lekua. Hala, astean behin, banatzaileak taldeko kideek eskatutako produktuak ekartzen ditu herrira, ondoren eskatzaileek Otsozulotik hartzeko. Eskaintza gero eta zabalagoa dela ere badiote: esnekiak, haragia, zizak, ogia, fruta eta janari freskoaz gain, gaur egun, edertasunerako produktuak, janari prestatuak eta edariak ere erosi daitezke. Beti ere, bertoko ekoizleenak, ekologikoak eta kalitatezkoak.
Egoera hobetzen denerako “elkarlanean” sakondu gura dute. Busturiko Kontsumo Taldea indartzeko eta herrian eskaintza interesgarria egiteko, ekoizleei bisitak egiteko programa prestatuta daukate; “zer jaten dugun ikusteko, horretaz nortzuk bizi diren jakiteko, gure janaria zelan sortzen eta prozesatzen den ikusteko”. Janaria nondik datorren erakustea umeentzat ere “oso pedagogikoa” izan litekeela uste dute.
Izan dituzten zailtasunak aipatuta, gogoan dute Burgosko epaiketari buruzko hitzaldia antolatu zutenean Busturiko Udalak lokala ukatu ziela: “Guri ukatu, baina bitartean bertso saioak eta kontzertuak programatzen ari ziren. Muruetako Ibaigune Hotelaren areto nagusia alokatu behar izan genuen, eta hitzaldiaren ostean txapela pasatu genuen gastuak ordaintzeko. Zorionez, dena ordaintzeko behar beste diru batu genuen”. Gogorarazi gura izan dute Auzholan elkarteak ez duela diru iturririk, “lan soziala egiten duten boluntarioz” osatuta dagoela.
Iratzar Fundazioagaz elkarlanean antolatu zuten Burgosko epaiketari buruzko hitzaldia: “Gure herrian epaiketa hori ez zen makala izan, Julen Kaltzada epaitu zuten. Euskal Herri mailan eragin itzela suposatu zuen, erregimen frankistaren gainbeheraren hasieratzat ere hartu izan da”. Uste dute “memoria historiko kritikoa” herritik sortu behar dela, “instituzioek oso interes gutxi” agertzen dutela gaineratuta: “Dagoen status quoaren aldeko historia lantzen da bakarrik”.
Aretoa bete egin zuten, eta lekukoen testigantzak etorkizunerako gordeta geratu dira. Bertan kontatutakoak Auzholan elkartearen Facebook eta Youtube kontuetan ikusgai daudela gogorarazi dute.
Asmo asko etorkizunerako. Gune eko-sozialistaren inguruan mugitzen den jendeagaz elkarlanean ere ari da Auzholan elkartea. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiari zaborren kudeaketa hobe bat eskatzeko sinadura bilketa bultzatu zuten eskualdean. Era berean, urtarrilaren 30eko Aldaketaldia ekimenagaz ere bat egin zuten, euren ekarpena eginez: “Eukalipto landaketen kalteak mahai gainean jarri genituen. Krisi ekologikoa lehen mailako problematika da guretzat. Hemen, beste gai batzuetan bezala, denak ekologistak garela ematen du, baina ez da egia, itxura faltsua da. Horregatik, errealitateari buruzko eztabaida bultzatu behar da, ezkutatzen den hori argitara ekarri”.
Aurrera begira, asmo asko dauzkate mahai gainean. Hala ere, horiek egokitzeko baldintza egokiak egon arte ez dituzte aipatu gura, “txakur ametsak baino ez direlako”. Dena den, kultur eskaintza propioa egiteko asmoa daukatela diote: “Batzuetan herriko elkarteekin batera, besteetan guk bakarrik, baina interes soziala daukaten gaiak herrira ekartzeko dinamikekin uztartuta. Izan ere, kultura ere zentzu kritikoan ulertu behar da, ez soilik denbora-pasa moduan”.
Auzholan elkarteagaz harremanetan jartzeko hurrengo bideak erabili daitezke: auzholan@gmail.com eta Facebooken @Auzholan.