Inma Ruiz gernikarra bere kategoriako onena izan da España Master txapelketan
Inma Ruiz gernikarrak urrezko domina irabazi zuen España Masterreko Kros Txapelketan, domeka goizean, Kordobako Almodovar del Rio herrian (Andaluzia, Espainia). Krosean 25.33ko denbora eginda, bere kategoriako onena izan zen. Aloña-Mendi K.E-ko Marisol Ramos Leonek lortu zuen zilarrezko domina (25:48), eta Maraton Rioja klubeko Maria Marcelina Hernaiz Del Campok osatu zuen podiuma.
Atleta beteranoei eskaini die bere garaipena, “gazteek bezain besteko indarra eta lehiatzeko zein entrenatzeko gogo bizia daukatelako”.
6,1 km-ko zirkuituari hiru buelta eman zizkioten. F60 kategorian estreinatu da aurten gernikarra, eta bere taldekideekin aritzeaz gain, beste hainbat kategoriakoekin batera egin zuten lasterketa. 50 urtetik 81era bitarteko 60 bat atera ziren elkarrekin, eta denen artean bederatzigarren sailkatu zen: “Zirkuitua oso polita izan zen; denetik zeukan, igoerak eta jaisierak. Gure kategorian hamar egon ginen. Pozik nago 60ren artean bederatzigarren amaitu nuen eta”.
Duatloiak lehiatzen ditu Ruizek, baina horiek urrira atzeratu direla eta, denboraldi hasieratik pistan korrika ari da. Sopelako Munarri Atletismo Taldeko kidea da, eta Durangoko pistan ari da entrenatzen, Bidezabal taldekoekin. “Momentuz, 3.000, 1.500 eta 800 metroetan aritu naiz nire denborak hobetzen. Txapelketetara aurkezterakoan, nire markak erregistratutako geratzeko. Absolutu mailako Euskadiko Txapelketan ere parte hartu nuen, Getxon”.
Hurrengo krosa ekainean lehiatzea aurreikusten du. Aire libreko Espainiako Master Txapelketan izango da, Malagan (Andaluzia, Espainia). 1.500, 800 eta 400 metroetako probetara aurkezteko asmoa dauka: “Iaz ere distantzia horietan aritu nintzen, eta zilarrezko domina bi eta brontzezko bat irabazi nituen”.