Arrizabalagak eta Agirrek binakako txapelketaren finalerdia jokatuko dute zapatuan
Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Naroa Agirre zestoarrak Leire Garairen eta Oihana Orbegozoren kontra jokatuko dute. 15:30ean hasiko da pilota jaialdia, Irungo Urantzu pilotalekuan. EITBk zuzenean eskainiko ditu finalerdiak.
Eskuz Binakako Emakume Master Cup-aren finalerdiak lehiatuko dituzte zapatuan [martxoak 20], Irungo Urantzu pilotalekuan, 15:30ean hasita. Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Naroa Agirre zestoarrak Leire Garairen eta Oihana Orbegozoren kontra jokatuko dute. Beste partidua Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta Naroa Eleizalde-Olatz Ruiz de Larramendiren artekoa izango da. Eleizaldek Irantzu Etxebeste ordezkatuko du, konfinatuta dagoelako. ETBn, Euskadi Irratian eta eitb.eus-en eskainiko dituzte zuzenean.
Gernikarrari txapelketa irabazteak ilusio berezia egiten dio, eta finalerako txartela lortzeko helburu horretan, zapatuan lehia estua aurreikusten du. Bikote “oso sendoa” gainditu beharko dute finalean sartzeko. Partidu “gogorra” izango da, baina hasieratik konfiantzagaz jokatuta, euren jokoa eginda irabazteko gai direla argi dauka: “Atzean eurak indartsuak dira, baina saiatuko gara gure jokoa eta indarra erakusten eta pilotari bizitasun hori ematen. Erasoan nagusi izaten ahaleginduko gara, eta ea eurak defentsa lanean hutsegiteak egiten dituzten”.