Amatasunari buruz hausnartzeko laborategia egin dute Muxikan
Errotik Kooperatiba feministakoekin, amatasunari buruz hausnartzeko tailer-laborategian parte hartu dute Muxikako zenbait emakumek, eta 'Zer gara gu?' antzerki foroa egin dute.
Magdalena laborategia egin berri dute Muxikan. Bertan parte hartu dute udalerriko emakumeen antzerki taldeko belaunaldi desberdinetako zenbait amak.
Bi asteburutan tailer-laborategian lanketa egin ondoren, Zer gara gu? antzerki foroa egin zuten barikuan, Ariatzako elizan.
Laborategiaren helburua da parte hartzen dutenen zapalkuntzak aztertzea eta ahalduntzeko bideak bilatzea. Ainhoa Madariaga eta Leire Castrillo dinamizatzaileekin egin dituzte laborategia eta Zapalduon antzerkia. “Amatasunari buruz beraiekin hausnartu da, beraientzat da prozesu guztia”, dio Uxana Agirresarobe Berdintasun teknikariak.
Laborategian “amatasunaren inguruko gorabeherak” landu zituzten, eta beste hamar bat orduz antzerki foroa prestatzen aritu ziren laborategian landutako materialagaz.
“15 orduko laborategi hau bidaia baten modukoa dela diogu beti. Bost ekitaldi daude, bost zatitan banatuta dago”, zehaztu du Madariagak. Arbasoen inguruko hausnarketagaz hasi, eta euren sozializazio prozesua, komunikabideak eta emakumeen gaia landu zuten gero. “Bost ekitaldietako bat da gurekiko dugun irudiari buruzkoa. Emakumeak izanda bakoitzak badugu gure bizimodua, baina baditugu gauza asko komunean. Horren inguruan hausnarketa egiten dugu”.
Laborategi horretan ez dituzte bakarrik antzerki teknikak erabiltzen, baita bestelako teknika estetikoak ere. Muxikako parte-hartzaileek margolanak margotu zituzten. “Bakoitzari eskatu genion berezko gauza bat kontatzeko eta, gero, beste batek horren inguruko irudi bat sortu zuen. Emakume guztiok erresonantzia kutxa bat izango bagina legez, guztiok besteengandik daukagunari buruzko hausnarketa hori ere egiten da”.
Dinamizatzaileak nabarmendu du laborategia ez dagoela aurrez ezarrita: “Guk jartzen ditugu teknikak, baina ez dakigu zein izango den emaitza. Emaitza aldatuko da taldearen arabera”.
Berdintasun teknikariaren berbetan, “barrura begira” egiten den lan bat da: “Maila integralean eta gorputzaren bitartez lantzen dira zapalkundeak, gorpuztu egiten dira. Baina, gero, bigarren parte batean bilatzen dute hori dena sozializatzea, jendartean ikusaraztea, plazaratzea. Zentzumenen mundutik abiatzen gara barnean ditugun zapalkuntza horiek guztiak lantzen hasteko”.
Barikuan amatasunari buruzko zapalkuntzak azaldu zituzten, eta publikoari galderak egin zizkieten: Non dago gure desioa? Non geratzen da gure desioa? “Laborategia atera denetik, guk galdera bat ateratzen dugu. Baina guk ez daukagu horren erantzuna, publikoari erantzuteko eskatzen diogu. Zer ikusi duten eta zer eta nola aldatuko luketen galdetzen zaie. Zapalduon antzerkian ikusleak parte aktiboa dira. Antzerki foroan ez dago alde batetik aktoreak eta beste alde batetik publikoa; publikoa aktore bilakatzen da”, azaldu du Madariagak. Muxikan ere galderari erantzun ziotenak atera ziren oholtzara.
“Zentzumenen mundutik abiatzen gara barnean ditugun
zapalkuntza horiek guztiak lantzen hasteko”
Nazioarteko sarea
Proiektu horretan Zapalduon antzerkiaren teknika erabili dute, eta antzerki foroa Zapalduon antzerkiaren teknika bat da. Antzerki foroaren helburu nagusia da eraldaketa soziala lortzea.
Herenegun izan zen Zapalduen Antzerkiaren Nazioarteko Eguna. Zapalduon antzerkia Augusto Boal brasildar antzerkigileak asmatu zuen 60ko hamarkadan, eta mundu osoan hedatu da. Bere oinarria Paulo Freireren pedagogia da.
Orain dela hamar urte Barbara Santos brasildarrak sortu zuen Magdalena nazioarteko sarea, eta sare horren helburua da emakumezkoen zapalkuntzak aztertzea. “Emakumez osatutako sarea da, eta guk jasaten ditugun zapalkuntzak lantzea du helburu”, adierazi du Madariagak.
Nazioartean ez ezik, laborategi hori Euskal Herriko hainbat lekutan egin dute, baina Muxikakoa izan da euskara hutsean egin duten lehenengoa, “bai laborategia baita foro antzerkia ere”.
Errotik Kooperatiba Feminista
Bilbon kokatuta dagoen Errotik Kooperatiba Feministaren eskutik egin dute laborategia. Kooperatibak Bizkaiko Foru Aldundiko diru laguntza bat lortu zuen antzerki-laborategia egin ahal izateko. Errotik-ek hainbat esparrutan lan egiten du, eta horietako bat ikerketa da.
Agirresarobek azaldu du ikerketaren arloan, batzuetan metodologia moduan erabiltzen dutela Zapalduon antzerkia, eta horren bitartez, hainbat prozesu burutzen dituztela. “Hainbat zapalkuntza gorpuztearen bitartez eta, eraldaketa prozesu batzuk bultzatzen direlako. Amatasuna, hain konplexua den gaia emakumeekin landu egin nahi izan da”.
Muxikako parte-hartzaileen jarrera txalogarria izan dela nabarmendu du: “Onintza Enbeitari esker aukera hau suertatu zitzaigun. Bertan badagoelako emakumeen antzerki talde handi bat, eta hango emakume batzuk parte hartzera animatu ziren. Onintza giltzarria izan da Muxikako emakumeengana gerturatu ahal izateko, eta eurekin lan egin ahal izateko. Plazer hutsa izan da talde honekin lan egin ahal izatea. Prozesu hauek zailak izaten dira, indarkeriaz, zapalkuntzetaz hitz egiten ari garelako. Gai konplexuak eta gogorrak dira. Hauekin ikaragarria izan da; zelako indarra eta potentzia daukaten!”, azpimarratu du berdintasun teknikariak.
Orain, martxoaren amaieran, eztabaida taldea egingo dute parte hartu duten emakumeekin. “Ibilbide guzti honen nondik norakoak jasotzeko saioa izango da, eurek zelan ikusi, bizi izan duten, zer mugitu den euren barruan…”, zehaztu du Agirresarobek.