Ean 100 kW-eko energia hornikuntza emateko eguzki plakak ipini dituzte
Udalerriko eraikin publikoak hornitzeko dira eguzki plakak, baina gehiagorako gaitasuna dauka. Ea Karbono Neutro 2030 Estrategiaren barruko proiektua da.
Ekonomia zirkularraren aldeko beste pauso bat eman du Eako Udalak. Altxikarren goikaldean erabilgarria ez den lur-eremu batean 100 kilowatteko energia sortzeko gaitasuna daukan eguzki plaken instalazioa ipini dute. Herriko eraikin publiko guztiak hornitzeko dira plakak, baina behar izanez gero, gehiagorako gaitasuna dauka.
Ekonomia zirkularraren kontzeptuaren barruan, bertoko materialak eta bertoko enpresagaz lan eginda gauzatu ditu lanak Eako Udalak. Egurrezko egitura daukate. Normalean euskarri modura, ekonomia zirkularraren barruan sartzen ez diren bestelako materialak erabiltzen dira, aluminioa, adibidez. “Egurragaz egitea bada zerbait berritzailea. Bertoko egurragaz eta bertoko enpresagaz egin dugu, eurek ere euren I+D+I sartu dute”, azaldu du Iratxe Arriola Eako alkateak.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen diru laguntzak jaso ditu udalak.
Proiektua ez da mugatzen edo geratzen eguzki plaka horietan, Ea Karbono Neutro 2030 Estrategiaren barruan kokatutako lanak baitira horiek. Horren barruan, hainbat erabaki hartu eta zenbait jarduera burutu dituzte: “Nahiz eta oso xumeak izan, proiektu desberdinak gauzatzen gabiltza. Bedaronako araztegi ekologikoa da adibide bat, eta basoak erosten ere bagabiltza, bertoko basoen aldeko apustua eginez, eta eukaliptoak landatuta egon diren eremuak bertoko baso bihurtzen. Gainera, nahikoa konplexua den mugikortasun jasangarriaren paradigma horri heldu nahiean, herri barruan hainbeste kotxe ez ibiltzeko erronka ere badaukagu. Zaila da horri heltzea baina bagabiltza gauza txiki batzuk egiten zentzu horretan ere”.
Trantsizio ekologikoa
Udaletik arduradunek trantsizio ekologiko honetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak. “Badakigu hori erronka handiagoa dela. Baina, adibidez, herritar batzuk hurbildu zaizkigu kooperatiba energetikoa sortu nahi dutelako. Gu bidelagun izango gara, ahal dugun gauzetan lagunduz”.
Iratxe Arriola Eako alkatea: “Interesgarria litzateke Europako funts guzti horiek komunitate lokalei begira ere jartzea, ez bakarrik enpresa handiei”
Arriolak esan modura, Europatik datozen diru laguntza “horietako asko daude lobby edo enpresa handiei” bideratuta. Horren aurrean, “keinu txiki bat eskatzen du herri txikiekiko, komunitate energetiko eta herritarrekin batera”. Trantsizio energetikoa lortzeko, karbono neutroko transmisioa nahi bada bai Ean eta baita beste lekuetan ere, “behetik gora” eraiki beharko dela azpimarratu du. “Eskertzen dugu jasotako diru laguntza, baina hau pauso bat da. Askoz ere pauso gehiago eman behar dira. Garrantzitsua eta interesgarria litzateke Europako funts guzti horiek komunitate lokalei begira ere jartzea, ez bakarrik enpresa handiei. Ez da erraza trantsizio bat ematea, eta gutxiago sistema eraldatzea eta justuago bihurtzea, eta hori da guk nahi duguna, sistema justuagoa izatea, trantsizioa denokin ahalik eta bidezkoena izatea”.
Horregatik, funts horien norabidea “berplanteatzea” beharrezkoa dela deritzo: “Diru kopuru handiari buruz ari gara, eta ekonomia zirkularra, bertoko ekonomia, bertoko enpresak eta bertoko herritarrak ahalduntzen lagunduko luke. Diru apur bat balitz ere asko egin ahalko zen, filosofia horregaz”.