Urdaibai Biosfera Erreserbaren balioa zabaltzeko webgunea sortu dute
Webgune berriaren bitartez, Urdaibai Biosfera Erreserbari ikusgarritasuna ematea eta herritarrengana hurbiltzea dute helburu.
Urdaibai Biosfera Erreserbaren natura eta kultura ondarearen balioa ezagutzera eman asmoz, Urdaibai Biosfera Erreserbaren webgunea sortu berri dute: www.urdaibai.eus.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren menpekoa den Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak azaldu duenez, erreserba herritarrei hurbildu gura die: “Herritarrek bere sentitzen duten erreserba bat, gertuko natura ingurune bat ezagutzera ematea da webgunearen helburua”. Hain zuzen ere, webgune berriaren sorrera Urdaibai Biosfera Erreserbaren natura eta kultura ondarea mantentzeko erantzukizun partekatuaren garrantziari buruz eskualdeko biztanleak, tokiko eragileak eta bisitariak kontzientziatzeko Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak duen estrategiaren barruko ekintza bat dela aipatu dute.
Erantzukizun partekatuaren bidez, ingurumena errespetatzen duten jarduera ekonomiko jasangarriak bultzatu gura dituzte. Izan ere, zerbitzuaren ustez, jarduera ekonomiko jasangarriak sustatzea funtsezkoa da Urdaibaiko ingurunea kontserbatzeko, eta horrek herritar guztien lankidetza eskatzen duela gaineratu dute.
Hala, eskualdeko biztanleak, tokiko eragileak eta bisitariak Urdaibairen etorkizun jasangarriaren alde lan egitera bultzatu nahian, erreserbaren sorrerako testuingurua eta nazioarteko balioa azaltzen dira webgune berrian; 1984an Unescok Man & Biosphere (MaB) programaren barruan Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zuenetik izandako mugarri historikoen laburpena eskaintzen da. Era berean, erreserbaren kudeaketaz arduratzen diren kudatzaileen (Urdaibai Patronatua eta UBEZ) funtzioak sakon zehazten dituzte. Halaber, “erraz ulertzeko moduan” azaltzen dituzte honakoak: erreserbaren barne zonifikazioa, eremu bakoitzean ezar daitezkeen babes neurriak eta egin daitezkeen jarduerak.
Plan estrategikoak. Garapen jasangarria dela-eta zehaztutako helburuak betetzeko egindako plan estrategikoei buruzko atal bat ere badu webguneak. Beste atal batek #BiosferaNaiz izena dauka; horretan, munduko beste biosfera erreserba batzuetan aurrera eramaten ari diren proiektuak eta ekimenak azaltzen dira.
Eskualdeari buruzko informazio praktikoa jasotzen duen Herritarrak atala ere badago. Hainbat gai interesgarriri buruzko informazioa biltzen da horretan: hezkuntza, izapideak, mapak, udalerriak, garapen jasangarriko helburuak eta klima alorreko jardunbide egokiak aurki daitezke.
Horrez gain, Urdaibaik helmuga turistiko jasangarri modura duen erakargarritasuna erakusteko eta bertako biztanleek beren eskualdea ondo ezagutu ahal izateko atal bat ere badauka (bidezidorrak, museoak, gastronomia…).
Berrien atalean erakunde ofizialei eta herritarrei informazioa eskaintzen zaie erreserbagaz lotutako ekintzei, ekitaldiei eta hitzarmen ofizialei buruz.
Hori guztiori kontuan izanik, sortu berri duten webgunearen bitartez, Urdaibai Biosfera Erreserbari ikusgarritasuna ematea dute helburu.