Ohiko zerbitzuetara bueltatzen ari da Araneko kiroldegia
60 urtetik gorako herritarrei zuzendutako kirol saioak eta Ipar Martxak martxan hasiko dira.
Egoera epidemiologikoagatik zenbait zerbitzu zarratuta egon ostean, Bermeoko Araneko kiroldegia “gutxika-gutxika” bere ohiko zerbitzuetara bueltatzen ari da.
Duela aste gutxi boulderra, gimnasioa eta squash kantxak zabaldu zituzten, eta martxan daude dagoeneko biking eta indar saioak ere. Horietan denetan parte hartzeko hitzordua eskatu beharra dagoela gogorarazi dute. Zebitzu horiek guztiak, gainera, indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak beteta martxan daudela jakitera eman dute.
Biking saioak astelehenetik domekara eskaintzen dituzte, saio bakoitzean bederatzi pertsona sartu daitezke. Martxorako 24 saio dauzkate aurreikusita, 216 plaza. Indar saio bakoitzean, berriz, hamabi pertsona sartu daitezke; bost saio antolatu dituzte.
Datozen asteetan gidatutako beste bi jarduera martxan jartzekoak dira: 60 urtetik gorako herritarrei zuzendutako kirol saioak eta Ipar Martxak. 60 urtetik gorako herritarrei zuzendutako saioak Artza frontoian egingo dituzte, eta 45 minutukoak izango dira (10:00-10:45 eta 11:00-11:45). Bi taldetan banatuta, 30 leku egongo dira (15 pertsona saio bakoitzeko). Nagusien jarduera fisikoa “ingurune kontrolatu eta seguru” batean gauzatuko da, eta ohitura osasungarrietara bueltatzea dute helburu. Parte hartzaileek derrigorrezkoa izango dute maskara soinean eroatea. Gainera, etxetik jantzita joan beharko dute, aldagelarik ez delako egongo. Eskuoihala eta ur botila eroan beharko dituzte. Martxoaren 16an (martitzena) egingo dute lehendabiziko saioa. Izena emateko epea zabalik dago.
Ipar Martxak, berriz, martxoaren amaieran hasiko dira, eta hilean behin batuko dira irteera bat egiteko, hain zuzen ere, hileko azken zapatuan. Talde bakoitzean 12 leku egongo direla zehaztu dute. Aipatu jardueraren helburu nagusia da oinarrizko teknika ikastea eta inguruko Nordic Walking ibilbideak ezagutzea. Martxotik ekainera bitartean, lau saio daude aurreikusita.
Igerilekua zabaltzen dutenean, bertan egiten diren jarduerak martxan hasiko direla jakitera eman dute. Prest dagoenean emango dituzte xehetasun gehiago.