Musika Eskolakoek bi kontzertu eskainiko dituzte Santa Eufemia elizan
Kankinkabara txistu taldearen eta soka eta flauta taldeen kontzertuak martxoaren 17an eta 23an izango dira, hurrenez hurren.
Bermeoko Musika Eskolako Kankinkabara txistu taldearen eta soka eta flauta taldeen kontzertuak hartuko ditu Santa Eufemia elizak. Martxoaren 17an (eguaztena) eta 23an (martitzena) izango dira kontzertuak, eta ordu erdiko emanaldiak eskainiko dituztela jakitera eman dute.
Denbora asko egon dira zuzeneko saioak publikoaren aurrean eskaini barik. Pandemiak “hobera egin duen honetan”, Santa Eufemia elizan kontzertu “seguruak” eskainiko dituzte. Argi utzi gura izan dute, bi zuzenekoak indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak beteta eskainiko dituztela. Egun horietan Santa Eufemia elizan hileta elizkizunik egongo balitz, kontzertuak Andra Mari elizan eskainiko lirateke.
Euskal Herritik at izeneko kontzertua eskainiko dute Kankinkabara txistu taldekoek martxoaren 17an; 19:30ean hasiko da. Taldeak honako abestiak joko ditu: Puerto Rico, Piel canela; Brasil, De mi esperanza; Irlanda, Drunken sailor; Afrika, Mustapha; Finlandia, La yencia.
Ordu berdina jarri dute martxoaren 23rako soka eta flauta taldeetakoek. Soka taldeak honako kantuak joko ditu: Dark island, irlandar doinua; Praeludium, Shostakovich; Parsoh’s farewell, dantzak; Pool’s Hole, dantzak. Flauta taldekoen errepertorioa, berriz, hurrengoa izango da: Pie Jesu, Faure; Dantza errumarriarrak, Bartok; Errozape biribilketa, Jose Antonio Egia.
Kontzertuetarako sarrera doakoa izango da gehienezko edukiera bete arte.
“Garai zail hauetan musikak berebiziko garrantzia du eta uste dugu oso garrantzitsua dela horrelako kontzertuak antolatzea. Noski, indarrean dagoen araudia zorrotz betez. Espero dugu bermeotarrak kontzertu hauetara hurbiltzea eta asko disfrutatzea”, esan Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak.