Bizitzak aldatzera etorri zen gaitza
Orain dela urtebete ailegatu zen mundua hankaz gora jarriko zuen pandemia. Haren eragina epe laburrean kontrolpean egongo zela uste arren, oraindik ez du etenik.

Urtebete bete da COVID-19 pandemia guztion bizitza aldatzera etorri zenetik. Lehen kasuak Txinan agertu ziren, eta begiradak Asiako lurraldean finkatuta zeuden bitartean, pandemia kasuz kasu zabaltzen joan zen munduan zehar, neurri barik. Osasunaren Mundu Erakundeak koronabirus berria pandemia bat zela adierazi zuen, eta COVID-19 izena jarri zioten.
Otsailaren 26an oraindik ez zegoen kasu bat ere egiaztatuta Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, baina hurrengo egun eta asteetan bikoizten hasi ziren gaixoak. Martxoaren 4an hil zen COVID-19agaz kutsatutako lehenengo gaixoa, 82 urteko gizona, eta martxoaren 10ean jada 197 koronabirus kasu erregistratu ziren hiru lurraldeetan, horietatik 72 ospitaleratuta zeuden, eta hildakoen kopurua 6 lagunekoa zen. Egunez egun joerak okerrerantz jarraitu zuen, kutsatuen eta hildakoen kopuruak gorantz jarraitzen zuten kontrolik barik. Antzerako egoera bizi zuten Espainiako estatuko lurraldeetan ere.
Hala, martxoaren 14an, pandemiaren zabalkundeari eutsi nahirik, alarma egoera ezarri zuen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak.
Ordutik, pandemia urte bat bizi izan da, hildakoen kopuru handia, alarma egoerak, etxeratzea, konfinamendu asteak, ZIUak gainezka, murrizketak, ekonomiaren gainbehera, aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteak, enplegua galdu dutenak edo lehen lerroan lan egin duten pertsonen bizipen gogorrak eta errealitate gordinak ikusi ahal izan dira. Balkoiak eta esker oneko txaloak izan ziren lehen protagonistak, kutsatuen zifrak eta neurriak ondoren, eta txertoak izan dira azkenak, baina batez ere ziurgabetasuna izan da denbora guzti honetan nagusi.
Azken datuen arabera, 2,6 milioi pertsona baino gehiago hil dira koronabirus berriaren ondorioz munduan (118 milioi kasu erregistratu), AEBetan gehien (529.000 hildako eta 29,2 milloi kasu). Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 3.817 izan dira hildakoak eta 154.224 kasu erregistratu dituzte. Osasun publikoko larrialdi global hori erronka handia izan da osasun agintarientzat eta gizarte osoarentzat.
Txertoaren zain
Iñigo Urkullu lehendakariak ere urtebeteko pandemiaren balantzea egin du, eta izan dituzten egoera zail batzuei aurre egiteko ez zeudela prest onartu du: «Onartzen dugu aurrez aurre izan ditugun zailtasun egoera eta aurreikusi ezin zitezkeen egoera batzuetarako ez geundela prest. Saio eta hutsegite bidezko metodoan oinarrituta jardun dugu». Etengabeko arazoen egoeraren aurrean, Osasun Sailak eta Osakidetzak «egokitzeko gaitasun handia eta beren baliabideekin erantzuteko gaitasuna» erakutsi dutela gaineratu du.
Egoerak hoberantz eta okerrerantz egin du, deseskalatzeak egin dira, eta olatu berriak ailegatu; oraingoa hirugarren kutsatze bolada izango litzateke. Espiral dramatikoa da, baina badirudi amaiera ikusten zaiola txertoekin.
2020ko abenduan jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzak txertaketa kanpaina Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabarako. Egoitzetakoak, adinekoak eta lehen lerroan lan egiten dutenak izan dira lehenengoak txertoak hartzen, eta hezkuntza arlokoak txertatzeko hitzorduak ematen aritu da Osakidetza aste honetan.
Horrez gain, Osakidetzak adinekoen txertaketagaz jarraitzen du. 90 urtetik gorako 23.491 pertsonak jaso dute txertoa, horietatik 1.568 lagunek etxean. 80 urte baino gehiagokoetara jaitsiko da adin tartea, biztanleriaren immunizazioagaz aurrera jarraitzeko. Kolektibo horretakoei telefonoz deituko die Osakidetzak, hitzordua eskatu eta dosia zelan eta noiz emango dieten zehazteko.
Bestalde, Astra Zeneca 55 urtetik gorakoei emateko aukerarik dagoen aztertzen ari dira, eta Bruselak argi berdea eman dio Janssenen txertoari. Txerto horrek baditu abantaila batzuk: edozein hozkailutan gorde daiteke eta dosi bakarra behar du. Lehen dosiak apirilean ailegatuko lirateke eta txertaketa erritmoa bizkortuko lukeela uste dute. 18 urtetik gorakoei ezarri daiteke.
Egoera nabarmen hobetu da, baina iragarpena zalantzazkoa da. Hori dela eta, neurri batzuk arindu dituzten arren –hiru lurraldeen arteko mugikortasuna baimendu dute–, zuhur jokatzeko erabakia hartu du Jaurlaritzak. Labiren aholku batzordeak esan du «zuhurrena» dela neurriak luzatzea, harik eta egoera epidemiologikoa «egonkorragoa eta ziurtasun handiagokoa» izan arte. Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, «oraindik ez da deseskaladarako unea; orain kontu handiz ibiltzeko unea da». Une kritikoan gaude, eta datozen asteotako bilakaera erabakigarria izango da». Erlaxazioa areagotu denean, iazko udan edo abenduan gertatu modura, ondorioak bizi izan direla gogora ekarri du Urkulluk, momentu honetan Bizi Berri III. Planaren Transmizio Tentsionatuko 3. mailan gaudela azalduz. «Oraindik ere 100.000 biztanleko 225 kasutan gaude». Hori dela eta, Aste Santuari begiratzea baino hobe dela erantzukizunez jokatu eta epe ertain edo luzeragora begiratzea esan du lehendakariak.
Eusko Jaurlaritza pozik agertu da eguaztenean egin zuten lurralde arteko bilerako erabakiekin. Aste Santura eta San Jose zubira begirako neurriak zehaztu zituzten bertan. Neurri gehienak indarrean daude, baina neurri horiek murrizteko aukera izango du Jaurlaritzak. Badirudi hori dutela asmoa, baina Labiren martxoaren 26ko bilerari itxaron beharko zaio horren berri izateko. Aldaketa bakarra aurreikusten da, etxebizitzetako eta espazio pribatuetako bilerak bizikideetara mugatzea.